Albistea entzun

Saudi Arabiak 47 preso exekutatu ditu, tartean buruzagi xiita bat

«Terrorista» izatea egotzita hil ditu Udaberri Arabiarra babestu zuen kleriko xiita eta beste 46 lagunak. Xiiten eta suniten arteko borroka piztea egotzi, eta «garesti» pagatuko duela esan dio Iranek Riadi
Herritar bat Al-Nimr klerikoaren argazkiarekin Bahraingo hiriburuan, atzo, Saudi Arabiako monarkiaren kontra izandako protestetan.
Herritar bat Al-Nimr klerikoaren argazkiarekin Bahraingo hiriburuan, atzo, Saudi Arabiako monarkiaren kontra izandako protestetan. AHMED ALFARDAN / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Jon Fernandez -

2016ko urtarrilak 3

Exekuzio masibo batekin hasi du 2016a Saudi Arabiak. Atzo 47 pertsona exekutatu zituen monarkia absolutistak, tartean Sheikh Nimr al-Nimr kleriko xiita. Herrialdeko gutxiengo xiitaren elizgizon nagusietako bat hil izanak Al-Saud dinastiaren kontrako protesta gogorrak piztu ditu gehiengo xiita duten inguruko herrialdeetan —Bahrain, Iran, Irak, Libano eta Yemenen—, eta baita Saudi Arabian xiita gehien dauden Qatif eskualdean ere. Iranek ohartarazi du Riadek «garesti» ordainduko duela Al-Nimrren heriotza, eta hainbat herrialdetako xiitek gatazka sektarioa hauspotzea leporatu diote Saudi Arabiari.

Munduan heriotza zigor gehien ezarri zuen hirugarren herrialdea izan zen 2014an Saudi Arabia, 90etik gora exekuziorekin. Iaz, berriz, 157 pertsona hil zituen, Amnesty International erakundearen arabera. Atzoko 47 heriotza zigorren azalpenak emateko telebistan egin zuen agerpena Mansur al-Turki Barne Ministerioko bozeramaileak. «Bidezko exekuzioak» izan zirela adierazi zuen, zigortuen eskubide prozesal guztiak errespetatu zirela, eta herrialdeko justizia sistemarekiko ulermena eskatu zuen: «Araudia lege islamikoan oinarritzen da, Korana eta Mahoma profetaren esanak dira legearen autoritate judizialak». Herrialdeko hamabi tokitan egin dituzte 47 exekuzioak, eta Al-Turkik toki bakoitzean erabilitako teknika azaldu zuen: zortzi tokitan, burua sable batekin moztuta, eta beste lauretan, fusilatze bidez.

Hildakoen artean bat egiptoarra da, beste bat txadarra, eta gainerako 45ak saudiarabiarrak, horien artean 54 urteko Al-Nimr kleriko xiita. Udaberri Arabiarraren barruan 2011n eta 2012an Saudi Arabian izandako protestak defendatu zituen Al-Nimrrek. Herrialdeko gutxiengo xiiten eskubideak aldarrikatu izan ditu urteetan klerikoak, eta 2009an haren kontrako atxilotze agindua eman zuen Riadek. Al-Nimrrek Qatif eskualdea Saudi Arabiatik independizatzeko aukera defendatu zuen monarkiak xiiten eskubideak betetzen ez baditu. Bere jarraitzaileek nabarmendu dute ekintzaile baketsua zela, eta klerikoaren anaiak ere exekuzioen kontra protesta baketsuak egiteko deia egin du.

«Terrorismoa» eta «Saudi Arabian atzerriko indarren esku hartzea sustatzea» leporatu diote klerikoari. Aipatu barik, baina Iranez ari da Riad atzerriko indarrak esatean. Izan ere, 2014ko urrian Al-Nimrren heriotza zigorra berretsi zutenean Teheranek mehatxu egin zuen exekuzioak soka luzea ekarriko zuela eta ez zela erreakzio barik geratuko. Atzo ere gogor berba egin zuen Ahmad Jatami Irango goi klerikoak: «Ez daukat zalantzarik Al-Nimrren odol garbiak Al-Saud etxearen lepokoa zikinduko duela eta familia hori historiako orrialdeetatik desagertuko dela». Irango bigarren hiri handienean, Maxhaden, hainbat herritarrek atzo su eman zioten Saudi Arabiaren kontsulatuari, Russia Today telebista katearen arabera.

