LEKU-LEKUTAN

Lurrikara Katalunian

Urtzi Urrutikoetxea -

2014ko urriak 18
Duela hil eta erdi esan genuen: aurtengo udagoiena luzaro gogoan izatekoa izango dela. Ia bi milioi lagunen Bartzelonako V erraldoiarekin hasi iraila, Eskoziako erreferendumarekin segi, eta bete-betean sartu ginen Kataluniako zurrunbiloan. Astelehenera arte. Dena lehertu zela zirudien, eta zur eta lur ibili ginen asko zenbait orduz. Sinetsezina zirudien —hala dirudi oraindik— ordura arteko prozesua pikutara joatea, zergatik eta galdeketa egitea ezinezko zelako. Hau da, mundu guztiak aurreikusten zuen gertaera batek dena hankaz gora jartzea.

Egia da iaz ere ezinegona gailendu zela udazken amaieran, galdera adosteko zeuden zailtasunen ondorioz. Orain bezala, sinetsezina zirudien detaile horrek prozesua zapuztea. Baina hantxe katramilatu ziren, «estatu independentea nahi duzu?» galderaren alde zeuden independentista argiak (ERC, CUP, CDC), eta bestelako bideez ere galdetzea hobesten zuten ICVk eta UDCk. Azkenean, lortu zuten, bi galderako formularekin. Ez zen gura bezain zehatz eta argia, baina, trukean, ordura arteko batasun subiranistari eutsi zioten.

Pentsatu gura nuen aurten ere horrelako zerbait egongo zela. Katalunia pixka bat ezagutzen duenak badaki gizarte transbertsalagoa dela, askoz errazago aurkituko duzula bere bizian zehar botoa PSC, ERC eta CiUri eman diela esango dizun jendea. Era berean, gardenagoa izan ohi da klase politikoa; gurean klandestinitatearen logikak pisu handiegia du oraindik, gardentasunaren kaltetan. Eta hala izan, azkenean: alderdien arteko B planik gabe, kontsentsua astelehen gaueko bileran zartatu zen.

Baina iritsi zen asteartea, eta Artur Masen planak —hasierako egitasmoa urardotzen zuela Masek berak onartuta ere— ez zirudien hain burugabea. Arazo bi zeuden, kanpotik ikusita horren konponezinak ez ziruditen oztopo txiki bi: galdeketa adostu gabea zen, Masen beraren plana ez zen alderdien kontsentsuaren ondorio. Baina inork ez du ukatu mahai gainean egondako aukerak bide horretan joan zirela; zentsua erabiltzeko zailtasunak agerian jarri bezain laster aipatu izan zen hauteskunde egunean berean izena ematea izan zitekeela konponbidea. Hau da, galdeketaren izaeran alderdien arteko mesfidantza da oztopoa. Prozesuak etengabe izan duen arriskua, alderdikeria. Eta bide horretan, Mas-Junqueras eta CDC-ERC lehiaren gainetik, azpimarratzekoa izan da CUPekoen heldutasuna eta eskuzabaltasuna. ERCko diputatu batek duela aste pare bat ziostan (txantxetan baina off-the-record zela nabarmentzen): «25 urte gutxiago banitu ni ere CUPen egongo nintzateke».

Alderdikeriak bigarren oztopoa dakar: azaroaren 9an independentziari buruzko benetako bozketarik ez bada egongo, hauteskundeetan ebatzi beharko dute herritarrek auzi hori. Horretarako independentzia-aldarrikapena puntu bakar daukan zerrenda bateratua, ala nork bere hautagaitza, independentzia lehen puntu jarrita denek ere? Kosovon, hauteskunde arruntak egin ziren, baina ez zen zalantzarik Parlamentuan ia erabateko gehiengoa egongo zela, serbiar gutxiengoa salbu. Hala gertatu zen Baltikoko eta Balkanetako beste leku batzuetan ere: gobernuak eta oposizioak elkarrekin aldarrikatu zuten independentzia, baina hauteskundeetara nor bere alderdiarekin joanda. Katalunian, baina, ezinbesteko dirudi ERC eta CDCren babesa gutxienez izango duen zerrenda bateratua, unearen salbuespena azpimarratzeko. Eta ez da hainbeste CUPeko David Fernandezek ere aipatu zuela CiUrekin ez zela inoiz batuko… salbu eta ezinbesteko une horretan. Bada, badator une hori.

Esandakoa, kanpotik errazago ikusten dira gauzak batzuetan, eta Kataluniako independentziak erronkari helduko dion talde bateratua behar du. Bihar jakinaraziko dute ANC eta Omnium-ekoek zein proposamen dakarten, baina bidea inoiz baino argiago geratu da. Betiere Espainiak ez badu A-9koa atzera botatzen. Oraingoz ez dirudi Madril horretara dagoenik. Beharbada, konturatu da bidean jartzen duen oztopo bakoitzak independentista gehiago sortzen dituela, eta Katalunian egunotako ezinegonean gerta dakiokeen onena katalanen artean zalantzak piztea dela, eta parte hartze apala egotea galdeketan. Independentistek ere argi izan beharko lukete hori: galdeketak dituen mugapen guztiekin, independentziaren aldeko hiru milioi boto lortuz gero, inork ezingo duela geldiarazi. Ez alderdikeriek, ez Espainiak. Eta Europako hainbat estatuk ere aintzat hartuko dutelakoan nago.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna