KRITIKA. Artea

Irudien hitzak

Gema Intxaustiren erakusketako lanetako bat. JUANAN RUIZ / FOKU.
2020ko martxoaren 10a
00:00
Entzun

Gema Intxausti



Non: Gasteizko Artium museoan. Noiz arte: Irailaren 20ra arte.

Gema Intxausti. Jendetzaren artean atxiloketa behatzen artista gernikarraren formatu handiko lehenengo bakarkako mostra dugu, Artiumen kokatua zehazki. Intxaustik azkeneko hamarkadan landutako hausnarketa prozesuan murgilduko gaituzte Gasteizko museoko murruek. Hots, aurreko hamarkadetako hainbat pieza topatuko baditugu ere, artelan garaikideenek ehunduko dute erakusketaren gidoia.

Egunerokotasuneko objektuak eta materialak beren jatorrizko zereginetatik aterata, esanahi eta izaera berritu bat ematen die artistak. Alabaina, oraingoan, testua izanen da erakusketaren nortasuna zehaztuko duena, artistaren eskultura eta irudiaren desmaterializazioa bideratzen duena, hein handi batean. Gidoiak, pankartak, marrazkiak, testuak, liburuak... gaztelaniaz, ingelesez eta euskaraz idatziak. Bada, euskarriotan plazaratutako gogoetak bideratzeko, artistak zineman, literaturan eta artean jatorri duten hamaika erreferentzia eskaintzen dizkigu: William Shakespeare, Andy Warhol, Pier Paolo Pasolini, Janet Frame, Sylvia Plath, Alfred Hitchock...

Intxaustik zinemarekin duen harreman estua igortzen dute mostrako lehenengo espazioa betetzen duten argazkiek. Paretan eskegitako eszenak, bata bestearen ondoan. Besteak beste, Berlin, Londres eta Bilboko fotomatoietan ateratako irudiak aurkezten dizkigu artistak. Irudioi erreparatzean ezinezkoa da horien berezitasunaz ez ohartzea. Argazki bera behin eta berriz errepikatzen dela dirudi, baina batetik bestera ñabardura txikiak antzematen dira, bata bestearen lokarri baita, etafilm sekuentzia baten itxura hartzen du serieak. Fotomatoiak bideratzen duen bat-batekotasunaz eta zoriaz baliatuz, artistak, makinak ahalbidetzen dituen lau argazkien bitartez, istorioak eta mezuak konposatzen ditu. Godard-en urtebetetzearen ospakizuna; ezezagun baten eskuen artean desagertzen den txanpona; Andy Warhol eta Piero Manzoniren potoen kontrajartzea.

Argazki ñimiño horiekin kontrastean, hondoko murrua betetzen duten letra larriek «Something smells like Denmark (Zerbaitek Danimarka bezala usaintzen du» esaten digute, eta Shakespeareren Hamleti erreferentzia eginez egungo gizartearen ustelkeria salatzen dute. Eta, era berean, idazle ingelesaren lanak planteatzen duen moduan, erotasunaren eta zuhurtasunaren arteko mugak kolokan jartzera bultzatzen gaituzte letra erraldoiek. Hurrengo gelan topatuko dugun Ofelia piezarekin harreman zuzena dute pareta betetzen duten hitz desorekatu horiek. Ustelkeriari, heriotzari eta erotasunari lotutako kontzeptuak biltzen dituidulki batean goratutako objektu kiribilak, eta gainean zelo itsasgarriz eginiko O letra hornitzen du.

Idulkietan goratutako piezen inguruan, paragrafotan egituratutako kontakizunak «Who do you think you are? (Zein uste duzu zarela?)» galdetzen dio publikoari. Bertan, bidaiaren ideiatik abiatzen den hitzaren eta irudiaren arteko elkarrizketak norbanakoaren nortasuna egituratzen duten egunerokotasuneko gertakizunak biltzen ditu. Markoetan bildutako orriek gelaren murruak inguratzen dituzte. Irakurgai horien ahotsek Intxaustiren aitak AEBetan izandako bizipenak eta artistak berak Londresen bizi izandako esperientziak kontatzen dizkigute, eta patroi berdinei jarraitu dietela erakusten digute horrela. Zeintzuk izan dira bizitzan jarraitu izandako patroiak?

Paragrafoz konposatutako orrien txikitasunarekin kontrastean, kartelek goitik behera eta behetik gora betetzen dituzte museoko hurrengo gelak. Esaldien bitartez geure buruan irudiak egituratzeko gonbita egiten dute horiek. Pier Paolo Pasolinik jasotako isun eta auziak biltzen dituzte espazioetako batean, haren heriotzaren ondorioz bertan behera geratu zirenak, alegia. Alfred Hitchocken agerraldiak deskribatzen dituzten hamarnaka kartelen artean, irudirik gabeko gertakizunen ikusle bihurtzen da publikoa, museoko gelatik filmeko eszenetara eramaten baikaituzte horiek. Eszena horietara eramanez, zuzendariaren filmek bideratutako hausnarketak azaleratzen dira, errua, handinahikeria, eta ongiaren eta gaizkiaren arteko mugak, besteak beste.

Azkeneko espazioan bertan barneratzean deigarria da On Previous Works izeneko serie zabalak sortzen duen talka. Izan ere, hasiera batean zuri mantentzen diren kartel mordo horietara gerturatzean, arkatzez idatzitako nolabaiteko fitxa teknikoak direla antzematen baita. Horietan Intxaustik sortze prozesuetan planteatutako gogoetak, artelanen ezaugarriak eta horiekin sortu nahi dituen sentsazioak biltzen dira. Berriz ere, testua bitartekari izanik, irudiak sortzen dira geure buruan.

Mostran landutako hausnarketek ahozkotasunaren, kontakizunen egituratzearen, hitzaren eta irudiaren arteko uztartzea bideratzen dute. Bada, erakusketa borobilduz, aurreko gelen estetika mantentzen delarik, kartelez josia dagoen azkeneko gelak Intxaustiren lanean hitzaren presentziak irudia gainditu duela baieztatzen du, eta hitzek irudien ñabardurak utziko dizkigute gelaz gela murgildu ahala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.