KRITIKA. Artea

Emakumeen espazio liturgikoa

Celia Eslava aristaren erakusketako irudi bat. IÑIGO URIZ/ FOKU.
2020ko urriaren 27a
00:00
Entzun

'Develare'

Artista: Celia Eslava. Non: Iruñean, Nafarroako Museoan. Noiz arte: 2021eko martxoaren 14ra arte.

Iruñetik nenbilela, Nafarroako Museora gerturatu nintzen Celia Eslavaren mostra bisitatzeko helburuarekin. Eraikinera hurbildu ahala, deigarriak iruditu zitzaizkidan bertako erakusketen berri ematen duten fatxadako kartelak: Isabel Bakedano museoko atarian; Lydia Anozen erakusketa txikia azken plantan; eta Celia Eslavaren Develare kaperan. Hiru artistari eskainitako hiru mostra, hain zuzen. Egia da artista bakoitzaren adierazpen artistikoak aurkezteko erak ezberdinak direla; Lydia Anozen eta Isabel Bakedanoren kasuan, komisarioen bitartekaritzak sortu du mostraren diskurtsoa, eta, aldiz, Celia Eslava izan da bere erakusketa proiektuaren egilea. Alabaina, zenbait museotan ez bezala, artistak ez dira inolaz ere gonbidatuak, Nafarroako Museoak bereganatu duen diskurtsoaren parte baizik.

Zeri egiten diote men mostrek? Artisten lanari, edo emakume artistaren figurari? Lydia Anoz historiografia patriarkalak mapatik ezabatu duen artista dela kontuan hartuta, bere figura berreskuratzeko erakusketa eredua dela ondorioztatu daiteke. Eta, Isabel Bakedanoren kasuan, nahiz eta mostra era kaotikoagoan egituratu, berdin. Celia Eslavaren egituratzea bestelakoa da, artista bera mostraren antolaketaren partaide izan denez, bere lanak espazioarekin bat egiten duelako guztiz; eta bat egite honetatik abiatuta diskurtso osotu bat sortzen du.

Izan ere, espazioarekin erlazionatzeko helburuarekin sortu ditu Eslavak berak aurkeztutako hainbat lan, eta horiek eta biltzen dituen XVI. mendeko kaperaren arteko sinbiosia bultzatu du. Horra hor erakusketa aretoan barneratzean sortzen den talka. Tradizionalki artisautzarekin, askotan emakumeen jarduerekin, lotutako euskarriek, kanon artistiko klasikoarekin lotutako pinturak urratzen baitituzte. Halaber, ezohiko eszena horrek espazioaren irakurketa berria egitera gonbidatzen gaitu, iruditeria berri bat eskaintzen baitio bertaratzen den orori.

Oihal hegalariak, portzelanaz egindako gorputz zatiak, sabairantz igotzen diren eskailera bigunak... Erretaula barroko mardulen artean zintzilik, harlandu zabaletan eskegita, edota zoruan kokatuak. Ez dira espazio liturgikoetan aurkezten diren ohiko objektuak, ez, baina erakusketaren kontakizuna ehunduko dute. Liturgia katolikotik aldendu, eta, hein batean, ezkutuko liturgia baten istorioak biltzen dituzte espazioa moldatzen dute artelanok. Alegia, pintura eta eskultura gauzatzeko materialak bestelakoak dira: finak, hauskorrak, bigunak... Kaperan kutsu mistikoa mantentzen da, baina, oraingoan, mistikotasuna emakumeen esperientzien sustraietatik abiatzen da. Handitasunarekin lotutako adierazpenak desagertzen dira honela.

Xumeak, soilak eta kolore bakarrekoak dira lanok: zuriak. Ezkutuko ekintzak publiko bihurtzen dituzte sarrerako koadro geometrikoek, esaterako. Mihiseek ez dituzte pinturak bilduko; aitzitik, euskarriaren fisionomia eraldatzen duten kotoizko hariak agertuko zaizkigu. Eta, beraz, ehunok adierazpen artistikoen hierarkia androzentrikoa urratzen dute.

Besteak beste, keinu txikietan errotutako piezek hartzen dute geure ikus-eremua; zeramikaz eginiko hamarnaka zatitxok, esaterako, bata bestearen alboan kokatuta, lagin arkeologikoak izango balira bezala. Gorputz atalak dira, emakume ezezagunen gorputz atalak: ahoak, lepoak, esku bat... eta, bat-batean, II. mendeko jainko erromatar baten bustoa ikus daiteke. Denbora tarte luzea dago zeramikaz egindako zatien eta marmolez egituratutako irudiaren artean; haatik, lanek gogorarazten digute artearen historian behin eta berriz errepikatu izan direla emakumeen irudiak, mendeek aurrera egin ahala.

Alabaina, non daude testigantzak, istorioak eta esperientziak? Interesgarri suertatzen zait ezezagutza hori inguruan aurkezten diren kutxa zurien edukiarekin lotzea. Lihozko kutxen edota kutsu guztiz transzendentea igortzen duen harzurizko kutxaren barrua ez baitugu ezagutzen.

Hari honetatik tiraka, ahots mutuei soinua ematen die Celia Eslava artistak. Tradizio patriarkaletik at, emakumetasunarekin lotutako esperientziak biltzen baitituzte haren obrek, gorputzik gabeko gorputz ahantzi ikusezinei moldeak, kontakizunak eta ezkutuko mitologia bat eskainiz. Irudiak mantendu badira ere, emakumeen bizipenen testigantzek ahanztura tratamendu bera pairatu dute. Antzinako emakumeen esperientzia galduak izanen al dira inoiz irekiko ez ditugun kutxek gordetzen dutena?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.