Gasteiz eta Errekaleor, lotuta

Hamahiru zutabe aterako dira manifestaziora, proiektuak jaso dituen atxikimenduen adierazle
Manifestazioaren aurkezpena, auzoa argindarrik gabe geratu eta egun gutxira.
Manifestazioaren aurkezpena, auzoa argindarrik gabe geratu eta egun gutxira. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS

Jon Rejado -

2017ko ekainak 3
Gasteizko bihotzetik auzo okupatura. Bide hori egingo du Errekaleor Bizirik-ek gaur arratsalderako deitu duen manifestazioak. Bide horretan, auzo proiektuaren aldeko babesa hartuko dute Gasteizko kaleek. 17:30ean hasiko da, Andre Maria Zuriaren plazan, eta Errekaleorren bertan izango da azken ekitaldia. Auzo okupatuan batuko dira azken asteetan agerian geratu diren askotariko elkartasun adierazpenak.

Errekaleor egitasmoak jaso duen sostengua handia izan da, manifestazioa hasi aurretik ere. Maiatzaren 18an, Eusko Jaurlaritzak eskatuta, auzoak argindar sarearekin zuen lotura moztu zuten. Egun horietan, hamaika mezu jaso zituzten, baina, manifestazioaren eguna gerturatu ahala, proposamen errealetan zehaztu dira babes horiek. Besteak beste, hamahiru zutabe antolatu dituzte, horietako gehienak herri mugimenduaren eta gizarte eragileen ekimenez.

16:30ean abiatuko dira lehen zutabeak: langile mugimenduak deitutakoa Zaramaga auzotik aterako da, Martxoaren 3ko plazaren ondotik; lurraren defentsaren aldeko zutabea Bilbo plazatik aterako da. 17:00etan, martxan jarriko dira gainontzeko zutabeak, hiriko bazter guztietatik Andre Maria Zuriaren plazara: aniztasunaren aldekoa, euskaltzaleena, ikasle mugimendua, internazionalistak, okupazioaren aldekoa, libertarioa, feminista, presoen aldekoa, gazteena, baita Judimendi eta Arriaga auzoetakoak ere.

Jendetza espero dute manifestazioan. Azken astean, hamaika atxikimendu jaso dituzte, Gasteiztik, Euskal Herritik eta munduko beste hamaika txokotatik. Besteak beste, hamaika esparrutako 141 pertsona ezagunek babesa agertu diote Errekaleorreko proiektuari: besteak beste, Kultura sailburu ohi eta EHUko irakasle Blanca Urgellek, Manu Garcia Alaveseko kapitainak, Bernardo Atxagak eta S.A. rock taldeko kideek. Gasteizko gune okupatuetako kideek ere Errekaleor argitzearen aldeko deia egin zuten atzo. Suziri eta bengalekin argitu zuten Gasteizko zerua, gaur arratsalderako manifestaziora joateko deia zabaltzeko.

Egitasmoa sendotuz

Egitasmoa sendotzeko prozesu betean dagoela ondorioztatu dute Errekaleor Bizirik elkarteko kideek. Hain zuzen ere, sendotze prozesu horren barruan kokatu dute Gorka Urtaran alkateak berriki egindako proposamena: auzoari kaleko argiztapena itzultzeko, eguzki panelak baliatzea proposatu zuen alkateak; hartara, bizilagunek ez lukete etxe okupatuak sare orokorrera lotzeko beharrik izango.

Errekaleor Bizirik elkarteak txalotu egin du Urtaranen proposamena. Are gehiago: adierazi dute erabaki hori bi aldeen arteko «adostasun puntu bat» izan daitekeela. Hain zuzen ere, nabarmendu dute auzoaren asmoa dela energetikoki buruaskiak izatea. Horretarako, finantzaketa kolektiboa hasiko dute, helburu horretan aurrera egin ahal izateko azpiegitura lortzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna