Urre beltza, anabasaren erdigunean

Libiako bi gobernuak herrialdeko baliabideak kontrolatzeko gerra zibilean murgildurik daude

Adrian Garcia -

2014ko abenduak 27
Libiako anabasaren erdian, etsaia estutzeko tresna eraginkorra da baliabide energetikoen gaineko kontrola. Herrialdeko petrolio azpiegitura nagusiak hartzen saiatu da Libia Egunsentia talde islamista, eta Al-Sidra portuko tanke batek su hartu du borroketan; herrialdeko petrolio portu nagusia da. AFP agentziaren arabera, gutxienez 22 soldadu hil zituzten islamistek ostegun gauean eginiko ezusteko erasoan, baina ez zuten lortu azpiegitura estrategikoak hartzea. AFP agentziak aipatutako mediku iturrien arabera, lau soldadu hil zituzten Al-Sidran. Mendebalderago hedatu ziren borrokak, Sirte hirira, eta hemezortzi soldadu eta Libia Egunsentia taldeko borrokalari bat hil ziren.

Iragan abenduaren 13an Libiako petrolio azpiegitura handienen kontrola bereganatzeko borrokak piztu zirenetik, herrialdearen petrolio ekoizpena eguneko 800.000 upeletik 350.000ra jaitsi da, The Guardian egunkariak kontsultatutako adituen arabera.

Erregai erreserba handiak dauzka Libiak, baina ezin da baliatu aberastasun horretaz, gerra zibil batek astindu baitu. Huts egindako estatu bat da. Bi gobernu eta bi parlamentu ditu, baina Muammar Gaddafiren 42 urteko erregimenak utzitako botere hutsunea itzela da, eta miliziek beren kasa egiten dute legea.

Hiru urte dira Gaddafi boteretik kanporatu eta hil zutela. Halere, 2012ko udan egoera ez zegoen egun bezain gaiztotuta, hauteskundeen ondoren CNT Libiako Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak era baketsuan eman baitzion boterea Kontseilu Nazional Nagusiari.

Baina Gaddafiren aurka erakutsitako batasun hori azkar urtu zen, desberdintasun ideologikoek eta tribuen arteko etsaitasunak bultzatuta. Gobernaezina da egun Libia, indarkeria zio politikoak lortzeko eguneroko tresna bilakatuta. Gobernu bakoitzak herri eta tribuen sare bat sortu du, eta milizien eragina eta potentzia atzerritarren babesa erabiltzen dute botere hutsune hori betetzen saiatzeko.

Nazioarteak Tobruk hirian ezarri den gobernua babesten du. Tripoli hiriburutik ekialdera dago, 1.200 kilometrora. Ekainean bozak egin zituzten, bertako parlamentuko ordezkariak aukeratzeko. Baina indarkeriaren itzalpean egin zituzten bozak, eta parte hartzea oso apala izan zen. Segurtasun arazoak zirela medio, Derna eta Kufra hirietan ez zituzten zabaldu hautetsontziak.

Hauteskundeetan garaile atera zirenetako asko Zintan mendebaldeko hiriko miliziaren eta Khalifa Hifter erretiratutako jeneralaren gertukoak ziren. Otsailean jeneralak Duintasuna operazioa abiarazi zuen Kontseilu Nazional Nagusia gidatzen zuten islamisten aurka. Islamistek Gaddafiren aldekoak izatea leporatzen diete.

Alderdi islamistetako kideak eta Misrata miliziak bat egin dute. Libiako hirugarren hiria da Misrata. Boterea berreskuratzeko, Libia Egunsentia taldea sortu zuten, eta uztailean Tripolin sartu ziren, eta Zintango miliziak kanporatu zituzten. Hiriburuko aireportua erabat hondatuta utzi zuten borrokek. Kontseilu Nazional Nagusia berrezarri zuten Tripolin, eta beste gobernu bat antolatu.

Libiako Auzitegi Gorenak egoera are gehiago aldrebestu zuen: Tobruk hiriko parlamentua legez kanpokotzat jo zuen, eta Tripoliko gobernuari eman zion zilegitasuna. Tripolin du egoitza auzitegiak, eta nazioarteko behatzaileek hango gobernuaren presioei egotzi diote erabakia.

Legerik gabeko herrialdea

Halere, badaude inongo gobernuri leial ez zaizkion miliziak; esate baterako, Bengaziko Ansar al-Xaria eta Derna hiriko EI Estatu Islamikoaren gertukoa. Era berean, Muftah hedabideko analistek diotenez, behin-behinean gobernu bati edo besteari laguntza eskaini dieten milizien leialtasuna hauskorra izan daiteke, adibidez, Tripolik eta Tobrukek bake akordio bat sinatuko balute.

NBE Nazio Batuen Erakundeak bultzatutako bake negoziazioek ez dute etekinik eman orain arte. Urtarrilaren 5ean biltzekoak dira berriro. Nazioarteak proposatu du bi aldeetakoek osatutako batasun nazionaleko gobernu bat eratzea. Milizia eta tribuen arteko konfiantzarik eza gainditzea dute oztopo nagusia bitartekariek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna