Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

575

2021eko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Salamancako Mendilerroko Jatorri Izena 2010ean sortu bazen ere, mahastien jatorria askoz ere zaharragoa da, erromatarren garaikoa, alegia. XIX. mendean mahastiek izugarrizko garapena izan zuten, eta eskualdeko zutabe ekonomikorik garrantzitsuenetarikoa bilakatu ziren.

XX. mendeko 50eko hamarkadan bertoko kooperatibak sortu ziren eta, neurri handi batean horiei esker, mahastiak zaintzeko eta ardoztatze lanetan ekiteko teknika berriak abiatu ziren.

Mende amaieran, baina, mahastizainak pixkanaka-pixkanaka mahastiak bertan behera uzten joan ziren, neurri handi batean landa eremuaren jendegabetzea tarteko. Horren ondorioz, kooperatiba bezala sortutako upategiak ixten joan ziren.

XX. mendeko azken hamarkadan eskualdeko mahastizaintzan eta ardogintzan izugarrizko aldaketa gertatu zen: lau upategi moderno sortu ziren eta geratzen zen azken kooperatiba berritu egin zuten. Ekoizpen txikiko eta kalitate handiko ardoak sortzea zen helburua.

Salamanca (Espainia) hegoaldean dago kokatuta eta 482 kilometro koadro pasatxoko lurrak hartzen ditu.

Harkaitz granitikoetatik sortutako lur hareatsuak dira nagusi, eta ardo luzeak eta dotoreak ematen dituzte. Erdialdean, berriz, lurrek arbel jatorria dute eta buztintsuak dira. Ardoak egituratuagoak izaten dira eta mineraltasun nabarmenarekin.

Cambrico upategia da Salamancako Mendizerra sor-markapean ari den upategirik bikainena, nire ustez. 2002an abiatu zuen proiektua Fernando Maillo enpresariak, bi bazkide amerikarrekin batera.

Kanbriar garaian eman omen zen Salamancako mendizerraren eratze geologikoa, eta hortik datorkio upategiari izena.

Rufetea, tempranilloa eta han calabres moduan ezagutzen den garnatxa mahatsa lantzen dituzte. Hamaika hektarea dituzte eta horietatik 6,5en jabe dira; besteetatik gehienak kontrolpean dituzte edo gertuko jendearenak dira.

Ekologikoan egiten dute lan. Mahastien %80 50 urtetik gorakoak dira; %50, 80 urtetik gorakoak.

Ardoztatze lanetan nabarmentzekoa da txortenarekin egiten dutela lan, behin ere ez ehuneko ehunean, eta beti urtearen arabera.

Ardo sorta bikaina dute. Batzuk mahats mota bakarrekoak eta besteak hainbat mahats desberdin nahastuz eginak.

Gaurkoan 575 Uvas de Cambrico azpimarratu nahi nuke. Batez ere tempranilloarekin eta rufete eta calabres (bertoko garnatxa) apur batekin egina.

Badirudi 575 mahats erabiltzen dituztela botila bakoitza egiteko, eta hortik datorkio ardoari izena. Bitxia. Fruta ugari eskaintzen du sudurrean zein ahoan: gereziak, masustak... baina upelak ematen dizkion kakao txigortuez bilduta. Ahoan zaporetsua da, ukitu baltsamikoekin eta amaierako mingostasun dotorearekin. Ardo bikaina, nire ustez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.