KRITIKA. Artea

Soinua ez da isiltzen

Elssie Ansareoren hainbat lan daude ikusgai Bilboko Marzana espazioko erakusketan.
Elssie Ansareoren hainbat lan daude ikusgai Bilboko Marzana espazioko erakusketan. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Garazi Ansa -

2019ko maiatzak 28

Elssie Ansareo. 'Tu nombre está seguro en mi boca'

Non: Marzana espazioa, Bilbo. Noiz arte: Ekainaren 7ra arte.

Tak, tak, tak, tak, tak... aretoko isiltasunean, hango irudiak tentuz, banan-banan, detaile guztiak begietatik barrena sartu eta alerik ere ez galtzeko asmotan nintzela, etengabeko soinua entzuten nuen. Erritmo zehatzekoa, itogin baten gisakoa, atzerako kontua zirudien, erakusketaren soinu bandaren antzekoa, bat-batean isildu eta hil den arte. Bizitzaren erritmoa izan zitekeen, haren metafora. Horrelako kasualitateak atsegin ditut; erakusketa bateko esperientzia bakarra egiten dutenak dira, espaziora bertara artelanak ikustera joatearen garrantzia eta ordenagailuaren pantailan ikustearekiko ezberdintasuna azpimarratzen duten eta itxuraz hutsalak diruditen detailetxoak dira. Artelanak eta instalazioak irakurtzeko bestelako gakoak ematen dituzte, eta, bat-batean, gutxien espero den momentuan, errealitatearen eta fikzioaren arteko harmoniak sorrarazten dituzte; ikuslearen, bere uneko momentuaren eta aurrez aurre ikusten ari den artelanaren artekoak, alegia.

Tak, tak, tak, tak, tak... irudi ezberdinak ditut begien aurrean, horman barreiaturik, mosaiko antzekoa sortzen dutela. A3 tamainakoak-edo izango dira, bertatik bertara ikusteko erosoak, eta horretarako gonbita egiten dutenak. Pausoak aurrera eman ditut, hortaz, eta urrunetik ordenarik gabeko mosaikoa zirudienak bertaratzean zentzua hartzeari ekin dio. Tak, tak, tak, tak... eszenaratzea dago, lehenik. Paisaiak dira. Hiriak, herriak edo basoak gehienak. Egunez ateratakoak zenbait, eta, besteak berriz, gauezkoak; gehienak, ordea, bien arteko trantsizio uneak dira: ilunabarrak eta egunsentiak. Kolore urdin, laranja, arrosa eta more saturatu eta indartsuak kontra-argiaren bidez sortutako silueta beltzen artetik irteten direlarik, liluragarriak dira. Misterioz betetako eszenaratzeak dira guztiak. Eszenaratze isilak, baina egonezina sorrarazten dutenak. Agian, irudien gehiegizko isiltasuna da horien kausa; autoak eta hiri barruko irudiak diren arren, haietan hirietako ohiko iskanbilarik sumatzen ez delako; agian, biziguneen eszenaratzeak izanik ere, bizitasunaren adierazle diren soinuak aditzen ez direlako. Tak, tak, tak, tak...

Isiltasun egongaitza gero eta nabariagoa da, in crescendo doa, in crescendo rossinianoan: pausatua baita, motela, baina geldigaitza. Etxeak agertzen dira, etxe abandonatuak, itxitako auzoak, auzo abandonatuak, langile auzoak, adreiluzko etxez osatuak. Itxiak guztiak, edo gehienak, behintzat. Herri abandonatuak, herri fantasmak, guztien onerako aitzakian beren etxea uztera obligatutako familiez ere badakigu zerbait hemen. Baita hildako herri horietan erresistentzia eginez oraindik ere bizi apurra bistaratzen duten horiez ere. Hiritar abandonatuak, hiritar fantasmak. Ez dute aurpegirik, edozein izan daitezke, zu, edo ni; maindirez babesturik agertzen dira, burutik oinetaraino ikusgarritasunak dakarren kontrola ekiditeko agian, edo ikuslearekiko identifikazioa zuzenagoa izan dadin, unibertsala. Ikuslearen eta argazkien arteko konexioa, lotura, erabatekoa da. Honetan, dudarik gabe, artelanek eduki ohi dituzten beirazko estalki babesleak ez izateak ere asko laguntzen du. Ezohiko gertutasuna da.

Narrazio honetako protagonistak dira mamuak, lehen hormako mosaikotik atera, eta erakusketako gainontzeko hormetara ere jauzi egin dutenak. Horietan, bada beste argazki bat, beste irudi bat; hor ere bi gorputz handi ezberdintzen dira; ez, ordea, hezur-haragizkoak, hormigoi hotz grisezkoak baizik. Herriak hustea hiritarrak mamu bilakatzearen kausa dira. Kea dariola ageri da bat, itzalirik bestea.

Bizidunaren eta bizigabearen, heriotzaren eta bizitzaren arteko kulunkan gabiltza ikusleok Elssie Ansareok Marzana galerian aurkeztutako Tu nombre está seguro en mi boca erakusketan. Balantza batzuetan alde batera doa, bestera besteetan, oreka puntuak ere tarteka agertuz, sarrerako hormako lehen konposizio bikainean bezala, adibidez. Oihalez estalitako mamuak loreen bizitasunaren eta hilezkortasunaren edo heriotzaren artean kokaturik daude, trantsizio egoera batean; agian beren egoera naturala da, heriotzaren eta bizitzaren arteko mugetan.

Denbora bat-batean gelditu egiten den erakusketa horietakoa da, argazkien kalitateak eta perfekzioak haietan barneratzen zaituena, horko eszenaratzeen partaide sentiarazi, eta ikuslea bera ere mamu bilakatzen duena. Hor ikusten dena Herbehereetako herriren bat omen da, baina Euskal Herria ere izan zitekeen.

Tak, tak, tak... soinua ez da isiltzen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna