Eraldatzen, aurrea hartzen

Akziodunei iazko lana aurkeztu diete BERRIA Taldeko buruek; urte zaila izan zen, baina diru galerarik gabea.Geroa goldatzeko, «etengabeko aldaketa» da gakoa.Kide berri bi administrazio kontseiluan

arantxa iraola
Andoain
2014ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Kontatzeko berri franko bazen: Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak asteotan egunkariak paperean zein Interneten egindako aldaketa ugarien berri eman zuen, Badok.info atariak ere soin berria duela gogorarazi zuen, eta orain hilabete batzuk GALen historia kontatzeko aparteko ahalegina egin zuela erredakzioak. Lan martxa bizi-bizian ari den lantalde bat islatu zuten haren hitzek. Ziztu bizian doa mundua, eta aldaketak ere gero eta «bizkorrago» egin behar direla ohartarazi zuen. Iban Arregi BERRIA Taldeko kontseilari ordezkariak ere «etengabeko aldaketaren kultura» lehenestea ebatzi dela nabarmendu zuen. Atzo goizean Andoainen (Gipuzkoa) izan zen, Martin Ugalde kultur parkean, BERRIA Taldeak deituta, Euskarazko Komunikazio Taldearen akziodunen batzarrean. Batzarrean gidari, Iban Arregiren ondoan, Beatriz Zabalondo, BERRIA Taldeko administrazio kontseiluko lehendakaria. Iaz hartu zuen kargua, Joxan Lizarribar zendu berriak lagatako hutsunea betetzeko. «Aurrera egin beharra» nabarmendu zuten haren hitzek ere. Geroari begira.

Ohiko eran, igaro urteko balantzea egiteko ere baliatu zuten batzarra BERRIA Taldeko kideek. «Urte zaila izan da, baina positiboa ikuspegi ekonomikotik», nabarmendu zuen Arregik. «Galerarik gabe amaitu genuen 2013. Krisi garaian, kontuan hartzekoa iruditzen zaigu». Izan ere, aurreko lau urteetan galerak izan zituzten beti urte amaierako balantzean, eta galeren iturria ixtea aintzakotzat hartzeko urratsa da. Horretarako, ordea, langileen gastuetan behera egin behar izan dela ohartarazi zuen Arregik, soldatak jaitsi direla eta, kaleratzerik egin ez bada ere, lanpostuak «amortizatzera» jo dela gastuak urritzeko.

Eta eragozpenek oraindik ere ageri-agerian jarraitzen dutela ez zuen ezkutatu: publizitate bidezko diru sarreretan beherakadak jarraitzen duela ohartarazi zuen, eta ez dela lortzen ohiko diru laguntzetan aparteko «jauzi bat» egitea proiektua behar bezala «egonkortu» ahal izateko.

Aurrera segitzeko indarra

Borrokan segitzeko motibo ugari badirela oroitarazi zuen, ordea, Arregik. «Inoiz euskarazko egunkari baten inguruan lortu diren irakurle kopururik handienak lortu dira», azaldu zien batzarrera bildu ziren akziodunei. Egunkarien salmentak beherako bidean jarraitzen badu ere, irakurleak irabazten jarraitzen du BERRIA Taldeak. CIESen azken datuen arabera, BERRIA egunkariak 64.000 irakurle dituela azaldu zuen, eta Interneten hilabeteko 457.000 bisita izaten dituela.

Finantzaketa eskuratze aldera martxan den BERRIAlagunen egitasmoa ere aski bide onetik doala onartu zuen Arregik, eta sakondu eta sendotu egin nahi dutela oraindik ere lan eremu horretan. Ez diru iturri gisara bakarrik, baita BERRIA Taldearen inguruan eratutako«komunitatea» trinkotze aldera ere. «BERRIAlagunen komunitatea estrategikoki oso inportantea da, eta ez ekonomikoki bakarrik», ohartarazi zuen. 2013 amaieran 4.783 BERRIAlagun zeuden, eta urtebetean %17 ugaritu ziren komunitateko kideak.

Diru sarrera berrien bila lanean jarraitzen dela azaldu zuen. Bidera zerbitzuen bidez —hainbat lan klase egiten ditu kanporako— lortutako irabazien berri eman zuen, eta instituzioekin ere lanean jarraitu nahi dela. Egiteko horretan Hekimen euskal hedabideen elkartea «buru-belarri» ari dela nabarmendu zuen, eta asmoa dela «sektorearen iraunkortasuna eta garapena ziurtatuko duen diru laguntza politika bat» hitzartzea. Geroa bermatzeko. Egun, ustiapen kontuan diru laguntzen pisua %18koa da.

Administrazio kontseilua

BERRIA Taldea partaide da hainbat hedabide eta proiektutan—Hitza-k, Irria aldizkaria, Hamaika telebista, Bidasoa Inprimatzeko Zentroa—, eta horietan egoera zer-nolakoa den ere azaldu zitzaien akziodunei. Arretaz aditu zituzten azalpen guztiak, eta iradokizunak ere egin zituzten; hobetzen lagun dezaketen ekarpenak. Diru iturriak ugaritzeko proposamenak ziren batzuk, hainbat erakunderekin harremanak hobetzeko besteak, eta produktuak hornitzeko ideia berritzaileak ere eman zituzten. Denak jaso ziren.

Agur esateko ere izan zen atzoko eguna. Eta eskerrak ematekoa. Izan ere, administrazio kontseilua laga zuten Emilio Majuelok eta Joanmari Larrartek —horien ordez Dabid Anaut eta Mikel Aranburu onartu zituzten—. BERRIA Taldea egindako lanagatik «besarkadak» besterik eman ezin dituen etxea dela oroitarazi zuen Beatriz Zabalondok, eta bildutakoen txalo beroa jaso zuten kargua utzi zuten biek; Nestor Basterretxeak egindako irudi bana ere bai.

Bien lana goratu zuen Iban Arregik, eta oroitarazi zuen, batez ere, Joanmari Larrartek zein testuinguru gaitzetan hartu zuen administrazio kontseiluko ordezkaritza —iaz arte egon zen postuan—: BERRIAren sorreran izan zen, Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria itxi eta horri aurre egiteko sortu zen mugimenduan. Testuinguru zital horretan hartu zuen bere kargua Joxean Lizarribar enpresaburuak ere, eta gidaritza talde haren lorratza ez da berehalakoan desagertuko.

Halaber, lehengo astean zendutako Aitor Renteria Txato kazetariarentzat ere aipamen berezi bat egon zen atzoko biltzarrean. Baionako delegazioan egin zuen lan handia nabarmendu zuen Otamendik. Esker onez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.