KRITIKA. Artea

Begiradak

Marilyn obrako zapata parea zilar koloreko kazolekin osatua du Joana Vasconcelosek. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
2018ko irailaren 25a
00:00
Entzun

'Joana Vasconcelos. Zure ispilua naiz'



Non: Guggenheim Bilbao Museoan. Noiz arte: Azaroaren 11ra arte.

Ekain amaieratik ikusgai dira Bilboko Guggenheim museoan Joana Vasconcelos artista gaztearen artelanak. Petra Joos eta Enrique Juncosa arte komisarioen eskutik, 1971. urtean Parisen jaiotako artistaren 30 lan bildu ditu museoak, 1990eko hamarkada amaieratik gaur egunera bitartean sortutakoak. Erakusketan aurkezten diren lanak ardatz beraren inguruan —feminismoa— eraiki direla esan dezakegun arren, oinarrizko gai horren inguruan era berean oso garrantzitsuak diren bestelako kontzeptu batzuk aurkezten dira —gizartea, giza eskubideak edo identitatea—, guztiak umore eta bitasun begirada koloretsu eta ikusgarri baten bitartez bilduak.

Artearen izaera eta objektuen poetikaren gogoeta bat planteatzen du Vasconcelosek; besteak beste, plastikozko mahai-tresna, telefono, botila, sukaldeko tresna edo automobilen pieza ezberdinen bitartez objektu berri bihurtzen diren objektuekin lan eginez. Ebidentzia poetiko baten emaitzak direla esan dezakegu, edertasuna eta emozioen barruan kontsumismoa, emakumeak gizartean betetzen duen papera edo gizarte globalizatuekin orokorrean zuzenki lotzen diren arazoak gordetzen direla, artistak horretarako sortzen dituen dimentsio handiko eskulturen bitartez.

Nolabaiteko indarkeria antzematen da Vasconcelosen lanean, objektuek euren handitasunean erakusketako espazioa hartu izan balute bezala. Apropiazioaren adibide garbiena museoaren atrioan aurkitzen da. Bertan, erakusketarako espresuki sortu den Egeria aurkezten zaigu, kakorratz-lanaren bitartez sorturiko 8 besoko izaki erraldoia. Walkiriak seriearen —eskandinaviar mitologiatik harturiko izena— elementu berri bat da lan hori, eta, kasu zehatz honetan, IV. mendeko emakume bidaiari eta idazlearen omenez eraikia da. Kakorratz-lana, garai batean, emakumeen adierazpide bakanetako bat izan zen, eta prozesu horren erabilerak sinbologia indartsua du forma borobilduez osaturiko bi tonako eskultura honetan.Eraikinaren barruan zabaltzen ari den gizaki honek emakumeek museoan egindako okupazioaren metafora adierazten du.

Oinarrizko elementuaren eta osotasunaren arteko joko hau Vasconcelosen sormen prozesuaren oinarrietako bat da; argi dago. Objektu edo prozesuen sinbologiaz baliatzen da kontzeptualismoaren barruan koka ditzakegun artelanak sortzeko. Bide horretatik eraikitzen dira erakusketako artelan gehienak. Horien artean aipagarrienak, Andregaia, Marilyn, Call Center,Solitarioa edo erakusketari izena ematen dion I'll Be Your Mirror.

Andregaia lana artistaren lehen garaikoa da —2001-2005 urte artean sortua izan zen—. Vasconcelosek femeninotasunaren nortasunaren inguruko gogoetak landu zituen 1990eko hamarkada amaieran hasi eta mende honetako lehen hamarkadan. Andregaia garai horren adibidea da. Ehunka tanpoi erabiliz, sabaitik zintzilikatzen den lanpara erraldoi bat eraiki zuen artistak, eta 2005eko Veneziako biurtekoan aurkeztu zuen pieza ikusgarri hori.

Lan berrien artean daude, besteak beste, azken hamarkadako Marilyn (2011) eta Call Center (2014-2016). Emakumearen identitatearen inguruko gogoeta pizten du lehenak. Sukaldeko kazola distiratsuen bitartez sortutako zapata takoidun erraldoiak dira. Bigarren lana, berriz, musika pieza bat errepikatzen duen bakelitazko telefonoekin osatutako pistolatzarra da. Gaur egungo komunikazioak gordetzen duen indarkeria irudikatzen du. Jonas Runa musikariak sortua da sinfonia, telefonoen tinbreak erabiliz.

Lan berrien artean daude, baita ere, Solitarioa eta I'll Be Your Mirror lanak. Bi horiek, aipatutako Egeria lanarekin batera, erakusketa honetarako bereziki eginak izan dira. Solitarioa lana museo kanpoaldean kokatu dute, atzealdera ematen duen espazioan. Bertan, automobil gurpilen hagunen eta whiskitarako edalontzien bitartez eraikitako eraztun erraldoi bat ikus dezakegu; forma horren barruan emakumezkoen nahiz gizonezkoen desioaren sinbolo estereotipatuak gordetzen dira: diamanteak eta luxuzko beribilak.

Objektuen sinbologia eta esanahiaren bitarikotasuna behin eta berriz errepikatzen da erakusketan zehar. I'll Be Your Mirror lana ez da salbuespen bat. Hainbat ispilu lerro ezberdinetan kokatuz, dimentsio handiko Veneziako maskara bat eraikitzen du artistak lan horretan. Begirada bikoitza fisikoki planteatzen da eskultura horren bitartez, irudia edo identitatea gordetzeko egina den objektua errealitatea eta geure burua islatzeko objektuen bitartez eraikitzen baita. Fisikoki, espazioan bertan ere, begirada bikoitza ematen da. Guztiak dauka esanahi bikoitz bat, begiradak aurkitu beharrekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.