KRITIKA. Artea

Bueltan gara

2019ko azaroaren 12a
00:00
Entzun

Jesse Jones. 'Dar-dar'

Non: Bilboko Guggenheim museoan. Noiz arte: 2020ko martxoaren 1era bitarte.

Joan ikustera! Ikaragarria da!» oihukatzeko ezinbesteko bulkada izan dut. Inguruko guztiei bertaratzeko gonbidapena luzatzekoa. Saihestu ezinezkoa izan da. Emozioek gidaturikoa. Euforikoa. Idatzizko kritika serio batean, berriz, inolaz ere onartu ezinezkoa izan litekeen bulkada omen. Berriz ekingo diot, beraz.

Gutxitan atera izan naiz erakusketa areto batetik gorputza goitik beheraino zeharkatu didan sentsazioarekin. Eta hau horietako bat izan da. Jesse Jones artista irlandarrak hasieran Veneziako 57. Biurtekorako bereziki pentsatuta egindako instalazioarekin izan da, kasu honetan, euskal testuingurura egokitu eta Guggenheimen aurkezten dena.

Bi zati nagusitan banatuta dago erakusketa: kanpoaldekoan eta barnealdekoan. Espazialki, baina baita sinbolikoki ere, nolabait. Kanpoaldean aztarnak daude. Beira-arasetan gordeta, erakusgai ipinitako hondakinak. Iraganari loturiko objektuak dirudite, museo etnografikoetan topatzen diren moduko bizi-ekintzen erakusgai. Loturak osatzeko balio dute. Lehen hurbilketa egiteko. Objektuen bidez ekintza horien nolakotasuna ulertzeko. Baina, betiere, kanpoko begirada batetik. Begirada urrun batetik. Argizaiolak daude. Batzuk ohikoak, tradizionalak; besteak, berriz, berriak. Argizariz egindako esku bat, zimurrez beterikoa, haien alboan. Eta triku-azal bat, eta hontz-hankak. Geure iraganaren zati izanik, erabat ulergarri zaizkigu erakusten diren objektuak, gertukoak ere bai, nolabait, baina inolaz ere ez ditugu geure sentitzen, ez ditugu erabiltzen. Beira-arasa fisikoak eta sinbolikoak banatzen gaitu. Antzinako sinesmen eta erritu irrazional horiek atzean utzita, aspaldi ekin baikenion argiaren bideari, aurrerapenari, ezta?

Azken beira-arasari begira nintzela, barnealdetik zetorren soinu aztoragarri bat entzun dut. Eta jendea irteten hasi da. Amaituko zen dena delakoa, eta, beraz, sartzeko ordua iritsi zait, berriz ere abian jarri aurretik. Aretoa beltz zegoen, erabat ilun. Ustezko argitasun guztiak itzali dira, beste argiztatze moduei harrera egiteko. Trantsizio une bat beharrezkoa da; begiek eta gorputzek beste errealitate honetara ohitu behar dute. Misteriotsua da. Zer ari da gertatzen? Non nago? Zeren parte izaten ari naiz? Lehen kanpotik begira baldin bageunden, argi dago barnera jauzi egin dugula oraingoan.

Aretoaren albo banatan luzetara jarritako bi pantaila handiak funtzionatzen hasi dira. Errituari hasiera eman zaio. Hitzak. Gorputza. Argiztapenak. Soinua. Mugimendua. Objektuak. Kea. Aztarnak. Hitzak. Gorputza. Gorputzetik eta gorputzera.

Jonesek instalazioaren bidez lortzen du ikusleak atmosfera berezi batean harrapatzea. Ez da izan inor ere aretora sartu, begirada bat bota, eta atzera berehala irten denik. Alderantziz: aretoa gero eta gehiago betetzen joan da erritua amaitu bitartean. Lucyren hezurrek, harrizko orakuluak eta adats zuri luzezko emakume erraldoi eta adinduaren presentziak dar-dar eginarazten dute. Eta ustezko argitasunetik sortu eta egun ukigaitzat ditugun legeak ere dar-dar batean ipintzen dituzte. Bestelako gizarterik izatea posible izango al litzateke? Behin izan bazen, berriz ere izan liteke... Edo hori sinetsarazten digu emakumeak. Izan liteke.

«Egizue dar-dar, sorginak bueltan dira!», oihukatzen omen zuten 70eko hamarkadako feminista italiarrek, eta, Silvia Federiciren ikerketa lanetan oinarrituta, artistak ere aldarri bera egiten du proposamen honen bidez. Iraultza berri batena. Gizartearen oinarriak aldatzeko beharrarena, bizitza eta gorputza guztiaren erdialdean ipiniz: «In Utera Gigantae» xuxurlatzekoa. Orainaldia bestelako modu batez ulertzeko, mitologia eta historia berriak sortzeko unea iritsi da.

Argiak itzali dira. Errezelak mugitu dituzte. Soinuek aztoragarri izateari utzi diote, eta beso eta eskuen arteko dantza espazial xamanikoa ere amaitu da. Jendeari kosta egiten zaio, ordea, aretoa uztea. Beste pixka bat geldituko nintzateke iluntasunean, argitasun berrian. Pixka bat gehiago. Pentsatzen. Hausnartzen. Legearen eta gorputzaren arteko harremanetan, haien egileetan, honek zuzenean geuregan duen eraginean, eta, zinez, In Utera Gigantae baten beharrean. Alegia, erlazio horien benetako eta errotiko birformulatzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.