Egia topatzeko memoria jokoa

Gotzon Barandiaranek 'Gidariaren okerra' nobela beltza aurkeztu du.Elkarrizketa biziekin osatu du istorioa, gidoi baten moduan

Gerra argazkilari bat da Gotzon Barandiaranen Gidariaren okerra nobelaren narratzailea. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Ane Urrutikoetxea.
Donostia
2015eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Gezurra dakienak ezagutzen du soilik egia. Baina egia lausotu egiten da denboran, eta memoriari eragitea ez da beti erraza izaten. Lausoa da Gotzon Barandiaranidazleak (Larrabetzu, Bizkaia, 1974) argitaratutako Gidariaren okerra eleberria ere; nobela beltza da, misterioz eta erantzunik gabeko galderez josia. Irakurleari joko bat proposatu nahi dio, eta haren eskuetan uzten du egiazko gertaerak josteko ardura.

Bahiketa bat da istorioaren ardatza. Horren inguruan, hiru pertsonaia nagusi mugituko dira: gaixotasun sendaezin bat duen taxista desesperatu bat, Bitor; muturreko ideia politikoak dituen filosofo bat, Saioa; eta ikusmena galtzear duen gerra argazkilari bat, Arantza. Bahitua berriz, munduko neuropsikiatra garrantzitsuena da. Arantza bahiketaren arrazoiak argitzen saiatuko da, memorian gordetako gertaerak ez baititu oso argi; egia jakiteko ahalegina egingo du, askotan, egia osoa ez esateko aitzakiak aurkitu arren.

Argitaratutako bigarren nobela eta laugarren liburua du dagoeneko Barandiaranek. Aurretik bi poesia liburu kaleratu ditu, Arrakalak (2004) eta Katamalo (2007), baita Errotik eleberria ere (2010). Oraingoan sortutako istorioa laburra eta akzioz beterikoa da, Susa argitaletxeko editore Gorka Arreseren hitzetan: «Nobela beltzaren trazak ditu Barandiaranen lanak, eta egitura bereziarekin idatzita dago. Elkarrizketa motzez osatuta dagonarrazioaren zati handiena, antzerkirako gidoi baten moduan». Liburuaren lehen orrian Truman Capoteren Eskuz landutako hilkutxak lanaren pasarte bat irakurdaiteke, hori ere elkarrizketa hutsez osatua, nobelaren estiloari harrera eginez.

Errealitatearen fartsa

Ezer ez da kasualitatea Barandiaranen eleberrian. Pertsonaia guztien atzean metaforak ezkutatzen dira, eta gizartearen jokaerak ordezkatzen dituzte errealitatea imitatzen duen fartsa handi batean. Barandiaranen hitzetan, istorioaren sinesgarritasuna errealitatearen parekoa da: «Egunero egunkaria irekita irakurtzen ditudan albisteetako asko ezin sinets daitezkeela konturatu nintzen; gezurpean bizi gara, dena da fartsa bat. Horren aurrean, nire istorioa errealitatea bezain sinesgarria izan daiteke».

Taxi gidariak Huntingtonen gaixotasuna duela jakin berri du. Gaixotasun neurologiko larria da, eta ez du osatzeko esperantzarik; halako batean, munduko neuropsikiatra garrantzitsuena Bilbon dagoela jakingo du, eta bere gaixotasuna sendatzeko giltza duelakoan, bahiketa antolatuko du. Bahiketa egiteko, Saioa bere ilobarengana joko du, baina harentzat bahiketa horrek badu zentzu handiagoa, politikoa, eta urrunago joan nahiko du. Saltsan sartuko dute gerra argazkilaria ere; horrek kontatzen du istorioa, eta, beraz, irakurleak haren hitzak sinistu beharko ditu egia jakiteko. Edo ez.

Egiazko gertaera zein ote den asmatzea irakurleen eskuetan utzi du idazleak, egunerokoan ere hala gertatzen delako. «Irakurleek ere badute lana istorio honekin, pertsonaiak benetan ari ote diren edo ez erabaki beharko baitute. Errealitatean ere, hala bizi gara; munduan gertatzen denaren inguruan gezurrez betetako laino bat dugu gainean, eta guk erabakitzen dugu laino horren aurrean aterkia irekitzen dugun ala gezurrak irensten ditugun. Lanbropean bizi gara, baina zer egiteko prest gaude horri aurre egiteko?».

Taxistak bahiketaren inguruan izaten dituen faseek hainbat zentzu dutela azaldu du Barandiaranek: «Baserritik industrialdeetara ihes egindako familia batekoa da taxista, eta bizitza autoan igarotzen du. Denbora asko dauka pentsatzeko, asko irakurtzen du, eta konturatzen da bizitza osoa igaro duela besteen zerbitzari izaten, Bilbora etorri berri den neuropsikiatra garrantzitsu horren tankerako jendearen zerbitzari. Behin egia hori ikusten duenean, taxistak neuropsikiatraren irudian irauliko ditu bere haserre eta frustrazioak».

Istorio trinko eta indartsua osatu du Barandiaranek, irakaspenik eman gabe: «Neuk ere izaera barreiatua daukat, eta ez naiz inor irakurleari lezioak emateko. Beraz, gertakariak kontatu ditut, baloraziorik egin gabe». Erpin eta hariz jositako kontaketan, pertsonaia bakoitzak bere egiari jarraituko dio, eta irakurleak ere aukeraketa bat egin beharko du. «Taxista ziur dago neuropsikiatrak baduela bere gaixotasunaren sendagaia; egia horretan sinesten du, hari horri tirako dio. Ondoren, egia hori aldatuz joango da. Azken finean, guztiek diote gezurra, gezur horren oihartzunak egia bueltatuko dielakoan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.