Grezia. Hauteskundeen atarian

Atenas, Mustakisen pausoan

Langabea da Mustakis. Ez du etxerik. «Zergatik ez zinen Akropolira igo eta zeure burua bota buruz behera?», galdetzen diote zapaturo hirian zehar ematen dituen bisita gidatuetan. Egoerarik txarren-txarrenetan ere borrokan jarraitu daitekeela erantzuten die hark.

Shedia-ren egoitzan, futbol elastikoak eta aldizkariak biltegian. JON FERNANDEZ.
Jon Fernandez.
Atenas
2015eko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Aristotelesek pasieran ematen zituen klaseak bere Lizeoko lorategian. Apolo Liceus jainkoaren omenezko santutegi baten ondoan zegoelako hartu zuen Lizeo izena filosofoaren eskolak. 1997an egungo Syntagma plazatik gertu topatu zituzten Lizeoaren aztarnak, Lambros Mustakis etxegabeak lo egiten duen udal ostatutik oso gertu. Mustakis ez da filosofoa, baina berak ere irakaspen garrantzitsuak ematen ditu Atenasen pasieran zapaturo, bizitzari eta egoera gordinenak gainditzeari buruzko irakaspen ahaztezinak.

Brasilen jaiotako greziarra da Mustakis, eta langabea. 2013az geroztik, Shedia hilabetekaria kalean salduta irabazten dituen 150 edo 200 euroekin igarotzen du hilabetea. Eta aldizkari berak antolatutako Ibilbide ikusezinetan gidari lanak ere egiten ditu zapaturo. Jantoki sozialak, drogazaleei zein etorkinei laguntzeko elkarteak, langabeen antzerki talde bat... erakusten dizkie bisitariei. «Greziako herritarrak hurbiltzen dira, eskoletako eta unibertsitateko irakasleak sarri. Baita turista alemaniar ugari ere; agian, erruduntasun sentimendua dutelako», bota du barrez Mustakisek.

Bere egoeran dauden greziar askoren penak erakusten ditu, baina ez pena emateko edo negar egiteko. Baikortasunera eta esperantzarako bidaia da Mustakisekin berba egitea. Mukiak 500 euroko billete batekin kentzen dituen etxegabe bakarretakoa izango da munduan, bakarra ez bada. Elkarrizketaren erdian, euroaren billete moreak marraztuta dauzkan klinex batekin garbitu du sudurra. Drama umorez hartzea baino aukera hoberik ez du.

«Zergatik ez zenuen zure bizia zapuztu? Zergatik ez zinen Akropolira igo eta zeure burua bota buruz behera?», galdetzen dio jendeak bisitak egiten dituenean. «Ez daukat etxerik, ez dirurik. Egoera txarrenean ere borroka egiten jarrai daitekeela erakusteko modu bat da nirea. Jendeak pentsatzen du: Lambrosek borrokatzen jarraitzen badu, nik zergatik ez?». Horixe Atenasko kaleetan pasieran ematen duen lezioa.

Izugarria da Mustakisen istorioa, irribarrez kontatzen badu ere. Hiru herrialdetan hiru krisi ekonomiko ezagutu ditu, bata bestearen atzetik. «Nazioarteko Diru Funtsak hiru aldiz estutu dit eztarria».

Sao Paolon jaio zen, duela 53 urte, greziar etorkinen familia batean, eta 18 urterekin Argentinara joan zen bizitzera. Han hamalau urtez lan egin zuen, eta gero krisi ekonomikoak kale gorrian utzi zuen, eta Brasilera itzuli zen.

Brasilen, istorio bera. Latinoamerikako hamarkada ekonomiko galdutik ihesi, sustraietara bueltatzea erabaki zuen. Europara, Greziara. Aristotelesen Lizeoko aztarnak aurkitu zituzten urte berean iritsi zen Atenasera, 1997an. Hotel kate batean egin zuen lan hamarretik gora urtean, 2010ean, krisiak bultzatuta, kaleratu zuten arte. Ahal zion beste eutsi zion 450 euroko langabezia laguntzarekin. Sei hilabetez egon zen alokairua pagatu barik, epaileek etxegabetu zuten arte. «Jainkoari eskerrak, hilabete baino ez nuen egin kale gorrian lotan», dio paparrean daraman zilar koloreko gurutzea eskuetan hartuz.

Txalupari helduta

«Alde barregarria ere badu, hainbeste urte hoteletan lanean eta orain hotela izandako eraikin zahar batean bizi naiz». Atenasko Udalarena da Ionis hotela, eta 140 etxegabe bizi dira bertan. «Gero eta gazte gehiago datoz, 30 urte inguruko langabeak». Pentsioarekin bizitzeko iristen ez zaien jende nagusia ere badago. Horiek ez dute, Mustakisek bezala, egunen batean Ionis hotel zaharretik ateratzeko itxaropenik. «Zaharrak egurrezko kutxan ateratzen dira hemendik».

Mustakisek argi du Shedia aldizkariak salbatu duela bera. Bost hizkuntza berba egiten ditu, eta, Greziako hauteskundeen harira, haren istorioa oso ezagun egin da Italiako, Espainiako eta Latinoamerikako hedabideetan. «Leonardo DiCaprio baino famatuagoa bihurtu naiz». Baina gaineratu du, irribarrez, aldizkariak salduta egunean hamar-hamabost euro irabazten dituen Leonardo DiCaprio dela.

Khristos Alefantisek ondo ezagutzen du Mustakis. Shedia aldizkariaren sortzailea eta zuzendaria da Alefantis. Futbolarekin hasi zen dena, duela bederatzi urte, krisia baino lehen. Etxegabeentzako futbol partidak antolatzen hasi zen Alefantis lagun batzuekin. Erantzun handia izan zuten, eta etengabe jokatu dituzte harrezkero futbol partiduak Atenasko etxegabeek eta parte hartu nahi duen edozeinek. Areago, Munduko Etxegabeen Kopan parte hartzen dute urtero Shedia-ko futbolzaleek. Iaz, Txilen izan ziren.

Unibertsitateko ikerlari batzuek inkesta egin zieten orain urte batzuk futbolean aritzen diren etxegabeei. «Pertsona hobea sentitzen naiz», «familia handi bateko kide sentitzen naiz», izan ziren erantzun errepikatuenak. Alefantisen ustez, talde kirolak lankidetza dakar, lege batzuk betetzea. «Esperientzia ikaragarri aberasgarria da denontzat. Pobreziak ez du adinik, ez sexurik. Jendeak ulertzen du etxegabeak gu direla, ez estralurtarrak». Urtean 200 inguru etxegabek parte hartzen dute partidetan, 50 bat lagunek domekero.

Baina futbolarena motz geratu zen krisia hasi zenean. Hilabetekari bat sortzea erabaki zuten, eta Shedia sortu zuten, duela bi urte. Grezieraz, txalupa esan nahi du, ur azalean eusten dion egurrezko txalupa txikia. Kazetari eta ilustratzaile profesionelak musu truk lantzen dituzte edukiak, eta Atenasko eta Tesalonikako kaleetan saltzen dute 200 langabek. Hiru euro balio du ale bakoitzak, eta erdia saltzailearentzat da. «Ez dugu ezer oparitzen. Lantxo bat eskaintzen dugu. Duintasuna», azaldu du Alefantisek.

Buruarekin baietz dio Mustakisek: «Kalean jendeak animatu egiten gaitu aldizkaria saltzen ari garenean. 'ez etsi!', esaten digute. Adorea eta duintasuna ematen digu aldizkariak». Edukietan denetarik aurki daitekeela dio Alefantisek: Greziako eta nazioarteko albisteak, umorea, edozein gairi buruzko artikuluak... Ez zuten pobreziari buruzko «aldizkari triste bat» sortu nahi. «Egoera oso gordina da, baina gure mezua positiboa da, solidarioa. Beti egin daiteke aurrera». Duela bi urte ez zuten amestu ere egiten urtean 22.000 ale salduko zituztenik.

Baina proiektu gehiago ere baditu esku artean Shedia-k: Kafe bat duzu zain ekinbidea, adibidez. Izen hori duen itsasgarri duten Greziako 66 kafetegitan jendeak kafe bat ordainduta laga dezake, etxegabe batek gero kafea hartu ahal dezan. StarBucks bezalako kate handiak joan zaizkie proiektuan parte hartzeko eskatzen. Baina ezetz esan diete. «Auzo mailako keinua izatea nahi dugu, kaleko jendearen ekimena. Dirua galduko dugu horrelako markei ezetz esanda, baina gure filosofiari eutsiko diogu», dio Alefantisek.

Shedia-ren egoitzaren biltegian Mustakisentzat eta bera bezalako saltzaileentzat aldizkari mordoa dauzkate pilatuta, eta ondo-ondoan datorren domekako futbol partidarako elastiko pila esekita, garbitu berri. «Futbol partida batzuekin hasi zen hau dena, eta begira orain», harro dago Alefantis. Nabarmendu du aldizkaria saldu duten etxegabe askok lortu dutela lana aurkitzea eta alokairu batera bizitzera joatea. «Hurrengoa Mustakis izango da», dio Alefantisek. Baiezkoan dago greziar-brasildarra. «Horixe da nire amets nagusia orain. Egunen batean nire giltza izatea, atea ireki eta, etxetxo txiki bat bada ere, nire toki bat izatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.