Mugabe lehen aldiz agertu da jendaurrean, matxinada hasi zenetik Zimbabwen

«Aurrerapen adierazgarriak» egon dira militarren eta Mugaberen arteko negoziazioetan. Presidentearen aurkako protestak deitu dituzte gaurko

Robert Mugabe presidentea unibertsitateko zeremonian, atzo. AARON UFUMELI / EFE.
Iosu Alberdi.
2017ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Zimbabweko presidente Robert Mugabek atzo egin zuen bere lehen agerraldia, armadak Harare hartu eta bera etxean atxilotu zuenetik. Zimbabweko Unibertsitate Irekiko graduazio zeremonian izan zen, Hararen. Mugaberen eta militarren arteko negoziazioetan ere «aurrerapen adierazgarriak» izan dira, armadak berak azaldu duenez: «Oraingoz, hurrengo etaparen inguruan hitz egiten ari gara komandanteburuarekin [Mugabe].Ahal bezain laster emango dugu elkarrizketen berri».

«Mugaberen inguruko gaizkileak» euren karguetatik kentzeko aurrerapausoak ematen ari da armada, baita horietako hainbat auzitara eramateko ere. Hala argitaratu du The Herald egunkariak, militarrek kontrolatua. Gobernuko ZANU-PF Zimbabweko Batasun Afrikar Nazionala-Fronte Patriotikoa alderdiko goi kargudunak, berriz, atzo bildu ziren, Mugaberen kargugabetzea prestatzeko. Presidenteak, ordea, kargua uzteari uko egin zion, eta armadaren interbentzioa legez kanpokotzat jo.

Oposizioa ere lanean hasi da, eta The Guardian egunkariaren arabera, prest egongo litzateke Emmerson Mnangagwa presidenteorde ohia buru izango lukeen trantsizio gobernu batean sartzeko. Oposizioko MDC Aldaketa Demokratikorako Mugimenduko lider Morgan Tsvangirai izango litzateke lehen ministroa—kargu hori izan zuen 2009tik 2013ra—. Mugaberen jarraipena ere aukeren artean dago, abenduko ZANU-PF alderdiaren kongresura arte edo 2018ko hauteskundeetara arte.

Bien bitartean, ZNLWA Zimbabweko Askatasun Gerrako Beteranoen Elkarte Nazionalak, gizartean eragin handia duenak, presidentearen aurkako protesta bat deitu du gaurko. Elkarteko buru Christopher Mutsvangwak azaldu du ez diotela Mugaberi karguan jarraitzen utziko: «Uste du jendea berarekin dagoela. Bihar ikusiko du. Armadak hasitako lana amai dezakegu».

Matxinada Mnangagwaren kargugabetzeak piztu zuen. Presidentea ordezkatzeko hautagai nagusietako bat zen presidenteorde ohia, eta duela astebete kargugabetu zuen Mugabek, ustez bere emazte Grace Mugabek bultzatuta —presidente kargura iristeko beste hautagaia zen—. Armadaren esanetan, Grace Mugaberen aldeko mugimenduak gerrako beteranoak goi karguetatik kentzea du helburu.

«Ez gara erregeak»

Nazioarteari dagokionez, Noseviwe Mapisa-Nqakula Defentsa ministroak eta Bogani Bongo Segurtasun ministroak zuzendutako taldea bidali zuen Hegoafrikak Hararera, negoziazioetan laguntzeko eta kargugabetzearen baldintzak adosteko asmoz. Herenegun, SADC Afriko Hegoaldeko Garapenerako Elkarteko liderrak ere bildu ziren Botswanan, eta argitaratutako adierazpenean azaldu zuten konstituzioaren aurkako gobernu aldaketak gaitzesten dituztela. Botswanako presidenteak, ordea, esan du inguruko liderrek ez dutela babesten Mugabek boterean jarraitzea: «Presidenteak gara, ez erregeak». Izan ere, Mugabek ia lau hamarkada daramatza boterean, 1980an gutxiengo zuriaren erregimenaren aurkako gerra amaitu zenetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.