Peronismoaren azken gauean

Daniel Scioli edo Mauricio Macri, kirchnerismoaren osteko lehen presidentea aukeratuko dute gaur argentinarrek.Macri faborito argia da, baina inkestak irauli nahi ditu Sciolik

Scioli eta Macri presidentegaiak, hauteskunde kanpainan egindako aurrez aurreko eztabaidan. DAVID FERNANDEZ / EFE.
Xabin Makazaga.
2015eko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Peronismoa izan da Argentinaren arnasbide nagusia XX. mendean, berunezko urtealdi gehiegi jasan arren, 70 urtean justizia sozialerako pausoak bata bestearen ondotik eman baititu sindikatuen eta ezkerreko mugimenduen elkartzetik sortutako indar politikoak. XXI. mende hasieratik, gainera, etenik gabe egon da agintean. Aldi guztiek izaten dute, ordea, akabera, eta gaur ezusteko handi bat behar du Daniel Scioli hautagai ofizialistak, Mauricio Macri eskuindarrak presidentetza ia hamar puntuko aldearekin eskuratuko duela baitiote inkestek.

Juan Domingo Peronek agintea hartzean (1946-1955) amaitu zen Argentinan Hamarkada doilorra(1930-1943) aldi neokontserbadore zibiko-militarraren eta 1943ko estatu kolpearen aro beltza. Orduz gero, garai bateko Alderdi Justizialistaren inguruan bilduta, peronismoa izan da indar politiko hegemonikoa Argentinan, zentroko erradikalistekin lehian. Peronek beste agintaldi labur bat izan zuen (1973-1974) hil aurre. XX. mendearen bigarren erdian beste hiru estatu kolpe izan ziren Argentinan —1955-1962, 1966-1973 eta 1976-1983—, eta Raul Alfonsin erradikalista presidentetzara iritsi osteko txandakatze aldi baten ostean, 2001. urtetik peronismoa etenik gabe izan da agintean. Aldi hori, baina, Nestor Kirchner eta Cristina Fernandezen aroarekin amaituko da, gaurko bozetarako inkestak erabat okertzen ez badira behintzat.

Argentinan demokrazia ezarri zutenetik lehen aldiz, bigarren itzulia jokatuko dute gaur presidentetzarako lehian. Kirchnerismoak hamabi urtean iraun du agintean, eta Nestor Kirchner bera izan zen, hain zuzen, 2003an balotagea behartu zuena Carlos Menemekin. Lehen itzulian botoen %23 jaso zituen Menemek, eta %21 Kirchnerrek. Baina bigarren itzulian lehiatzeari uko egin zion Menemek, irabazteko aukerarik ez zuela ikusita.

Urriaren 25ean Sciolik eskuratu zituen boto gehien (%37), baina porrot kutsua hartu zuen emaitza horrek, FpV Garaipenerako Frontearen hautagaiak hiru puntuko aldea baizik ez baitzion atera Macriri. Sergio Massa peronista disidenteak, gainera, bere jarraitzaileei boto askatasuna eman arren, aldaketaren aldeko mezua plazaratu du, eta argi esan du berak ez duela nahi Scioli presidente izatea. 32 milioi herritar botoa ematera deituta daude gaur, eta bi hautagaien helburua Massak lehen itzulian jasotako botoak dira: ia bost milioi eta erdi boto-emaile, berez peronismoaren eremukoakbaina Cambiemos eskuineko hautagaitzara joan eta aldaketa eragin dezaketenak. Sciolik irabazita ere aldaketa izango dela argi dagoen arren, Kirchner eta Fernandez senar-emazteak baino joera nabarmen liberalagoa baitu FpVren hautagaiak.

Kirchnerismoak, zalantza askoren ondoren, Scioli hautatu zuen oinordeko, Cristina Fernandezek legez ezin zuelako berriro presidentetzara aurkeztu. Eta jatorriz peronismotik urrunekoa izan arren —enpresari diruduna da eta Menemen eskutik sartu zen politikan—, «peronismoaren esentzia odolean» daramala esan zuen ostegun gauean, kanpaina amaierako ekitaldian.

Beldurraren mezua

Buenos Aires probintziako gobernadoreak dei argia egin die argentinarrei: «Ez dezagun galtzen utzi orain arte lortu dugun guztia». Macriren aurka beldurraren kanpaina haizatu du Sciolik, eta aldaketarako aginduaren azpian «iruzur handi bat» dagoela salatu du lehen itzulitikigaro diren lau asteetan: «Merkatuarekin interesak ordezkatzen ditu Macrik, eta eskaintzen ari dena doitze bat da. Aukera, kapitalismo basatiaren deabruaren eta garapen proiektu baten artekoa da». Berak langileen eta klase ertainaren interesak babestuko dituela hitzeman du Sciolik: «Botoa zeuon buruaren defentsan emateko eskatzen dizuet nik, guztion bizi baldintzak hobetzeko, baina berriro hutsetik hasi beharrik izan gabe. Egin dezagun aldaketa, baina aldaketa seguru, serio eta arduratsu bat. Ez dezagun berriroArgentina hipotekatu. Ez diezagutela berriro itxaropena lapurtu».

Kanpaina amaierako ekitaldi bikoitza Buenos Airesko bi hiritan egin zuen Sciolik, Mar del Platan eta La Matanzan. Massak jasotako boto gehienak bertakoak baitira, eta peronismoak inkestei buelta emateko aukera bakarra Buenos Airesen emaitza bikain bat lortzea da. Macrik Buenos Aires hiriburuan —bera da alkatea— eta Argentina erdialdean, Cordoba eta Mendozaren gisako barruti handietan, aldea aterako baitu.

Cambiemos aliantzako hautagaiak Jujuy probintzian itxi du kanpaina. Eta kirchnerismoari aldiro joko arauak aldatu eta Argentina geldiaraztea leporatzeaz gain, Macri indar bereziz saiatu da Scioli iraganaren jarraipen gisa aurkezten: «Oso gaizki ikusten dut Scioli, gezur batean sartuta. Hamar urte igaro zituen kirchnerismotik besteko zerbait zela erakutsi nahian, eta, hara! finean gauza berbera da».

Hamar bat minutuko ekitaldi labur batean, garaipen kutsu nabarmenekin, hurrengo urteetarako erronka «argentinar guztien bizitza eta etorkizuna aldatzea» dela esan zuen Macrik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.