Zauriak eta hobiak, osatzeko

Srebrenicako sarraskia gertatu eta hogei urtera, mila bosniar musulman inguru desagertuta daude oraindik.Serbiako lehen ministroari harriak bota zizkioten atzo, urteurrena gogoratzeko ekitaldian

Emakume bosniar musulman bat, atzoko ekitaldian hobiratutako hilkutxen artean. FEHIM DEMIR / EFE.
Samara Velte.
2015eko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Harrika bota zuten atzo Serbiako lehen ministroa Srebrenicako (Bosnia) sarraskiaren hogeigarren urteurreneko ekitalditik. Aleksander Vucicek eta Belgradeko gobernuko gainerako ordezkariek korrika babestu behar izan zuten auto ofizialetan, omenaldira bertaratutako herritarren oihu eta txistuetatik ihesi. Urteak igarota ere, Bosniako musulmanek erresumin handia sentitzen dute oraindik serbiarrekiko. Camil Durakovic alkateak gogorarazi duenez, «Europan Holokaustoaz geroztik gertatutako krimen handiena» erabat argitzeko dago oraindik, eta arduradunak, epaitzeko.

Bosniako gerraren pasarte esanguratsuenetako bat da Srebrenican gertatutakoa. Tropa serbiarrek 1995eko uztailaren hasieran abiatu zuten haren aurkako erasoa, aurretik inguruko hainbat herri musulman hustu ondoren. Srebrenica, ofizialki, desmilitarizatutako gunea zen, eta Nazio Batuen zaintzapean zegoen; horregatik, euren herrietatik egotzitako milaka musulmanek bilatu zuten babesa bertan. Bosniako Serbiar Errepublikako Armadak uztailaren 11n ekin zion haren aurkako erasoari, Rakto Mladic jeneralak aginduta. Gau hartan bertan 12.000 lagun inguru ihes egiten saiatu ziren, Bosniako armadaren base batera heltzeko asmoz. Haietako gehienak bidean harrapatu eta inguruko biltegietan hil zituzten. Herrian geratu zirenek ere ez zuten babesik topatu NBEren esku zeuden guneetan. Soldadu serbobosniarrek musulmanen etxeak suntsitu zituzten, eta milakak egin behar izan zuten ihes. Denera 8.000 pertsonatik gora hil zituztela dio gehien zabaldutako bertsioak; gehienak, gizonezko musulmanak.

'Genozidio' hitza, auzitan

Gerra urte hartako abenduan amaitu zen ofizialki, Serbia eta Montenegroko, Bosnia eta Herzegovinako eta Kroaziako gobernuburuek Daytongo akordioa sinatu zutenean. Harrezkero, bi eskualde administratibotan banatuta dago Bosnia. Alde batetik, Bosnia eta Herzegovinako Federazioa dago; biztanleen %60 inguru bizi dira bertan, eta nagusiki musulmanak eta kroaziar katolikoak dira. Bestetik, Bosniako Serbiar Errepublika edo Sprska Errepublika; lurraldearen %49 hartzen du hark. Denera, hiru presidente ditu, talde etniko bakoitzetik bana, baina harremana gatazkatsua da oraindik.

Srebrenican herritarren erdiak baino gehixeago serbiarrak dira gaur egun, baina administrazioko postu garrantzitsuenak dituzte. Gerran egotzitako musulman batzuk hasi dira itzultzen, baina nabarmena da adin batetik gorako gizonezkoen absentzia; alargunak eta doluz jantzitako amak dira Srebrenicako irudi ezagunena. Atzoko ekitaldian, duela gutxi identifikatutako 136 gorpu lurperatu zituzten Potocariko hilerrian; lehendik beste 6.241 zeuden. Hainbat kasutan hobi komun desberdinetan topatu dituzte pertsona beraren arrastoak, eta mila lagun inguru desagertuta daude oraindik.

Jugoslavia ohirako Nazio Batuen auzitegi bereziak «genozidio» gisa definitu zuen Srebrenicakoa 2001ean, eta Hagakoa ere kargu horiengatik ari da epaitzen Mladic eta Radovan Karadzig, gerra garaiko buruzagi serbobosniarra. Agintari serbiarrek ez dute akusazioa onartzen, ez Belgraden eta ezta Sprska Errepublikan ere. Gerra krimenak bando guztiek egin zituztela argudiatu ohi dute, eta Srebrenican hil zituztenak nagusiki soldaduak zirela, ez zibilak.

Errusiak ere Serbiaren bertsioa babesten du. Aste honetan bertan betoa ipini dio NBEren Segurtasun Batzordean Srebrenicako «genozidioaren» aurkako ebazpen bati. Erresuma Batuak prestatutako testua «politikoki baldintzatuta» zegoela argudiatu zuen; serbiarrei baino ez ziela errua egozten, eta Balkanetan «konfrontazioa» suspertzea zuela helburu. Txina, Angola, Nigeria eta Venezuela abstenitu egin ziren bozketan.

Aurtengo urteurrenerako prestatutako oharrean «krimen izugarria» izan zela aitortu du Vucicek, eta adiskidetzeko prest agertu da; badaki, ordea, «genozidioa» aipatu ezean nekez itxiko direla zenbaiten zauriak, eta bosniar musulmanek aurrerantzean ere harrika hartuko dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.