Anabasa gobernaezin bat

Yemengo hiriburuan kalera irten dira milaka herritar, huthien kontrako protestan.

Gaur biltzekoa da parlamentua, Hadi presidentearen dimisioa onartu eta jarduneko agintaritza bat izendatzeko
Huthien kontrako manifestazio batean milaka herritar bildu ziren atzo Yemengo hiriburuan.
Huthien kontrako manifestazio batean milaka herritar bildu ziren atzo Yemengo hiriburuan. WADIA MOHAMMED / EFE

Xabin Makazaga -

2015eko urtarrilak 25
Yemen gobernatuko duenik ez dago. Gaur-gaurkoz, behintzat, ez. Ostegunean dimisioa eman zuten Khaled Bahah lehen ministroak eta gobernu osoak, eta baita Abd Rabo Mansur Hadi presidenteak ere, matxino huthiek behartuta. Herrialdearen iparraldeaz gain, iazko irailetik Sana hiriburua ere kontrolpean du islamaren adar xiitako mugimenduak.

Parlamentuak bilkura berezia egitekoa du gaur, Yahya al-Rai ganberako presidenteak deituta, Hadiren dimisioa onartu eta behin-behineko agintaritza bat izendatzeko. Berez ostiralean egitekoa zuten bilera, baina, herrialdeak duen egoera nahasiagatik, legebiltzarkide asko —gehienak hegoaldekoak— ezin izan ziren Sanara iritsi.

Atzo, huthien kontrako manifestazio batean 10.000 herritar inguru elkartu ziren Yemengo hiriburuan —bezperan 20.000 bildu ziren mugimendu xiitaren alde—, eta milizianoek ez zuten eragotzi protesta. Liskarrak ere izan ziren, manifestarien eta huthien artean. Hudaida, Dhamar, Ibb eta Ta'izz hirietan ere egin zituzten huthien kontrako protestak. Gaur parlamentuak zer erabakiko zain daude guztiak, baina anabasak ertz gehiegi ditu konponbide bat espero izateko, aspaldi piztu eta inoiz itzali ez den gatazka bat baita Yemengoa.

Iparraldea eta hegoaldea banatuta egon ziren independentzia lortu zutenetik, eta, 1986ko gerra zibilaren ostean, 1990ean egin zuten bat. Ordutik Ali Abdullah Saleh izan da presidente, 2012ko otsailaren 27an, Udaberri Arabiarreko protesten testuinguruan, kargua utzi behar izan zuen arte.

Huthiek, Yemen bateratzean sortutako Ansar Ala mugimenduarekin, iparraldeko xiiten bazterkeria amaitu nahi dute, eta Hadirekin akordio bat ere egin zuten asteazkenean, gero kargua uztera behartu aurretik, konstituzioa aldatu eta estatuko agintaritza postuen erdiak haien esku uzteko. Hegoaldean, berriz, independentziaren aldeko mugimenduak indar handia dauka oraindik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna