Pastor
DARWIN ETA GU

'Audi', 'Bourbon', Zarautz

2020ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Independentzia erosotasunean. Independentzia eguzkitan —edo epeletan, hotzean egon baino Espainia beroan erre nahiago—. Herritarren %42,5ek euskal estatuaren alde bozkatuko lukete erreferendum adostu batean. Horixe ondorioztatzen da Telesforo Monzon eLaborategiak eta Parte Hartuz EHUko ikerketa taldeak aurkeztu duten Naziometroaren datuak irakurrita.

Emaitzek ez dute itxura txarrik, baina... Izan ere, bada datu bat, gure garaien adierazle argia izanik ere, kezkatzeko modukoa dena: estatu independentearen alde daudenetatik herenek ez lukete proiektu horrekin bat egingo independentziak Espainiaren edo Frantziaren barruan izango luketen egoera ekonomikoa hobetzea bermatuko ez balu.

Ekonomia aipatzen dugunean, ez gara ari soilik hozkailua beteta egoteari buruz. Bizimodua erosoago, zoriontsuago eta bla-bla-bla-ago bihurtzen diguten kontuak ere ditugu gogoan: urtean behin edo gehiagotan oporretan joateko aukera; arropak edo autoak behar baino sarriago berritzea edo kostan gure bigarren edo hirugarren etxebizitza izatea, besteak beste. Beste irtenbiderik egongo ez balitz, horri guztiari muzin egitea onartuko genuke independentziaren truke?

Gauzak argi izatea komeni da. Independentismo ekonomikoa gure argudio bakarra bada, tranpa ederrean erori gara. Bihotzak badaki arriskatzen. Poltsikoak, ez. Zeintzuk dira gure bihotz independentisten poltsikoen mugak? Ezer gutxi dugunean, ez gara deus galtzearen beldur. Asko dugunean... Ondotxo dakite hori unionistek. Horrexegatik irabaziko dute eztabaidan arlo ekonomiko hutsa nagusituz gero. Halaxe egin zuten Eskozian 2014ko erreferendumean, pentsioen eta aurrezkien inguruan izua hedatuz. Halaxe egingo lukete hemen. Akaso uste dugu independentziaren biharamunean soldata ederrak eta inoiz baino lanpostu gehiago izango ditugula? Edo munduko enpresari eta banketxe jatorrenak gurera etorriko direla lan-baldintza eta mailegu ezin hobeak sari moduan eskaintzeko, Urola Kosta euskal Silicon Valley bihurtuko dutela, Espainiaren eta Frantziaren atzaparretatik alde egin dugulako?

Kontua ez da independentziagatik goseak hiltzen egotea. Kontua hauxe da: proiektu komun batean zenbat eman eta zenbat jaso nahi dugun guztiok, nork bere gaitasunen eta beharren arabera —demodé, bai, marxismoa baita—. Herri librea eta gizarte justua lortzeko egitasmoak, bere ederrean, arriskuak izan ditzakeela jakitea. Independentziaren osteko lehen hamar urteetan zerga gehiago ordaintzea onetsiko genuke —modu progresiboan, baina gehiago— etorkizun ertainean eraikuntza nazionala eta kohesio soziala bermatzeko, gure ondorengoek bai, baina geuk zuzenean horren probetxurik lortuko ez bagenu ere?

Ezaguna da John F. Kennedyren esaldi manipulatzaile baina ez guztiz erratua: «Ez galdetu zure herriak zer egin dezakeen zure alde, zuk zure herriaren alde zer egin dezakezun baizik». Bada, herria hitza kendu hortik eta independentzia jarri. Erne bazterrak: hau ez da inork bere burua hiltzeko proposamena, XIX. mendeko erromantizismo politikoaren eremura itzultzeko aldarria, baizik eta kalkulagailuaren pragmatismo hotzean ez geratzeko deia. Ez da heroismoa eskatzea. XXI. mendeko epika bakarra trekking-a egiten duzula frogatzen duten argazkiak Instagramen partekatzea da.

Zertan ari gara? Xaho Lagardek, Arana Goirik eta Iturbe Abasolok uko egingo zioten libreak izateko asmoari beraien etorkizun ekonomikoa hobea izango zela %100ean bermatua ikusi ez balute? Kataluniako prozesuan Els Comunsek izaniko rola halaxe kritikatu du Vicent Partalek: oso erraza da iraultzailea izatea iraultzarik inoiz izango ez dela eta arazorik izango ez duzula dakizunean. Hemen berdin esan genezake: oso erraza da independentista izatea independentziarik inoiz izango ez dela eta arazorik izango ez duzula dakizunean. Eta independentzia surfa, egunsenti ederrak, David Guetta, skate-a eta te horizko infusioak baino zerbait gehiago balitz, bere alde ez hain dirdiratsuak barne?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.