Behartuta, baina borondatetsu

Alemanian gobernua osatzeko bilera sorta hasi dute. Ostiralean dira ondorioak aurkeztekoak. CSU migrazio politika gogortzearen aldekoa da, eta SPDk, berriz, «politika gorriak» nahi ditu

joan den iraileko hauteskundeen aurretik Merkelen eta Schulzen aurpegiekin egindako kartela. CLEMENS BILAN / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Biek egin zuten porrot lehengo irailaren 24an, Alemaniako hauteskunde federaletan. Irabazi arren, bai CDU Angela Merkelen alderdiak, 1949az geroztik emaitzarik txarrenak bilduta; baita SPD Martin Schulzenak ere, parlamentuan 40 jarleku galduta. Bi alderdietako kide askoren ustez, 2013 eta 2017 artean koalizioan elkarrekin gobernatu izanaren ondorio izan ziren emaitzak. Hiru hilabete pasa geroago, ordea, ia-ia behartuta, baina Alemanian gobernua osatzeko bilera sorta hasi dute CDU/CSU bloke demokristaukoek eta sozialistek. Herenegun egin zuten lehen batzarra, Berlinen, eta borondatetsu jokatzeko prest daude. Merkel jarduneko kantzilerraren ustez, «posible da» akordioak lortzea. Schulzek elkarrizketa «eraikitzaileak» iragarri ditu, eta Horst Seehofer Bavariako lehen ministroarentzat (CSU) «elkar ulertu» beharra daukate. Ostiralean dira bileren ondorioen berri ematekoak, eta ordura arte ez dute jendaurreko adierazpenik egingo.

Askotan gobernatu izan dute elkarrekin, baina CDU/CSU eta SPD ez dira berez aliatuak. Ikuspegi oso diferenteak dituzte, esaterako, migrazioaz, zergez, osasun sistemaz eta Europaz, eta, aurreko asteotan egindako deklarazioak aintzat hartuta, ez dirudi beren jarreretan atzera egitekotan daudenik. Inoizko posizio ahulenean dago Merkel —2005ean heldu zen boterera—, eta, tonua apalduz, alemaniarrentzat gobernu «egonkor bat» osatzea komeni dela errepikatu izan du joan den irailetik. Baina Bavarian bozak egingo dituzte hurrengo udazkenean, eta, hautesleak ez galtzeko ahaleginean, geroz eta diskurtso gogorragoa darabil Seehoferrek. Alemaniara azken hiru urteotan ia 1,5 milioi errefuxiatu iritsi direla eta, migrazio politika gogortu nahi du. Izan ere, CSUren joera batentzat, Merkelek etorkinen sarrera ahalbidetu zuelako galdu zituen 65 eserleku bloke kontserbadoreak iraileko hauteskundeetan, liberalen eta eskuin muturrekoen mesedetan.

Horregatik, zera nabarmendu zuen Seehoferrek, duela gutxi: «Proiektu hau arrakastatsua izan daiteke, baldin eta gure balizko bazkideak ez badu urrunegi joan nahi». SPDz ari zen. Eta Schulzek herenegun jakinarazi zuen elkarrizketetan ez dutela «marra gorririk» jarriko. Dena den, desadostasunerako bazka eman dezakeen ohartarazpen bat egin zuen: «Alemaniak ahalik eta politika gorrienak izatea nahi dugu».

Martxo bukaera arte

Lau bat aste gutxieneko batzuen programa adosten igaro ostean, CDU/CSUk, liberalek eta Berdeek joan den azaroaren 19an hautsi zituzten gobernu koalizioa osatzeko negoziazioak, immigrazio eta ingurumen politiketan ez zirelako ados jarri. Schulzek, sasoi hartan, behin baino gehiagotan esan zuen ez zirela demokristauekin eseriko —ARD komunikabideak egindako inkesta baten arabera, alemaniarren %52 eszeptikoak dira koalizioari dagokionez—, pentsatzen baitzuen bozkatzaileek bozetan «txartel gorria» atera ziotela Koalizio handia deitutakoari. Merkelek ez zuen eta ez du asmorik hauteskundeetara berriro deitzeko, eta hitz egiteko eskatu zion Schulzi. SPDk kongresu federalera deitu zuen abenduaren 6an, eta delegatuek jarduneko kantzilerrarekin negoziatzeko baimena eman zioten Schulzi, nahiz eta militante asko koalizioa berritzearen kontrakoak diren.

Ostiralean hiru alderdiak aurkeztutako ondorioak positiboak izanda ere, SPDk bere kongresuan onartu beharko ditu, hilaren 21ean, Bonnen. Hori gertatuz gero, negoziazio formalei ekin ahal izango liekete, eta horiek otsaila bukaera arte luza daitezke. Horren ondoren, SPDko militante guztiek bozkatu ahal izango dute azken proposamena. CDUren eta CSUren kasuan, aldiz, nahikoa da alderdien zuzendaritzen oniritziarekin. Ondo bidean, martxo bukaeran izendatuko lukete Merkel kantziler, laugarren aldiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.