Urtebetera, Erdogan gehiago

Turkian ospakizun handiekin oroitu dute presidentearen aurkako estatu kolpe saialdiaren lehenbiziko urteurrena. Hamabi hilabetean 50.000 lagun baino gehiago atxilotu dituzte

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea, atzo, parlamentuan egindako ekitaldian. MURAT CETINMUHURDAR / EFE.
mikel rodriguez
2017ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
«Duela urtebete, Turkiako milioika herritarrek alde batera utzi zituzten haien ezberdintasun politikoak, kulturalak eta etnikoak, fronte bateratu bat eratzeko gure herrialdeko konstituzioa bertan behera utzi nahi zuten konspiratzaileen aurka, zibil errugabeak tirokatu zituztenen aurka, eta parlamentua bonbardatu zutenen aurka. Elkartuta, Turkiako herriak ez zuen onartu talde armatu batek demokrazia, askatasuna eta bizimodua ebastea». Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak bere aurkako estatu kolpe saialdiaren kontakizuna egin zuen atzo Erresuma Batuko The Guardian egunkarian. Izan ere, 2016ko uztailaren 15eko arratsean, milaka herritar karrikara atera ziren estatu kolpearen aurka protestatzera, eta alderdi nagusi guztiek, Kurdistango burujabetzaren aldeko HDP Herriaren Alderdi Demokratikoak barne, ez zuten babestu Erdogan indarrez kentzea, nahiz eta aspalditik ari zitzaizkion leporatzen joera autoritarioa. Estatu kolpeak jaso zuen arbuio horrek, ordea, ez du batere antzik izan Erdoganek irudikatu duen batasun idiliko horrekin, urtebete geroago, hau izan baita emaitza: 50.000 atxilotu baino gehiago, 170.000 funtzionario kargutik kenduta, kazetarien eta gizarte ekintzaileen aurkako sarekada zabalak, Kurdistango burujabetzaren aldeko mugimenduaren aurkako errepresioaren areagotzea, eta, errematea, sistema presidentzialista gogor bat ezartzea zalantza handiak sortu zituen erreferendum bat eginda.

Ospakizun handiak antolatu zituen atzo Turkiako Gobernuak. Parlamentuko zeremoniaren ondoren, arratsaldean Batasun nazionaleko martxak egin zituzten, eta, ondoren, Erdogan bera Istanbulgo Bosforoko zubian eginiko ekitaldian izan zen. Zubi hura izan zen estatu kolpearen toki nagusietako bat, eta, gaur egun, Martirien Zubia izena du, arrats hartan militarrek hil zituztenen omenez. Ondoren, Ankarara jo zuen presidenteak, goizaldean kolpistek parlamentuari eraso egin zioten ordu berean bertze ekitaldi batean parte hartzeko.

Atzoko arratsez duela urtebete, militar talde batek «ordena demokratikoa babesteko» asmoz eman zuen kolpea, telebistan irakurri zuten mezuaren arabera. Erdogan hegazkin batean harrapatu zuen kolpeak, eta egoera kontrolpean zegoenean lurreratuzen Istanbulen. Datu ofizialen arabera, 249 lagun hil zituzten kolpistek, horietako gehienak zibilak. Kolpistei dagokienez, gobernuaren aldekoek 35 hil zituzten, Erdoganek berak emandako datuaren arabera —104 zirela erran zuen armadak, kolpearen biharamunean—.

Ekaitza pasatuta, erantzulea zein zen seinalatu zuen presidenteak: Fetthullah Gulen predikatzaile islamista boteretsua, Erdoganen AKP Justizia eta Garapena Alderdiaren aliatu ohia. Gulenek kolpearen arratsean bertan salatu zuen Erdoganen aurkako ekinaldia, eta atzo argitaratutako ohar batean berriz ere kritikatu zuen kolpea —«mespretxagarri» deitu zion—. «Estatu paralelo bat» osatzea leporatzen dio Erdoganek Gulenen mugimenduari, eta kolpea gertatu eta berehala hasi ziren haren jarraitzailetzat jotakoen aurkako sarekadak eta kargugabetzeak. Uztailaren 20an larrialdi egoera ezarri zuten, eta Binali Yildirim lehen ministroak jakinarazi du asteartetik aitzinera luzatuko dutela.

Parlamentuan ordezkaritza duten lau indarren artean, AKPz gain eskuin muturreko MHP Mugimendu Nazionalistaren Alderdiak bakarrik babestu ditu Erdoganen politikak eta sistema presidentzialista ezartzeko erreforma —apirilean erreferendumean onartua, %51,4 alde eta %48,6 aurka—. Oposizioko alderdi nagusiak, CHP Herriaren Alderdi Errepublikanoak, Europako Giza Eskubideen Auzitegian salatu du erreferenduma, eta Erdogani leporatu dio funtzionarioak kaleratuta haren kontrol erabatekoa duen estatu bat sortu nahi izatea. Laugarren alderdiak, HDPk, errepresioa baino ez du jasan. Parlamentari gehienak eta udaletako ordezkari anitz espetxeratu dituzte «terrorismoa» laguntzea leporatuta , Fidan Yuksedag eta Selahattin Demirtas buruzagiak barne. «Dudarik ez dut HDPk gaindituko dituela Erdogan-AKP erregimenaren erasoak sortu dituen erronkak, eta bizirik iraunen duela. Gure borroka duina espetxeetan jarraituko dugu», adierazi zuen Demirtasek herenegun argitaratutako eskutitz batean.

Mendebaldearekin minduta

Estatu kolpeak ere eragina utzi du Erdoganen eta Mendebaldearen arteko harremanean, bereziki AEBekin. «Nire herrikideei elkartasuna adierazi beharrean, Mendebaldeko gobernu anitzek itxaron egin zuten, krisia nola garatuko zen ikusi arte», oroitarazi zuen atzo Turkiako presidenteak. Mendebaldetik kritika anitz jaso ditu, liskar diplomatikoak izan ditu —Alemaniarekin, adibidez—, eta Siriako interes kontrajarriek tentsioak sortu dizkiote AEBekin, baina, aldi berean, bere horretan segitu du errefuxiatuei bidea oztopatzeko Europako Batasunarekin egin zuen akordioak, eta, oro har, Mendebaldearen aliantza sisteman jarraitu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.