Froome, zalantzak uxatu ezinda

Tim Wellensek irabazi du Giroko laugarren etapa. Britainiarrak hemeretzi segundo galdu ditu

Froome, zalantzak uxatu ezinda.
Imanol Magro Eizmendi.
2018ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Kilometro bat. Italiako Giroak kilometro bat aski izan zuen atzo sasoi puntu ezberdinen lagina hartzeko. Castalgirone Siziliako herriko kaleetan barrena eginiko kilometro bakarreko igoera pikoan, Tim Wellensek(L. Soudal) garbi erakutsi zuen oso ondo iritsi dela Girora, eta, antzeko etapetan, gaurkoa esaterako, bera dela irabazteko faborito. Albistea, baina, atzean egon zen, Chris Froomek (Sky) ahulezia zantzuak erakutsi eta hemeretzi segundo galdu baitzituen. Jakina da igoera pikoak ez zaizkiola gustatzen, baina hemeretzi segundo tarte handia da. Orain, 53 segundora du Tom Dumoulin (Sunweb), eta bat gehiagora Rohan Dennis (BMC), oraindik ere Giroko liderra dena.

Tropelak 202 kilometroko ibilbidea egin zuen Sizilian barrena, eta azkenekoan bakarrik egon zen zalaparta. Tira, azken bostetan, Castalgirone kale estuz eta bihurgunez jositako udalerria baita. Etapa garaipenerako lehian, ezinbestekoa zen azken aldapan —%8,5eko pendiza batez beste, %13ra arteko tarteekin— aurrean sartzea, eta kokapen egokirako lehia ere ikusgarria izan zen. Jendetza bildu zen igoeran, herri osoa zen bide bazterrean.

Tim Wellens Girora sasoiko iritsia zela jakina zen. Udaberrietako klasikoetan maila ona eman, eta Giroan ehiztari finena izango zela pentsa zitekeen. Aurrean sartu zen aldapan, baina lehiakide gogorrak zituen alboan: Simon Yates eta Esteban Caves (Mitchelton), Michael Woods (Cannondale)... Igoerak apurka galbahea egin zuen, eta bost txirrindulari gelditu ziren aurrean. Enrico Battaglin (Lotto Jumbo) izan zen ausartena, eta erasoa jo zuen. Haren erroberara itsatsi zen Wellens, eta bere burua ondo neurtu. Bazekien erasoa nondik jotzeko indarra zeukan, kalkulatua zuen, eta ez zuen hutsik egin. Woods izan zen bigarren helmugan.

Bilbao, sendo

Tom Dumoulin bi segundora helmugaratu zen, eta harekin, Rohan Bennis, oraindik lider dena. Fabio Aru (UAE) ere atzean harrapatu zuen igoerak, eta hamar segundo galdu zituen —Pello Bilbaorekin (Astana) sartu zen—. Okerragoa izan zen Froomeren galera. Behin helmugan, britainiarrak garrantzia kendu zion galdutako denborari. «Ibilbide zaila zen, eta pozik nago erorikorik ez dudalako izan. Gaizki kokatu naiz azken igoeran, baina ni asteazkeneko eta Etnako etapen zain nago. Hankako kolpea hobera egiten ari da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.