Gipuzkoako Bilduk gertu ikusten du adostasuna; EAJk, ez

Erredakzioa
Donostia
2014ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Bilduk uste du Gipuzkoako 2015eko aurrekontuak onartzeko «aurrerapen esanguratsuak» lortu dituela EAJrekin eta, ondorioz, «posible» dela akordioa. Ordea, EAJk adierazi du aurrekontu egitasmoaren «kontra» dagoela oraindik ere eta akordioa lehen bezain «urrun» dagoela.

Xabier Olano Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun zuzendari eta EH Bilduren ahaldungai nagusiak adierazi du EAJrekin batzar bat egin zutela herenegun eta akordiorik lortu ez bazuten ere ados jartzeko pausoak eman zituztela. Haren arabera, Bilduk eta EAJk ikusten dute «berebiziko garrantzia» daukala garaiotan diru sailak bideratzeak «sustapen ekonomikora».

Xabier Olanok azpimarratu du Bilduren gobernuak 85 milioi euro dauzkala jarrita alor horretan, eta esan du EAJk beste 26 milioi jartzeko eskatu duela. Ados jartzeko «arazo handirik» ez du ikusten Ogasuneko zuzendariak. Bihar bilduko dira berriro.

Markel Olano EAJren batzarkideen bozeramaileak, ordea, «urrun» ikusten du akordioa. Izan ere, haren iritzian, Bilduk ez du bete nahi ekonomia sustatzeko foru arau bat. «Zaila izango da akordioa egitea, baldin eta Bilduk ekonomia estrategia aldatzen ez badu». Ukatu egin du bi taldeek izandako bileran «aurrerapen esanguratsuak» egin zirela. «Sakoneko desadostasunak» dauzkate, Markel Olanok adierazi duenez. Duela urtebete, krisiaren kontrako akordio bat zela eta, EAJk aurrekontuak ahalbidetu zituen, bozketan abstenituta.

EAJ, PSE-EE eta PPren osoko zuzenketez hitz egiteko saioa izango da asteazkenean Gipuzkoako Batzar Nagusietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.