HILBERRIA. Dario Villalba

Argazkiaren eta margoaren bidegurutzea

BERRIA

Gorka Erostarbe Leunda -

2018ko ekainak 19
Pintorea eta fotografoa zen. Edo fotografoa eta pintorea. Eta, hala, irudi fotografikoa materia piktoriko, eta alderantziz, margolanak lehengai fotografiko bilakatu zituen belaunaldi nahiz mugimendu abangoardistako kide izan zen Dario Villalba sortzailea XX. mendeko bigarren erditik aurrera. Sigmar Polke eta Gerhard Richter alemaniarrekin batera aitzindaria izan zen bi adierazpideen gurutzaketan. Ekainaren 17an zendu zen Villalba, Madrilen, 79 urte zituela. Donostiako Antigua auzoan jaio zen 1939an, baina gazterik joan zen Madrilera, eta han egin zuen bizitzaren zatirik handiena, baita sortzaile moduko jardunbidea ere.

Edonola den, bai Donostian eta bai Euskal Herrian jasotako babesarekiko esker ona agertu izan zuen, esaterako, 2001ean, Kubokutxa aretoak atzerabegirakoa eskaini zionean: «Babesa baino ez dut jaso hemen, euskal artista gisa berreskuratu nahi izan nautenean, adibidez. Zoriontsua naiz hemen, halako areto batek soilik berreskuratu nahi izan baitu nire obra».

Dario Villalbaren lanak Europako 1960ko hamarkadako abangoardien testuinguruan hartu zuen forma eta sakontasuna, baina betiere kontrakarrean arituz. Espainiako El Paso taldearen eta loratzen ari zen Europako pop mugimenduaren abaroan hasi zen bide egiten Villalba. Unibertso eta lengoaia propio baten bilaketan, modetatik harago joateko joera bere eginez, «mugetako pertsonaiak» lantzen zituen argazkilaritzaren teknika xixta modura baliatuz, eta ondoren margolanetara eramanez, «deskarga mingarri» modura. Heriotza, mina, sexua eta ura izan ziren bere obrako kontzeptu / parametro nagusiak. Lan ildo horretan sostengu hartuta, Sao Pauloko Bienalean Pintura saria eskuratu zuen 1973an, eta Espainiako Arte Ederren Sari Nazionala eman zioten hamar urte geroago, 1983an, hain zuzen ere.

Pintura lantzea 1956an erabaki zuen Villalbak, Zuzenbidea eta Filosofia eta Letrak Madrilen ikasi ostean. 1957an egin zuen lehen erakusketa Madrilgo Alfil aretoan, eta azken bizpahiru hamarkadetan bere obrak Europa nahiz Amerikako Estatu Batuetako bilduma pribatu eta publiko entzutetsuenetako parte dira. Lengoaia poetikoak gidaturik egin izan ditu bere lanik aipagarrienak: formatu handiko hiru koadroz osaturiko La expulsión del paraíso poliptikoa, Atrapado. Efigie. Atrapado invertido, eta 324 koadro txikiz osaturiko Calavera y palmas frisoa dira bere altxorretako hiru.

Madrilgo Arco Arte Garaikideko Nazioarteko Azokan parte hartu zuen aurrenekoz 1984an, eta New Yorkeko Moma Arte Garaikideko Museoaren berrirekitzean erakusketan ere bai.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna