Astean 1.209 proba gutxiago

Gidabaimenaren probako aztertzaileak greban daude ekainaren 19az geroztik, abuztura arte

Donostia
2017ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Uda honetan gidabaimena ateratzeko asmoari uko egin beharko diote askok: ekainaren 19an hasi zuten greba gidabaimena ateratzeko probaren aztertzaileek, eta baliteke lan gatazkak luze jotzea. Astelehen, astearte eta asteazkenetan egiten ari dira lanuzteak, eta Hego Euskal Herrian 403 azterketa inguru gelditu dira bertan behera egun bakoitzean —1.209tik gora astean—, trafiko aztertzaileen Asextra elkarteko kide Juan Carlos Aedok jakinarazi duenez. CSIF funtzionarioen sindikatuarekin batera eraman du aurrera protesta Asextrak: uztailaren 31ra arte izango dira greban, eta, DGT Espainiako Trafiko Zuzendaritzarekin akordio bat lortu ezean, irailean greba mugagabe batekin jarraituko dutela adierazi dute.

Aztertzaileentzat osagarri espezifikoa eskatzen ari da Asextra: funtzionarioek jasotzen duten ordain osagarria da, 240 euro ingurukoa. «DGTk zor diguna emango baligu, hiru milioi euro baino gutxiago ordaindu beharko liguke», azaldu du Joaquin Jimenez Asextrako presidenteak. Horretaz gain, aztertzaile gehiago kontratatzeko eskatzen ari dira. Izan ere, elkartearen kalkuluen arabera, aztertzaile bakoitzak hamahiru azterketa egiten ditu egunean, eta 25 minutu inguru irauten dute. Hego Euskal Herrian 31 aztertzaile daude denera: lau Gipuzkoan, hamazazpi Bizkaian, zazpi Araban eta hiru Nafarroan; orain dela sei urte baino bost gutxiago.

Joan den astean bildu ziren DGTko eta Asextrako ordezkariak, baina ez zuten inongo akordiorik egin. Ondoren, DGTk iragarri zuen 505 lanpostuko lan eskaintza publikoa egingo duela urte bukaeran —ez du zehaztu lurralde bakoitzean zenbat aztertzaile berri egongo liratekeen—. Greba batzordeak adierazi du «gezur hutsa» dela; izan ere, 505 lanpostuetatik 435 barne promoziorako lirateke, eta 70 soilik izango lirateke lanpostu berriak.

Luzatu egin daiteke gatazka, aspalditik baitator. 2008. urtean, funtzionarioen soldatak ia %4 igo ziren. Haatik, gidabaimenaren aztertzaileen soldatak ez ziren aldatu. Bi urte geroago, funtzionarioen soldatak %5 jaitsi ziren, baina orduan bai, jaitsiera aplikatu zitzaien aztertzaileei ere. Asextraren arabera, 1.200 euroko soldata dute aztertzaileek, antzinatasunakontuan hartu gabe. 2015ean ere sei asteko greba egin zuten. Orduan, bi arrazoi eman zituzten: batetik, funtzionarioen osagarria eskuratzea, eta ikasleei azterketaren emaitza momentuan bertan eman behar ez izatea; izan ere, aztertzaile batzuek azaleratu zuten zenbait ikaslek «bortizki» egiten zietela eraso gainditzen ez zutenean. Zehazki, 2015eko lehen zortzi hilabeteetan 24 salaketa izan ziren.

Oraingo honetan, «dagokiena» berreskuratu nahian dabiltza. Jose Ramon Gonzalez CSIFeko Bizkaiko delegatu eta Gasteizko aztertzaileak esan du orduko akordioaren zain daudela oraindik: «Emandako hitza bete dadin nahi dugu. Egunero zazpi ordutik gora pasatzen ditugu errepidean; ordu asko dira arriskuan, eta, gainera, ardura handia izan behar dugu beti».

Baina zer gertatzen da udan gidabaimena atera nahi dutenekin? Autoeskoletako bezero kopuruak gora egin ohi du uda partean. Villabonako (Gipuzkoa) Bengoetxea autoeskolako zuzendari Joxean Bengoetxeak azaldu du udari begira bezero gehiago espero zituztela, baina oraingo egoera bestelakoa dela: «Min handia egiten ari zaigu egoera hau; jendea oso haserre dago, eta ikasle guztiek pairatu beharko dituzte grebaren ondorioak. Irtenbide bat behar dugu. Akordioa lehenbailehen iristea espero dugu».

Azterketa eguna atzeratzen den heinean, behar baino eskola praktiko gehiago egin behar dituzte ikasleek. Amezti autoeskolako ikasle batek adierazi bezala, aztertzaileen esku gelditzen da dena: «Azterketa egunean ez dakigu aztertzailea agertuko den ala ez. Horregatik, azterketa lekura joan behar dugu, badaezpada. Ikaslea ez bada agertzen baina aztertzailea bai, ikasleak azterketarako ordaindutakoa galtzen du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.