KRITIKA. Artea

Beste irakurketak

Sanchez-Ubiria bildumako Ideia zeinu batean erakusketa. JON URBE / FOKU.
2018ko abenduaren 4a
00:00
Entzun

'Ideia zeinu batean. Sanchez-Ubiria bilduma'.

Non: DonostiakoKubo-Kutxa aretoan.Noiz arte: urtarrilaren 20ra arte.

Alcobendasen (Madril, Espainia) aurkeztu ondoren, Alejandro Castañeda arte komisarioaren eskutik, Donostiara datorkigu arte afrikarra eta Mendebaldeko arte garaikidearen arteko lotura aurkezten duen Ideia zeinu batean. Sanchez-Ubiria bilduma. Margarita Sanchezek eta Sebastian Ubiriak (azken hori donostiarra da) sortutako bildumaren 170 lan aurkezten zaizkigu han: arte afrikarraren eremuan kokatzen diren 93 artelan eta arte garaikidearen eremuko 77 artelan. Alcobendasen aurkeztu zen erakusketaren bertsio eraberritua eta hedatua da, bildumako euskal artistak ere batu baitira, tartean Iñaki Gracenea, Jose Ramon Amondarain eta Cristina Iglesias.

Bildumagile bikote horrek 80ko hamarkadan hasi zuen arte afrikarraren bilduma, eta arte garaikidearen bilduma, berriz, 90eko hamarkadaren erdialdera. Biak batuz, 500 lan baino gehiago biltzen dituen bilduma bat sortu dute. Erakusketaren izenburua Levi-Strauss antropologoak idatzitako La pensée sauvage liburuan sortutako gogoeta batetik dator. Egileak artearen historiako bi alor horiek erlazionatzen ditu, bildumaren bi multzoen arteko ezinbesteko lotura bat sortuz, eta, era berean, kolonialismo prozesuen inguruko irakurketa kritiko bat planteatuz.

Hala, jatorri, kultura eta garai ezberdinetako artelanekin gozatzeko aukera ematen du erakusketak, beraien arteko lotura eta harreman ezberdinak aurkeztuz edo iradokiz: gaia, formak, materialak eta abar. Sei ataletan banatzen den ibilbide bat proposatzen du; alde batetik, Afrikako hainbat herrialdetako kulturek sortutako artelanak daude (besteak beste, Gabon, Ghana, Mali, Nigeria, Boli Kosta, Tanzania, Hego-Afrika, Burkina Faso eta Beninekoak), eta arte garaikidearen eremuan kokatzen den artista multzo zabal baten lanekin gurutzatzen dira horiek (horien artean aipagarrienak Bruce Nauman, Angela de La Cruz, Gordon Matta-Clarck, Antoni Tapies, Wolf Vostel, Richard Deacon eta Robert Mapplethorpe dira).

Oinarri aberats horrekin, ibilbideko lehen bi ataletan erakusketak orokorrean planteatzen duen gogoeta eraikitzen da: Afrikako eta Ozeaniako kulturek Mendebaldeko artearen tradizio errenazentistaren eraldaketan izan zuten eragina. Kontakizunaren barruan, hemen barneratzen da bricoleur hitza. Termino hori Levi-Straussen ikerketekin harremantzen da, eta artista aurretiko planik gabe momentuan eskura duenarekin eta ohiko bideak erabili gabe sortzen duen pertsonarekin alderatzen du. Mugimendu hori XX. mende hasieran hasi zen, abangoardietako artistek kultura horien eragina jaso zutenean, pentsamendu zientifikoari aurre eginez eta pentsamendu basatirantz hurbilduz.

Hirugarren atalak xamanismoaren edo magiaren ideiarekin du lotura, artista modernoek arte primitibotik jaso zituzten ideia eta kontzeptu ezberdinak aldarrikatuz. Sormen prozesuak eta prozesu erritualak parekatzen dira espazio horretan. Laugarren espazioak, ezberdina izan arren, aurrekoarekin lotura handia du, fetitxean oinarritzen baita. Areto horretan, Bruce Naumanen Setting a good corner artelana ikus daiteke. Bideo lan horren grabaketak irauten duen 55 minutuetan, Nauman bera ikusten da hesi bat eraikitzen. Fetitxearekin baino gehiago, agian, errituarekin harremantzen da ekintza. Ibilbideko bosgarren atalak aldaketa bat dakar, eta hark egiten du kolonialismoarekiko kritikarik zuzenena. Han aurkezten diren pieza ezberdinek bitxikerien kabinete bat eraikitzen dute, menderatutakoen eta menperatzaileen arteko harremanaren irakurketa argi bat zabalduz. Aurkitzailea eta aurkitutakoa, artea ala bitxikeria, agian soilik beste erakusketa bat antolatzeko oinarri egokia izango litzateke. Ibilbidea ixten duen azken atalak, seigarrenak, gorputza du ardatz nagusi, feminitatearen eta maskulinotasunaren arteko jokoa.

Kontakizunaren barruan, esan bezala, bada kolonialismoaren inguruko irakurketa paralelo bat, eta irakurketa horri jarraituz, beste gogoeta batzuk pitz daitezke, kasu honetan arte garaikideari buruzkoak. Kolonizatze mugimendu horretan, afrikarrak konturatu ziren euren artelanek kanpokoentzat balioa zutela. Hori dela eta, artelanak arrazoi ekonomiko soilengatik eraikitzen hasi zirenean, objektu horiek oinarrian zuten zentzua guztiz galdu zuten.

Gertaera hori, ekonomiak baldintzatua (objektuaren balio materiala, ez sinbolikoa), analogia aproposa izan daiteke gaur egungo artearen munduaren irakurketa bat egiteko. Zeren eta zein da gaur egungo arte sorkuntzaren arrazoia? Eta zer eragin daukate gizarte kapitalistak eta merkatuak orokorrean sormen prozesuetan eta horiei eusten dieten sareetan?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.