Eragina Ekialde Hurbilean

Islama bi adar nagusitan banatuta dago VII. mendean Mahoma profeta hil zenetik, eta egun inoiz baino biziago dago bien arteko zisma, banaketa geopolitiko baten adierazle ere badelako. Saudi Arabia da suniten taldeko burua, eta Iran xiitena. Horregatik, exekuzioek haserrea piztu dute gehiengo xiita duten estatuetan.

Irakeko politikari xiitek ere gogor gaitzetsi dute exekuzioa, tartean Haider al-Abadi lehen ministroak. Gobernuburuaren ustez, heriotza zigorrak eragin kaltegarria izango du Ekialde Hurbilean. Nuri al-Maliki Irakeko lehen ministro ohiaren iritziz, berriz, kleriko xiitaren hilketak Al-Saud familia boteretik eroraraztea ekarriko du.

Yemengo huthi milizia xiitak «giza eskubideen urraketa» salatu du, eta Libanoko Hezbola gerrilla xiitak «krimena» gaitzetsi du. Bahrainen, bestalde, protesta jendetsuak egin dituzte hainbat hiritan: Riaden kontra, baina baita Bahraingo monarkia sunitaren kontra ere. Poliziak negar gasak jaurtiz erantzun die manifestariei. 2011n hasi ziren gehiengo xiitaren protestak monarkia sunitaren kontra Bahrainen.

Gogoan izan behar da Saudi Arabiak oposizio xiita isilarazteko legedi gogorra duela: ateotzat jotzen du lege islamiko sunita onartzen ez duen oro, eta, aldi berean, terroristatzat jotzen ditu ateoak.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Pekinen iragan astean egin zuten manifestazioetako bat. ©M. R. CRISTINO / EFE

Txina, konfinamenduen amaierarako bidean

Olatz Urkia

Urumqin hiru lagun hil ziren joan den astean, sute bat hasi eta konfinamendu neurriek suhiltzaileen lana oztopatu zutenean. Haserrea segituan piztu, eta Txina osoan hedatu dira neurri horren aurkako protestak; orain, egoera baretuta, badirudi gobernuak manifestariak lasaitzeko keinua egin duela.
Guardia Zibila, atzo, AEBek Madrilen duten enbaxadaren atarian. ©FERNANDO VILLAR / EFE

Espainiatik bidali dituzte gutun piroteknikoak, Poliziaren arabera

Uxue Rey Gorraiz - Gorka Berasategi Otamendi

Sanchezek, Roblesek eta Ukrainaren eta AEBen enbaxadek jaso dituzte, besteak beste

 ©ROMAN PILIPEY / EFE

Errusiak ez du onartuko Ukrainako gerra krimenetarako auzitegirik

Mikel O. Iribar

Kremlinek «ilegitimotzat» jo du Europako Batzordeak egindako proposamena. Zelenskiren arabera, sei milioi herritar daude argindarrik gabe Ukrainanan.

Hainbat lagun, Israelgo armadak herenegun hil zuen palestinar baten hiletan, Beit Rema herrian, Zisjordanian. ©ALAA BADARNEH / EFE

Israelgo armadak beste bi palestinar hil ditu tiroz, Zisjordanian

Mikel O. Iribar

Jeningo errefuxiatuen kanpalekuan egin dute sarekada Israelgo indarrek. Zortzi palestinar hil dituzte 72 orduan, eta hamar astebetean. NBEk onartu egin du 2023an Nakbaren 75. urteurrena oroitzeko ebazpena.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.