KRITIKA. Artea

Jokabide egokia

Zaintza kameren arreta pizten duten giza mugimenduei eskainitako argazki serieko irudi bat. ESTHER HOVERS.
2020ko irailaren 22a
00:00
Entzun

'False positives'

Artista: Esther Hovers. Non: Donostiako Tabakalerako Kutxa Kultur espazioan. Noiz arte: Urriaren 12ra arte.

Tabakalerako Kutxa Kultur espazioan aurkezten den Esther Hovers argazkilari gaztearen erakusketaren izenburua, egun, inoiz baino deigarriagoa suertatzen da: False Positives. Burmuinean detektagailu automatiko bat izango bagenu bezala, argi gorri intermitentea piztu, eta alerta egoera batera garamatza. Egunero, orduero, berrietan, COVID-19ak sortutako positibo kopuruen gorabeherak entzun, eta nahitaez egiten da lotura. Erakusketa aretoan, ordea, osasunari loturiko segurtasun neurriak gogorarazten dituen karteltxoaz gain, tituluaren bidez geure burmuinak sortutako ondorioztapena da haren presentziaren berme bakarra.

Tabakalerako laugarren solairuan, Kutxa Kultur erakusketa espazioa oso xumea da: panel zuri batzuez inguratutako korridore txiki bat, instalaziorako joko gehiegi ematen ez duena, eta bisitariek ia pasaeran bisita dezaketen erakusleihoa dirudiena. Espazio antolaketa aldetik, beraz, gutxi dago aipatzeko; gutxi, interesa izan dezakeenik. Argazkiak handiak dira, eta hauek pegatina moduan daude panel zurietara itsatsirik. Kaleetako hormetan, urez eta kolaz egindako nahasketaz bustitako eskobarekin itsasten ziren —eta gero eta gutxiago ikusten diren— iragarki horietako bat dirudi; zenbait zimurrekin, nahiko trakets ipinita. Proiektua erakusgai ipintzeko aukeratutako euskarriak ere ez dirudi aukeraketarik onena.

Hala eta guztiz ere, argazkiak deigarriak dira; eta esango nuke are deigarriagoak direla pandemiaren erruz egun bizi dugun egoera sozialean. Hirietako kaleen erretratuak dira. Brusela omen da, baina Madril izan zitekeen, edo Bilbo. Hiri grisa da, asfaltozkoa. Eraikinak ere gristasun berean galdu egiten dira, eta espazioak antzerki funtzio bateko atze-oihal gisara funtzionatzen du azken batean. Baina ezohiko funtzioa da: gu baikara antzezlanaren ikusle, eta gu aktore.

Gizakion portaerak aztertzen ditu Hoversek argazki hauen bidez: nola ibiltzen garen kaleetan zehar, ze jarrera izaten ditugun, zein diren jarraitzen ditugun ibilbideak... Baina ohiko portaera erretratatu beharrean, arrunta ez den horretan ipintzen du begirada, eta arrunta ez izateagatik susmagarritzat jotzen den horretan. Hori omen da kalean dauden kameren bidez zaintza adimenduak aztertzen duena. Zaintza adimenduak gu aztertzen gaitu: nola ibiltzen garen kaleetan zehar, ze jarrera izaten ditugun, zein diren jarraitzen ditugun ibilbideak... George Orwellen 1984 inoiz baino biziago dago. Eta bat-batean korrika hasten baldin bagara, edo denbora luzeegi baldin badaramagu geldirik, susmagarritzat jotzen gaituzte. Alarma gorria pizten da. Bat-batean, lagunen baten zain luze itxaroten egoteak edo, denboraz larri zabiltzalako, korrikaldi bat egiteak susmagarri bilakatzen zaitu. Zaintza adimendua ala zelatatze adimendua da?

Argazkiak begiratu eta pentsakor gelditu naiz; pentsakor zaintzen gaituzten sistema horiez guztiez, kamerez, kameren atzean dauden algoritmo eta robotikaz, haiek sortu eta erabiltzen dituzten pertsonez, sistema hauen (ustezko) beharraz, eta (ustezko) erabilgarritasunaz, haiek izatearen zentzuaz eta zentzugabekeriaz; ohartzen garenez eta jakinaren gainean gauden elementuez, eta ezagutzen ez dugun baina martxan dagoen guztiaz. Argazkiak begiratzen jarraitu dut. Ohikotasunetik irtete hutsa hain susmagarria al da? Hainbesteko okerra al da jokabide ontzat edo egokitzat jotzen den konbentzio sozial horretatik ateratzea? Zer du txarrik korri egiteak edo luzaro zain egoteak? Argazkiak begiratzen jarraitu dut. Bertako aktoreek darabilten edozein jokabide egindakoa naiz, behin gutxienez, beraz, behin gutxienez, susmagarritzat joa izan naiz...

Eta argazkiak begiratzen jarraitu dut. Ez da hori deigarria egiten zaidan kontu bakarra. Oso jende gutxi agertzen da Bruselako kaleetan, eta beren artean ikaragarrizko tarteekin daude, gainera. Gaur bertan ateratako argazkia izan zitekeen. Eta proiektuaren intentzioa hori izan ez bada ere, musukoa jantzirik dudala, aretoan barrena, bertan dagoen beste gizonarekiko segurtasun neurria mantentzeko arduraz, egungo pandemia datorkit berriz ere pentsamendura: elkarrekin sozializatzeko ditugun zailtasunak, elkarrekiko burutzea beharrezkoak ditugun zaintzak, eta egoera berezi hau dela eta aktibatu diren gure arteko zelatatzeak. Non ipini mugak?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.