Ipar Koreak bukatutzat jo ditu saio nuklearrak eta misilen probak

Piongiangek probak egiteko duen gunea «deseginen» du, eta «ahalegin guztiak» garapen ekonomikoan zentratuko ditu. Hego Koreak eta AEBek adierazi dute «aurrerapauso handia» dela

Kim Jong-un Ipar Koreako liderra, zenbait zientzialari eta tekniko nuklearrekin, KCNA agentziaren artxiboko irudi batean. KCNA / EFE.
mikel rodriguez
2018ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Astebete baino gutxiago falta da Kim Jong-un Ipar Koreako lider gorena eta Moon Jae-in Hego Koreako presidentea elkartzeko. Egunak igaro ahala, ikusmina handitzen ari da, bi estatuak adierazpen bateratu bat negoziatzen ari baitira, eta horren edukia historikoa izan litekeela argitaratu dute hainbat iturrik aste honetan: desnuklearizazioaren inguruko konpromisoren bat bilduko duela, teknikoki 1953an bukatu zen gerra behin betiko bukatutzat emanen dutela... Ikusmina handitu duen azken adierazpena Kimek egin zuen atzo, KCNA Ipar Koreako agentzia ofizialak jakinarazi zuenez: «Saio nuklearrak eta kontinente arteko misilen saioak bukatutzat emanen ditugu apirilaren 21etik hasita». Nazioartean ia aho batez ontzat jo dute iragarpena.

Koreako Langileen Alderdiaren Batzorde Zentralaren osoko bilkuran egin du iragarpena Kimek. 2013ko martxoko osoko bilkuran onartu zuten «indar nuklearra eta eraikuntza ekonomikoaren garapena batera» egitea, eta, orain, helburu horiek betetzat jo dituzte. Sei puntuko ebazpen bat onartu dute, 2013koa ordezkatzeko. Horren arabera, Ipar Koreak proba nuklearrak egiteko gunea «deseginen» du «saio nuklearren etetea gardentasunez bermatzeko». Koreako Langileen Alderdiak dioenez, Ipar Koreak bat eginen du «saio nuklearrak guztiz eteteko nazioarteak erakutsi dituen nahi eta ahaleginekin». Zehaztu du, hala ere, «mehatxu nuklear bat edo probokazio nuklear bat» jasaten badu arma nuklearrak erabiltzeko prest egonen dela.

Ebazpeneko borzgarren puntuan zehaztu du hemendik aitzinera «ahalegin guztiak» zentratuko dituela «ekonomia sozialista boteretsu bat eraikitzen eta herriaren bizi maila nabarmen hobetzen», eta, helburu horrekin, datozen urteetarako irizpideak ezarriko dituen bertze ebazpen bat onartu du Koreako Langileen Alderdiak.

«Ipar Korearen erabakiaaurrerapauso nabarmena da Koreako penintsularen desnuklearizazioarentzat, eta hori nahi du munduak», adierazi du Cheong Wa-daek, Hego Koreako presidentetzako bozeramaileak. «Hego Korearen eta Ipar Korearen arteko goi bilerarako, eta Ipar Korearen eta Estatu Batuen artekorako giro baikorra sortzen lagunduko du».

Japonia, eszeptikoen

Kimen erabakia jakin eta minutu gutxira, horri buruz idatzi zuen Donald Trump AEBetako presidenteak Twitterren: «Ipar Koreak onartu du saio nuklear guztiak bertan behera uztea, eta saioetarako gune nagusia ixtea. Hagitz berri onak dira Ipar Korearentzat eta munduarentzat, aurrerapauso handia! Gure goi bilerarako esperoan». Heldu den ortziralean elkartzekoak dira Kim eta Moon, eta Trump eta Kim, berriz, maiatzaren bukaeran edo ekainaren hasieran. Historian ez dira inoiz elkartu Ipar Koreako eta AEBetako agintari gorenak.

Txinak, Ipar Korearen aliatu historikorik handienak eta ia bakarrak, ontzat jo du Kimen iragarpena, eta Lu Kang Atzerri Ministerioko bozeramaileak erran du «penintsulako egoera hobetu» eginen duela. Errusiako Atzerri Ministerioak, berriz, AEBei eta Hego Koreari eskatu die «ekintza militarrak» gutxituta erantzuteko Piongiangen erabakiari. Japonia mintzatu da eszeptikoen. Shinzo Abe lehen ministroak erran du «mugimendu baikorra» izan dela, baina «hurbiletik» zainduko duela «ekintzen garapena». «Jakin nahi nuke eramanen ote duen armategi nuklearraren, suntsiketa masiborako armen eta misilen desegite erabateko, egiaztagarri eta gibelera bueltarik gabekora».

Ipar Koreak 2002an onartu zuen programa nuklear sekretu bat garatzen ari zela, eta 2005ean aitortu zuen arma nuklearrak zeuzkala. Hurrengo urtean egin zuen lehenbiziko proba nuklearra, eta, ordutik, bertze bortz egin ditu. Iazko irailean egin zuen azkena, eta, alde guztiek egiaztatutakoaren arabera, orain arteko handiena. Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak zigor ekonomiko gehiago ezarri zizkion horren ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.