Kabia, eredu berri baten bila

Gipuzkoan Bildu, PSE-EE eta Aralarrek onetsi dute erakunde berri bat sortzea 16 zahar etxe kudeatzeko.

Har ditzake zerbitzu gehiago geroan.

EAJk eta PPk ez dute gogoko
Gipuzkoako zahar etxeetako langileak protesta batean, artxiboko irudi batean.
Gipuzkoako zahar etxeetako langileak protesta batean, artxiboko irudi batean. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Arantxa Iraola -

2014ko azaroak 9
Asteotan hitzean eta hortzean ibili du Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikarako diputatu Ander Rodriguezek alderaketa bat. Rodrigo Rato da protagonistetako bat, Espainiako PPko buruzagi ohia, Bankiako zuzendari izandakoa, eta ustelkeria kasu baten harira, ia eguneroko albiste azkenaldian. Gipuzkoan zahar etxeetan diharduten langileak dira beste protagonistak. «Tipo horrek [Ratok] Gipuzkoako zahar etxeetan ari diren 115 langilek kobratzen dutena kobratzen du hilabetean. Haren lana garrantzitsuagoa al da langile horiena baino?». Kabia erakunde autonomoaren sorrera defendatzeko egin dituen adierazpenen barruan egin du alderaketa Rodriguezek, Gipuzkoako gizarte zerbitzuak hobetzeko giltzarri izango dela sinetsita. Oraingoz, egun udalen kudeaketapean dauden 16 zahar etxe diputazioaren esku uzteko sortu dute Kabia, baina ez dute baztertzen geroan beste hainbat gizarte zerbitzuri ere bertan abaro egitea.

PSE-EEren eta Aralarren babesarekin lortu du asteon Bilduk Kabiaren aldeko onespena Gipuzkoako Batzar Nagusietan. EAJk eta PPk, aldiz, irmo kritikatu dute erabakia. Bereziki gogor mintzatu dira ordezkari jeltzaleak. «Gipuzkoan dugun eredua bikaina da; eredugarria», esan du Eider Mendoza batzarkideak. «Defendatu egin behar dugu». Markel Olano taldeko eleduna ere, kritiko: «Hedatu nahi dute eredu publikoa arlo guztietara; guretzat hori ez da bideragarria».

Ander Rodriguezek ez du ukatzen gizarte zerbitzuen kontrol publikoa berrekuratzeko ahalegin bat dagoenik Kabiaren sorreraren atzean. Egun zahar etxeetan, esaterako, lekuen %3k bakarrik dute aldundiaren kudeaketa zuzena; adingabeentzako zentroetan, aldiz, bakar batek ere ez. Urte askotan «esternalizaziora eta enpresa pribatuen azpikontrataziora» jo dela dio Rodriguezek, eta aldatu egin nahi dutela hori. Izan ere, kudeaketaren alorretik hain urrun egoteak arazo eta arriskuak dakartzala dio. «Kudeaketaren gaineko ezagutza falta dakar, eta zerbitzuaren kalitatearen kontrol falta; azkenean, zuk berme asko jar ditzakezu, baina ez da gauza bera zuk kudeatzea edo ez kudeatzea», ohartarazi du.

Kabiaren erako erakunde baten premia agintaldi honetan usu sentitu dutela dio. «Krisiak izan ditugu gizarte zerbitzu batzuekin, eta Kabia martxan izan balitz, agian beste hauturen bat egin ahal izango genuke, baina aukerak oso urriak ziren».

Irabazi asmoaren arriskuak

Adierazi du arazorik handienak irabazi asmoa duten enpresekin izan dituztela. Zahar etxeetako lekuen %41 kudeatzen dituzte, adingabeen zentroetakoen %40. «Merkataritza enpresa guztiak ezin dira txartzat jo; baina dirua irabazteko duten asmoak zenbaitetan talka egiten du gizarte zerbitzuaren kalitatearekin». Enpresa askok bikain dihardutela onartu du, eta horiekin jarraitu nahi dutela harremanetan, baina etorkizunerako lehentasunak beste arlo batzuetan nahi dituzte. «Nahiko genuke kudeaketa zuzen indartsu bat, eta hirugarren sektoreak ere sendo jarraitzea». Prozesua luzea izango dela dio. Hala ere, argi du zahar etxeekin lehenbiziko urratsa egin eta gero, zein bide hautatu. «Adingabeen arloan uste dut aldundiak baduela zeresana; noizbait urratsen bat egin beharko da; Kabia izango da, dudarik gabe, horretarako erakundea».

Hirugarren sektorea. Irabazi asmorik gabeko taldeek osatutako taldeari deitzen zaio hala, eta gizarte zerbitzu askoren kudeatzaile dira Gipuzkoan. EAJk behin eta berriro ohartarazi du iragan hilabeteotan Kabia sortuta arrisku larrian gera daitekeela sektore horren geroa, kudeaketa zuzenak irentsiko baitu. «Guk, aldiz, Gipuzkoako gizartean sinesten dugu», azaldu du Markel Olanok.

Guztiz ukatu du Rodriguezek jeltzaleen kritika. Hirugarren sektoreak egiten duen lanaren balorazio aski «positiboa» egiten dutela dio, eta sustatzen jarraitu nahi dutela: «Hirugarren sektoreak hazkunde handia izan du aldundi honen eskutik». Ohartarazi du, gainera, Kabiaren tankerako erakundeak badirela lehendik ere foru aldundiaren abaroan. «Hortxe dago, esaterako, Uliazpi, adimen urritasuna duten pertsonekin diharduen elkartea. Eta primeran funtzionatzen du. Eredugarria da». Jomuga argi du diputatuak: «Bihur dezagun zaintza lehentasun politiko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna