Errefoma: iruzurra ala aukera

Otegik esan du «okerrerako» dela konstituzioa aldatzea; EAJk dio 1978ko jarrera «berbera» duela
Independentistak antolatuta, manifestazio egin zuten atzo Durangon.
Independentistak antolatuta, manifestazio egin zuten atzo Durangon. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Jokin Sagarzazu

2017ko abenduak 7
EH Bildukoak eta EAJkoak ezkor dira Espainiako Konstituzioaren balizko erreforma batekin, aukera gutxi ikusten baitute Euskal Herriaren nazio aitortza eta erabakitzeko eskubidea jasotzeko Espainiako legedian. PSE-EE eta Elkarrekin Podemosekoentzat, berriz, aukera bat da konstituzioa aldatzea; aurrenekoentzat, estatu eredu federal batera jotzeko; eta besteentzat, Espainia osorako prozesu konstituziogile bat abiatzeko. PPkoek, aldiz, ez lukete aldatuko legea. 39 urte bete zituen atzo Espainiako Konstituzioak, eta Hego Euskal Herrian ere egin zituzten aldeko eta kontrako adierazpenak eta ekitaldiak.

Independentistak sarekoek bildu zuten jende gehien. Gora Euskal Errepublika lelopean ehunka lagun elkartu ziren atzo Durangon (Bizkaia). Landako Gunetik abiatu eta ordubetez herriko kaleak zeharkatu ondoren, hasierako tokira itzuli ziren. Han, Espainiako armarria eta konstituzioaren lehenengo artikulua idatzita zuen pankarta handi bat zegoen, eta manifestariek apurtu eta zeharkatu egin zuten. «Espainiar konstituzioaren aurka eta euskal konstituzioaren alde» mobilizatu ziren, Maite Aristegik azpimarratu zuenez.

Martxaren amaieran, Independentistak sarekoak adierazi zuen garaia dela «mugimendu independentista erraldoi bat» osatzeko, «abertzaletasunetik haratago doana». «Demokrazian, justizia sozialean eta askatasunean eraikitako etorkizun komun bat elkarbanatzeko prest dauden guztiei» dei egin zien horretarako.

Euskal Herriko ikurrez gain, Kataluniakoak ere eraman zituzten, eta herrialde hartako ordezkariak ere izan ziren. Josep Maria Nogue ANCko kideak salatu zuen Espainiako Konstituzioa «herrien kartzela» dela, eta «erregimenaren tresna» bat nazioen erabakitzeko eskubidea eta burujabetza nahiei «mehatxu» egiteko. Aristegik, berriz, ohartarazi zuen konstituzioa erreformatzeko deiek «iruzur» bat ezkutatzen dutela; legea aldatzekotan, hori egingo delako Madrilek eskumen gehiago bere gain hartzeko eta herritarren «eskubide eta askatasunak murrizteko».

Antzera mintzatu zen Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia, SER irratian eginiko elkarrizketa batean. «Espainiako Konstituzioa orain erreformatuko balitz, atzera egiteko izango litzateke, eta ez demokrazian sakontzeko». Haren ustez, gaur egun Espainian ez dago «indar nahikorik» aurre egiteko «1978ko erregimena ezarri zuten botere faktikoei». Otegiren irudiko, «zientzia fikzioa» litzateke balizko erreforma batean aintzat hartzea «euskal herritarren eta katalanen eskaera nazionalak».

Jeltzaleak «urrunago»

«Euskadiko eta Kataluniako nazio auziei ekitea eta Euskadi eta Katalunia nazio gisa aitortzea». Hain justu, horixe galdegin zuen atzo Espainiako Gorteetan diputatu Aitor Esteban jeltzaleak, Sabin Etxean eginiko agerraldian. Horretarako ez bada, ohartarazi zuen konstituzioaren erreformak ez duela ezertarako balio izango eta saioak «porrot» egingo duela.

Estebanek berretsi zuen jeltzaleen jarrera dela «1978ko berbera». Orduan, konstituzioaren bozketan abstenitu egin ziren. 39 urte geroago, adierazi du «are handiagoa» dela «distantzia hori», eta hori gertatu dela, bereziki, konstituzioaren hainbat artikuluri buruz egin diren interpretazioenagatik, zeinak, EAJko kidearen arabera, Espainian boterean egon direnek «murriztu» egin dituzten Gernikako Estatutuan jasota dauden eskumenak. «Esan daiteke konstituzioaren atzerapen eta inboluzioa eragin dela».

Horri buelta emateko, Estebanek adierazi du «zentzuzkoena» litzatekeela konstituzioarekin kritiko direnak «erakartzea», baina aukera gutxi ikusten du horretarako, «areagotu egin delako Espainiako nazioaren kontzeptuaren zentzu baztertzaileena, gainerako nazioak ukatzen dituena».

Estebanek gogoratu du irtenbide gisa jeltzaleek proposatu dutela Hego Euskal Herriko lau herrialdeek Espainiarekin dituzten itun edo kontzertu ekonomikoak esparru politikora eramatea, egunotan Espainiako zenbait forotan Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak esan duen bezala: «Esparru ekonomikoan aldebikotasunean oinarritutako itun bat dagoen bezala, kontzeptu hori politikaren esparrura ere eraman beharko litzateke». Era berean, galdegin du konstituzioan jasotakoak bermatzeko sistema aldatzea; alegia, Auzitegi Konstituzionala erreformatzea. «Argi geratu da ez dela ez sistema objektiboa ezta neutrala ere».

PSE-EEko idazkari nagusi Idoia Mendiak, berriz, bere blogean idatzitako artikulu batean eskua luzatu dio EAJri «euskal berezitasunak elkarrekin babesten jarraitzeko», Espainiako herrialdeekin «solidarioa» izango den proiektu baten alde. Sozialisten proposamen «federalarekin» inplikatzeko eskatu die jeltzaleei; «baliatzeko zabaldu den leihoa». PSE-EEk, berriz, EAEko estatutua «gaurkotzeko» konpromisoa berretsiko duela hitzeman du.

Espainiako errepublika baten aldeko mobilizazioak ere izan ziren atzo, eta Donostian eginikoan parte hartu zuten Elkarrekin Podemoseko kide diren IUko Jon Hernandezek eta Isabel Saludek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna