Yemen, eztanda egiteko zorian

Herrialdearen hegoa Sanaren agindupetik bereizteko, salbazio kontseilu bat osatu dute 25 erakundek.

Saudi Arabiako mugako pasabide nagusia hartu dute hutiek.

Borroka gogorrak izan dira Ebb hirian
Huti mugimenduko miliziano xiiten kontrol postu bat, atzo, Sana hiriburuan.
Huti mugimenduko miliziano xiiten kontrol postu bat, atzo, Sana hiriburuan. YAHYA ARHAB / EFE

Xabin Makazaga -

2014ko urriak 19
Ali Abdullah Saleh presidentea agintetik kentzea lortu zuten (1978-2012), Udaberri Arabiarraren beroaldiko protestekin, eta Elkarrizketa Nazionalaren Konferentzian estatu federal bat osatu eta erreforma demokratikoak bideratzeko egitasmo bat ere hitzartu zuten aurtengo urtarrilean, etenaldiz jositako bi urteko negoziazio zail batzuen ostean. ICG International Crisis Group erakundearen txosten batek, baina, «onenean ere, plana egitasmo bat» dela eta «gertakariak beste bide bat» hartzen ari direla nabarmendu zuen udaberrirako.

Yemenen, izan ere, gatazka zaharrak orbandu gabeko zauri biziak dira oraindik. Egonkortasun politikorik ez da inoiz izan, eta hiru fronte behintzat baditu zabalik, estatua bera kolokan jartzerainokoak: hegoaldean, sezesioaren aldeko mugimendua; iparraldean, korronte xiitako milizia hutien altxamendua; eta Al-Qaedari lotutako talde islamisten presentzia handia, Yemen AEBetako droneen jomuga nagusietako bat bihurtu duena Barack Obamaren bigarren agintaldian.

Aurtengo abuztuan mobilizazio handiak hasi zituzten hutiek, gobernuak erregaietarako diru laguntzak kendu zituelako, eta Sana hiriburua mendean hartzeko mehatxua ere egin zuten miliziano armatuek. Gobernu bat osatzeko ahaleginek ez dute fruiturik eman aspaldian, eta ikusgai dago Khaled Bahah lehen ministro izendatu berriak exekutiboa osatzerik baduen.

Egitura politiko berri bat

Hegoaldean, halaber, inoiz ez da itzali independentziaren aldeko sua, 1990. urtean probatutako batasunak gerra zibil bat eragin eta geroztik Sanak azpiratuta eduki baitu errepublika sozialista izan zen eremua.

Asteazkenean, Hego Yemengo Mugimenduak azaroaren 30a arteko epea eman zion gobernuari, armada nahiz iparraldetik joandako funtzionario zibilak hegoaldetik erretiratzeko. Atzerriko konpainiei petrolioa eta gasa ustiatzeari uzteko ere ohartarazi zien. Eta atzo, Hegoaldearen Salbaziorako Kontseilu Nazionala eratu dutela jakinarazi zuten sezesioaren aldeko 25 erakundek.

Independentziaren aldeko indarrak egitura politiko batean bildu dituzten lehenengo aldia da, eta sortze agiria sinatu eta zuzendaritza bat osatu dutela jakinarazi dute. Adenen, hegoaldearen hiriburu izandakoan, mobilizazioak egingo dituzte egunotan beren eskakizunak aldarrikatzeko.

Adenekin adinako kezka izango du, ordea, Abd Rabbo Mansur Hadi presidenteak iparraldearekin. Ostiral gauean, izan ere, miliziano hutiek Saudi Arabiako mugaldeko pasabide nagusia hartu zuten, Saada ondoan. Hardeko pasaguneko arduradunei bildutako dirua gehiago Sanari ez bidaltzeko ohartarazi zien matxinatutako talde xiitak.

Hutiek mugako pasabide bat hartu duten lehen aldia da, itsasorako pasabidea ireki eta egun gutxira. Asteartean, izan ere, Hudaida hiri estrategikoa mendean hartu zuten, Itsaso Gorriaren kostaldean. Sana hiriburuan nagusi dira, eta Saada eta Amran hiriak eta Zemar eta Haya herriak ere kontrolpean dituzte.

Ebb hiria ere mendean hartua zuten hutiek asteazkenetik, baina buruzagi sunitek kontrola berreskuratu zuten herenegun. Gutxienez zortzi hildako izan dira borroketan, eta miliziano hutiak kirol estadioan inguratuta dauzkate. Probintzia berean, Yarim herrian hutiek eta sunitek izandako borroketan hamalau lagun hil ziren atzo, eta asteon Al-Qaedak bi herri mendean hartu ditu: Al-Odein eta Hazm al-Odein.

2012ko otsailean hartu zuen Hadik Yemengo presidentetza, oposizioko indar nagusiekin akordioa lortuta. Salehekin presidenteorde izana eta Herriaren Kongresu Nagusia alderdiko kidea —indar nagusia oraindik ere Yemenen, Saleh bera idazkari nagusi duela—, trantsizioa zuzentzearen truke utzi zioten presidentetza. Baina prozesua ez da nahi bezain eredugarria izan, antza, eta NBEk zigor ekonomikoak agindu zituen aurtengo udaberrian Yemenen trantsizio politikoa trabatzen ari diren politikarientzat. Saleh bera zen jomuga nagusia.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna