Ahal Dugu-k Roberto Uriarte hautatu du EAEn, eta Laura Perez Nafarroan

Ahal Dugu-ko idazkari nagusirako Euskal Hiria hautagaitzak irabazi du EAEn, eta Nafarroa Aldatu Ahal Dugu-k Nafarroan.Perezek adierazia du ez duela sinatuko itunik UPNrekin, PPrekin eta PSNrekin

Roberto Uriarte hautatu dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Ahal Dugu-ko idazkari nagusi kargurako. BERRIA.
Edurne Begiristain.
2015eko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Espainiako Estatuko erkidegoetako zuzendaritzak aukeratu ditu jada Ahal Dugu-k. Euskal Herrian, EAEkoa eta Nafarroakoa aukeratu dituzte: EAEn Roberto Uriarte aukeratu dute idazkari nagusirako, botoen %35,29rekin; eta Nafarroan, Laura Lucia Perez, botoen %52,37rekin. Roberto Uriarte (Bermeo, Bizkaia, 1960) Euskal Hiria hautagaitzako buru da. 968k egin dute haren alde. Laura Perez (Iruñea, 1980) Nafarroa Aldatu Ahal Dugu hautagaitzako zerrendaburua da, eta 1.291k eman dute haren aldeko boza. Ahal Dugu-k atzo gauean eman zituen erkidegoetako zuzendaritzen izenak. Azken hamabost egunetan, milaka lagunek izan dute idazkari nagusiak eta Herritarren Kontseilua —zuzendaritza— osatuko duten kideak hautatzeko parada. Bozketa telematikoaren bidez egin da aukeraketa prozesua, eta bereziki, Internetez.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hiru hautagaitza aurkeztu dira barne hauteskundeetara, eta beste hainbeste Nafarroan. EAEn honako hiru hautagaitza lehiatu dira: Orain Ahal Dugu (Luis Angel de Lachina da hautagaitzaren burua), Euskal Hiria (Roberto Uriarte) eta Euskadi (Iratxe Osinaga).Hiruretako batek ere ez du Espainiako Podemosen zuzendaritzaren babesa jaso, baina guztiek esan dute ildo berekoak direla. Nafarroan, berriz, honako hiru hautagaitza hauek aurkeztu dira: Nafarroak Ahal Du(Joan Bosch buru), 100% ADN Podemos (Sandra Gonzalez) eta Nafarroa Aldatu Ahal Dugu (Laura Perez).

Bi erkidegoetako Idazkaritza Nagusia, Herritarren Kontseilua eta Bermeen Batzordea ere aukeratu dituzte. EAEn 34 pertsona aurkeztu ziren Herritarren Kontseilua osatzeko, eta hamasei Nafarroan. Hain justu ere, EAEn osatutako Herritarren Kontseiluaren esku egongo da maiatzeko foru hauteskundeetara aurkeztu ala ez erabakitzea. Ondoren, herrialde bakoitzean izango duten egitura aukeratu, eta Espainiako Gorteetarako zerrendak osatuko dituzte.

Kanpainan zabaldu dituzten mezuen arabera, hautagaitza denek bat egiten dute: gaurko sistemaren aldean beste bat behar dela eta herritarrei «boterea» eman behar zaiela. Estatuan «prozesu eratzailea» egitearen aldekoak dira denak. Herrien erabakitzeko eskubidea defendatzen dute hautagaitza denek. Roberto Uriarte buru den Euskal Hiria unibertsitatetik bultzatutako hautagaitza irabazleak, besteak beste, herrien autodeterminazioaren alde egin du, baina Espainiako estatu federala desio du, eta barruan Euskal Estatua ikusten duela.

Orain Ahal Dugu hautagaitza eredu sozialaz, ekonomikoaz eta politikoaz gain, lurralde mailakoa ere «birdefinitzeko» erabakitzeko eskubidearen alde agertu da. Hautagaitza aurkezten azkenetarikoa izan da Euskadi, baita plataforma ere. Hasiera-hasieratik Podemosek Madrilen duen zuzendaritzarekin lerrokatu zen Iratxe Osinagaren hautagaitza.

Nafarroan aldaketaren alde

Nafarroan, bozen ondoren oposizioko talde batzuekin edo besteekin sinatu beharreko itunen inguruan izan dituzte ikuspuntu kontrajarriak, eta bereziki EH Bildurekin akordioak egin ala ez izan dute kanpainaren ardatz. Nafarroa Aldatu Ahal Dugu-ren hautagaitzako buru Laura Perez Ruano mintzatu daargien. Adierazi duenez, itun eta koalizioei irekita dago, baita Bildurekin ere. Gainera, UPN, PP eta PSNrekin ez duela itunik egingo hitzeman du. Are gehiago, horiek boteretik kentzea lehentasuna dela beretzat.

Nafarroako hautagaien artean, Laura Perezek egin du indar handien euskararen normalizazioaren alde kanpainan. Alderdi barruan ere euskararen sustapena bultzatuko duela esan du, eta politika sozialen alde egin du. Enplegu plan bat ontzea, banka publikoa sustatzea eta zerga politika progresiboa ezartzea ere proposatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.