Beste hiru atzerapauso

Astebeteren buruan, kondenarik gabe bukatu dira hiru beltz hiltzeaz akusatutako AEBetako hiru poliziaren aurkako epaiketak. Ray Tensing poliziaren kasuan, bigarrenez baliogabetu dute epaiketa

Emakumezko bat kartel bati begira, 2015ean, New Yorken. Horretan ageri dira AEBetako Poliziak azken urteetan hildako lagun batzuen argazkiak. JUSTIN LANE / EFE.
Igor Susaeta.
2017ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
2014ko uztailaren 17an ito eta hil zuten bi polizia zurik Eric Garner 43 urteko gizon beltz armarik gabea New Yorken, eta polizia horiek kargugabetu egin zituzten. Ia hilabete geroago, Michael Brown 18 urteko gaztea —hura ere beltza eta armarik gabea— hil zuen tiroz beste polizia zuri batek, Fergusonen (Missouri), eta kondenatua izateaz, are epaitua izateaz libratu zen. Horrek sumina eragin zuen afro-amerikarren eta hispanoen artean, eta justizia erreformatzeko eskatu zuten urte hartako abenduaren 13an, Washingtonen manifestazio jendetsu bat eginez. Garner eta Brown ez ziren, ordea, gogoan zituzten bakarrak. Izan ere, Barack Obama, gizon beltz bat, 2009ko urtarrilean AEBetako presidente izendatu zutenetik, herrialde hartako gutxiengoetako pertsona gehiago hil dituzte, Poliziak edota segurtasun indarrek, antzeko zirkunstantzietan: Oscar Grant, Trayvon Martin, Manuel Diaz...

Gehitu horiei beste hiru izen: Samuel Dubose, Philando Castile eta Sylville Smith; horiek ere hiru poliziak tiroz hildakoak. Epaitu dituzte segurtasun indarretako hiru kide horiek, eta azken bederatzi egunetan plazaratu dituzte epaiak: hiruretako bat ere ez dute kondenatu. Jeronimo Yanezek Castile hil zuen, eta epaimahai batek errugabetu zuen joan den ekainaren 16an. Beste epaimahai batek Dominique Heaggan-Brown polizia beltza —Smith hil zuena— kargugabetu zuen joan den asteazkenean. Eta Ray Tensing ere zigortua izateaz libratu zen herenegun, epaimahaiak epai bat adostu ez duenez Leslie Ghiz epaileak epaiketa baliorik gabe utzi duelako —iazko azaroan gauza bera gertatu zen—. Epaimahai horietako hamabi kideetako bederatzi zuriak ziren, eta beste hirurak, beltzak. AEBetako justizia erreformatzea aldarri zaharra da, baina astebeteren buruan beste hiru atzerapauso eman ditu justiziak berak.

Seth S. Tieger Hamiltongo (Ohio) fiskalaren esanetan, polizia batek inoiz egindako «erailketa zentzugabeena» da Tensingena. «Zu pistola batekin norbaitengandik gertu baldin bazaude, eta katua sakatzear zaudenean burura apuntatzen baldin badiozu, zure helburua beste pertsonari bizia kentzea da», esan du fiskalak, epaiketa egunetako batean. Gertatu zena bideo batean ikus daiteke, argi asko, Interneten. «Tensingek ez zuen pistola ateratzeko motiborik». Stew Mathews akusatuaren abokatuarentzat, baina, poliziak arriskuan zegoela sentitu zuen, Duboseren besoetako bat nonbait trabatuta zegoela ikusi zuenean. «Mehatxua geratzeko tiro egin behar izan zuen».

Abokatua areago joan zen bere azalpenetan, eta adierazi Dubosek eragin zuela egoera. Epaimahaiari ondokoa esan zion: «Ahalegindu behar duzue halako egoera batean poliziaren posizioan jartzen. Galdetu zeuen buruari: 'Zer egingo nuke nik?'».

«Arrazismo arazo larri bat»

Epaiketa baliogabetu zutela jakin eta berehala, Donyetta Bailey Cincinnatiko Abokatu Beltzen Elkarteko presidenteak salatu zuen halako kasuetan Poliziaren alde egiten dela. «Honek erakusten du gure sistema legalak ez dituela kontuan hartzen afro-amerikarren giza eskubideak».

AEBetan estatu bakoitzari dagozkio Poliziaren eta Justiziaren eskuduntzak, eta ez gobernu zentralari. Baina, estatuek justizia egiteko duten ezintasuna ikusirik, Washingtoni esku hartzeko eskatu diote, azken urteetan, giza eskubideen hainbat erakundek.

Castile hil zuen polizia epaimahai batek errugabetu duela jakin ondoren —gertatutakoaren bideo bat ikusgai dago Interneten—, Jaylani Hussein Harreman Islamiar-Estatubatuarren Kontseiluko Minnesotako ordezkariak nabarmendu zuen «mezu gogorra» bidaltzen duela epaiak: «Horrek erakusten du oraindik ere arrazismo arazo larri bat dugula herrialde honetan». Dominique Heaggan-Brown poliziaren jokabidea justifikatzeko, haren abokatuek esan zuten epaiketan bere burua defendatzearren tiro egin ziola Smithi.

The Washington Post-en arabera, 2015ean 990 lagun hil zituzten poliziek AEBetan. Justizia Sailaren datuek erakusten dituzte arrazakeriaren zantzuak. AEBetan herritarren %13 dira beltzak, baina atxilotutako susmagarrien %28 beltzak izan ziren 2010ean, eta atxilotze unean hildakoen %32 2003-2009 urteen artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.