Argitzeko asko biharamunean

Parisko supermerkatuko erasotzailearen emaztearen bila jarraitzen du Poliziak, eta uste du Siriara ihes egin zuela urtarril hasieran.

Hamahiru lagun atxilotu dituzte oraingoz

Miren Garate -

2015eko urtarrilak 11
Nahas-mahasa izaten da biharamunaren ezaugarrietako bat. Frantziaren kasuan ere, gertatutakoaz jabetzen hasteko lehen eguna izan zen atzokoa. Hiru eguneko anabasaren ostean, luzea izango da ajea, baina gauza batzuk ari dira argitzen. Identifikatu dituzte herenegun Parisko Porte de Vincennes auzoko supermerkatuan hildakoen gorpuak. Amedy Coulibalyk bahitutako lau lagunenak dira, 20 eta 63 urte artekoak. Baztertuta geratu da, beraz, hildakoetako bat Hayat Boumeddiene dela, bahitzailearen emaztea. Haren bila jarraitzen du Poliziak. Frantziako komunikabideek polizia iturriak aipatuz jakinarazi dutenez, urtarrilaren 2an Madrildik Istanbulerako hegaldi bat hartu zuen, handik Siriara ihes egiteko. Baieztatuko balitz, horrek esan nahiko luke Boumeddienek ez zuela parte hartu erasoetan. Orain artean, hamahiru lagun atxilotu ditu Poliziak Charlie Hebdo-ri egindako erasoarekin eta supermerkatuko bahiketarekin zerikusia dutelakoan.

Poliziak herenegun hil zituen Kouachi anaiak, ustez Charlie Hebdo astekarian hamar kazetari eta marrazkilari eta bi polizia hil zituztenak; baita ostegunean udaltzain bat hil ostean ostiralean supermerkatuko bahiketa egin zuen Coulibaly bera ere. Hala eta guztiz ere, terrorismoaren aurkako alerta maila gorenean mantentzea erabaki du gobernuak, eta gogortu egingo ditu erakunde publikoetako eta otoitz guneetako segurtasun neurriak, 320 soldadu gehiagorekin. «Egoera kontuan hartuta, arriskuan gaude», esan du Bernard Cazeneuve Barne ministroak.

Atzo bertan, Arabiar penintsulako Al-Qaedako buruetako batek, Harith al-Nadharik, bideo bat zabaldu zuen Interneten. «Ez zarete seguru egongo Alaren eta haren mezuaren eta fededunen aurka egiten duzuen bitartean», esan zien frantziarrei. Beste kide batek adierazi zuen Mahomaren ohoretan egindako errebantxak izan direla hilketak. Alarma faltsuek ere jarraitu egiten dute. Eurodisneyko hotel bat hustu behar izan zuten atzo, bonba bat egon zitekeelakoan. Halaber, Bigarren Mundu Gerraz geroztik lehen aldiz itxita egon zen Parisko sinagogarik garrantzitsuena sabbat egun batean —juduan jaieguna—. Ostiraletik dago itxita, koxer janaria saltzen duen supermerkatuko bahiketa izan zenetik.

Europako agintari ugari

Gaur dago antolatuta Parisen azken egunotako erasoak salatzeko mobilizazioa nagusia. 15:00etan hasiko da, Charlie naiz lelopean egingo da, eta milioi bat pertsonatik gora espero dira. Protestaren tamainakoa izango da segurtasun indarren presentzia ere, 5.500 polizia eta soldadu arituko baitira lanean. François Hollande presidenteak Nicolas Sarkozy UMPko burua izango du ondoan, batasun irudia eman nahian. Parisen izango dira Angela Merkel Alemaniako kantzilerra; David Cameron eta Matteo Renzi Erresuma Batuko eta Italiako lehen ministroak; Mariano Rajoy Espainiako presidentea; eta Donald Tusk eta Jean Claude Juncker Europako Kontseiluko eta Europako Batzordeko presidenteak. Eusko Jaurlaritzak ere bidaliko du ordezkaritza bat.

Marine Le Penek zuzentzen duen Fronte Nazionala, berriz, ez dago gonbidatuta. «Ez naiz joango nahi ez nauten tokira», adierazi du. Haren esanetan, azken hauteskundeetako irabazlea alde batera utzita, PSk «alferrik galdu» du hildakoei eta adierazpen askatasunari errespetua erakusteko aukera. Beste hiri eta eskualde batzuetan antolatutako protestetan hartuko dute parte FNkoek.

Europan ez ezik, handik kanpo ere asko izan dira Frantziako erasoen aurkako gaitzespen mezuak. «Ezin zurituzkotzat» jo dituzte Anaia Musulmanek. Azzam Tamimi eta Mohamed Soudan buruek sinatutako oharrak dio benetako islamak ez duela indarkeria eskatzen. «Ekintza egin dutenak musulmanak badira, ondorio negatiboak izango ditu Europa osoko musulmanentzat, bereziki Frantziakoentzat. Muturreko eskuindarrek gertaera hau erabiliko dute euren helburu politikoak lortzeko». Libanoko Hezbollah alderdi xiitako buruzagi Hassan Nasrallahek, berriz, esan du terroristek kalte handiagoa egiten diotela islamari karikaturek baino.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna