Hizkuntza politikarako elkargune

Ituna berritu dute Jaurlaritzak, Nafarroak eta EEPk, eta koordinazio batzorde gehiago izango dira

Arrabit EEPko lehendakaria, Ollo Nafarroako kontseilaria eta Zupiria Jaurlaritzako sailburua, atzo, Donostian. J.C. RUIZ / FOKU.
Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2018ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Lankidetza hitzarmena egin zuten Euskal Herri osoko erakundeek iaz, hizkuntza politikaren arloan elkarrekin jarduteko. Itun hori berritu egin dute orain, eta pauso handiagoak emango dituzte lankidetza bidean. Besteak beste, jakinarazi dute koordinazio batzorde gehiago edukiko dituztela: Hakoba bilgunean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundeak egon dira, eta Nafarroako Gobernua eta EEP Euskararen Erakunde Publikoa ere sartuko dira orain. Gobernuen arteko «harreman normalizatuaren» erakusletzatjo dituzte egiten ari diren urratsak.

Hiruko ituna izena eman diote akordioari. Iruñean sinatu zuten akordio oinarria joan den uztailean, eta urtebetean egindako bidearen balantze ona egin dute hiru erakundeek. Donostian bildu ziren atzo hizkuntza politikarako ordezkari nagusiak: Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako sailburua, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko kontseilaria eta Beñat Arrabit EEPko lehendakaria. Urtebetean egindako pausoak goratu zituzten; besteak beste, inkesta soziolinguistikoa elkarrekin bideratu eta aurkeztu izana, Euskararen Adierazle Sistema eratu eta plazaratu izana, eta Eskola Futura egitasmoa martxan jarri izana —Ipar Euskal Herriko irakasle euskaldun faltari aurre egitea du xede—.

Egia da hitzarmena sinatu aurretik ere ari zirela gai batzuk elkarrekin bideratzen hiru erakundeak, baina aldaketa handia izan dela nabarmendu dute; Zupiriaren esanetan, lehenago batez ere teknikariak aritzen ziren elkarrekin, baina ez erakundeak eurak. Hori aldatuta, uste dute bide berriak jorratzeko aukera ireki dela.

Tituluen baliokidetza

Hitzarmenaren aurtengo gehigarria izenpetu zuten atzo hiru erakundeek. Hainbat proiektu jaso dituzte, baina badira nabarmentzeko batzuk. Adibidez, euskara tituluen baliokidetzak aztertzen ari dira hiru administrazio esparruak, eta, zehazki, bidea jorratzen ari dira Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren artean baliokidetza guztiak egiteko; EEPren kasuan, B1 mailari buruz ari dira gogoeta egiten. Baliokidetza horiek herritarrentzat mesede izango direla azaldu dute erakundeek.

Ikerketaren eta sustapenaren arloan ere badituzte egitasmoak. Ikerketari dagokionez, adibidez, arnasguneei buruzko azterketabat egingo dute Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearekin batera, eremu horietako «hizkuntza errealitatea aztertzeko, diskurtso berriak jasotzeko eta komunikazioa lantzeko». Sustapenarekin lotuta, ikasleen trukeak bultzatzea dute helburu.

Elkarlanaren garrantzia behin eta berriro nabarmendu dute hiru erakundeetako ordezkariek, eta horregatik erabaki dute Hakoban sartzea Nafarroa eta EEP ere. Gogoan izatekoa da, gainera, Euskararen Aholku Batzordean ere ordezkaritza badutela bi erakunde horiek orain. Nafarroan ere egin dituzte aldaketak: euskalgintzako ordezkari gehiago sartu dituzte Euskararen Nafar Kontseiluan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.