Jakintzaren katedraleko ateak

'Zientziaren dibulgazioa: aukerak, baliabideak eta erronkak' ikastaroa egin du UEU Udako Euskal Unibertsitateak Eibarren. Urteotan indartzen ari den alorra dela ondorioztatu dute
EHUko Kimikako graduko irakasle Maxux Aranzaberen argibideei adi ikasleak, astelehenean.
EHUko Kimikako graduko irakasle Maxux Aranzaberen argibideei adi ikasleak, astelehenean. JUANAN RUIZ / ARP

Arantxa Iraola -

2016ko uztailak 17
«Katedrala zer den? Nik deitu nion zientzia kulturan jantzia den gizarte bati, jarrera kritikoa duena, beti frogak eskatzen dituena». Josu Lopez-Gazpio kimikariak era horretan adierazi du zer azaldu nahi izan zuen astelehenean Eibarren (Gipuzkoa), UEU Udako Euskal Unibertsitatearen ikastaroen barruan eman zuen Katedrala eraikitzen hitzaldian. Zientziaren dibulgazioa: aukerak, baliabideak eta erronkak izeneko ikastaroaren hasierako mintzaldia izan zen, zientzia dibulgazioari buruz jarduteko bi eguneko egitarau oso baten atarikoa. Koldo Garcia Etxebarria biologoarekin batera zuzendu zuen ikastaroa, eta emaitzarekin, oro har, oso pozik daudela onartu du. Solasaldietan usu azaldu zen loraldia hitza, zientziaren dibulgazioaren inguruan euskaraz ere azken urteotan urrats agerikoak egin direla azaldu zuten hainbat hizlarik, eta ikastaroa nahi lukete lore berriak jaiotzeko, daudenak umotzeko. «Katedral hori eraikitzeko ale txikiak jartzen ari gara».

EHUren Kultura Zientifikoaren katedraren abaroan eginiko urratsak jo zituzten, besteak beste, izan den loraldiaren adibidetzat. Ikastaroaren bi sustatzaileez aparte, hizlari ugari aritu ziren ikastaroan, soslai askotakoak. Goi dibulgazioan ari diren ikertzaileak izan ziren, dibulgazioa sustatzeko jardunbideetan ari diren unibertsitateko arduradunak, eta zientziaren arloko gaietan espezializatuko komunikatzaileak; jatorriz zientzialari trebakuntza jasotakoak batzuk, eta kazetari ofiziotik zientziarekin lotutako gaietara lotutakoak besteak. Agerian utzi zuten euskarazko goi dibulgazioan urratsak egin badira ere badagoela oraindik bide aski luzea egiteko. «Ekaia aldizkariko zuzendaria etorri zen [Asier Vallejok eskaini zuen hitzaldi bat]», azaldu du Lopez-Gazpiok. «Maila horretako aldizkari bakanetarikoa da». Dagoena ikusteko egunak izan ziren, eta zer falta den.

Elkar ulertu beharrean

Aski presente egon zen beste gai bat izan zen zientzialarien eta zientziaren komunikazioan ari direnen arteko harremanak irmotu beharra. «Hor arazo bat daukagu jatorriz; zientzialariei, zientzia ikasleei, ez zaie ezer irakasten zientzia komunikatzeko erari buruz; bestalde, kazetariei ez zaie irakasten zientzia zer den, haren balioak zein diren». Eta hortxe sortzen dira sarri talkak, gaitzulertzez jositakoak. Amaia Portugal eta Juanma Gallego kazetariak mintzatu ziren, besteak beste, harreman zail horiek gozatu beharraz. Elhuyar aldizkariko Ana Galarraga ere bai.

Gogoeta arras interesgarriak plazaratu zirela onartu du Lopez-Gazpiok. Zubigintza sendotzearen aldeko deiak izan ziren guztiak: «Alor bakoitzak bere gabeziak ditu, baina askotan osagarriak dira, eta ondo ulertzen bagara, gauza interesgarriak egin daitezke». Jatorriz alor bietan trebakuntza hobetzea, ordea, ezinbestekoa dela pentsatzen du. EHUko Kimika graduko irakasle Maxux Aranzabek, esaterako, argibideak eman zituen zientzia arloko komunikazioari buruz ematen dituen eskolez. Baina tankera horretako ikasketak ez daude orokortuta, eta halako prestakuntzarik ez dute izaten gehienetan zientzialari gazteek.

Lopez-Gazpio eta Garcia Etxebarria, biak dira zientzialari, eta biak, halaber, dibulgatzaile. Alde bietako abantailak eta ajeak ikusten dituzte talaia horretatik, eta horrexek bultzatu ditu, hein handi batean, ikastaroa antolatzera. Eta ikerkuntzaren arloan oraindik itaun bat sarriegi entzuten dela onartu du Lopez-Gazpiok: «Dibulgatu behar da, ala ez?». Zientzialariek, zio etikoak aintzat hartuta, beren jardunaren berri emateko «obligazioa» dutela onartuta dagoen arren, hori egiteko modua eztabaida iturri dela adierazi du. Hortik unibertsitate arloan jardunbideak jasotzen duen babes urria. «Dibulgazioa oso-oso gutxi dago baloratuta», onartu du. «Ikusten da askotan denbora galtze gisa».

Ikastaroak argi utzi zuen, ordea, egoera hobetzeko gogoa badela, eta saio ugari daudela abian. Hitz xumez —«ez dugu elitistak izan behar»— eta egokiz katedralerako sarbideak handitzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna