Katalunia

CUP abstenituta, JxCk eta ERCk ez dute gehiengorik Sanchez inbestitzeko

«Autonomista» dela iritzita, antikapitalistek baztertu egin dute bi indar subiranista nagusien akordio proposamena. Bezperan esandakoa zuzendu, eta errepublikanoek ez dute Junqueras proposatuko

Ezkerretik eskuinera, CUPeko Eulalia Reguant, Mireia Boya, Vidal Aragones eta Carles Riera, atzo, Bartzelonan, Kontseilu Politikoan. MARTA PEREZ / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
CUPek pentsatzen du «autonomista» dela, «Espainiako legediari eta 155.ari» men egiten diola JxC Junts Per Catalunyaren eta ERCren negoziazioetatik ateratako akordio proposamenak. Beraz, ez du testu hori sinatzeko asmorik. Hori erabaki zuen atzo, «adostasun handiarekin», antikapitalisten Kontseilu Politikoak. Horrek esan nahi du CUPek ez lukeela Jordi Sanchez JxCko zerrendako bigarrenaren hautagaitzaren alde egingo, hura Kataluniako Generalitateko presidente izateko balizko inbestidura saio batean. Abstenitu egingo litzateke. Hori hala izanda, eta kontuan hartuta Auzitegi Gorenak orain arte ez diela botoa delegatzeko aukerarik eman Carles Puigdemont (JxC) eta Antoni Comin (ERC) Belgikara erbesteratutako diputatuei, JxCk eta ERCk, bi indar subiranista nagusiek, ez lukete botoetan gehiengorik edukiko matxinada egotzita kartzelatutako Sanchez inbestitzeko. «Ez da izen edo pertsona kontua, proiektu politikoarena baizik», zehaztu zuen Vidal Aragones CUPeko diputatuak.

Erabaki hori jakinarazi aurretik, Sergi Sabria ERCko bozeramaileak RAC1 irratian adierazi zuen Sanchezen hautagaitza babestuko zutela, antikapitalistak ere alde baldin bazeuden. Bezperan esandakoak zuzendu zituen, hortaz. JxCren asmoa aurreko gobernua berrezartzea baldin bada, matxinada leporatuta espetxeratutako Oriol Junquerasek beharko lukeela presidentegai adierazi zuen ostiralean Sabriak. Atzo, baina, Junquerasen izena mahai gainean ez dagoela azpimarratu zuen.

JxCko eta ERCko iturriek zenbait komunikabideri jakinarazitakoaren arabera, Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentea etzi bertan zen Sanchezen hautagaitzari buruz talde parlamentarioekin hitz egiten hastekoa. Ikusteko dago, dena dela, zer gertatuko den, bi indar subiranista nagusietako diputatuen botoak ez lirateke eta nahikoa izango Sanchez Generalitateko presidente aukeratzeko. Inbestidurarako lehen bozketan gehiengo osoa behar da, eta hori ez lukete lortuko, 68 behar direlako etaJxCren eta ERCren artean 66 batuko lituzketelako; 34 eta 32, hurrenez hurren.

Bigarren bozketan nahikoa da gehiengo sinplearekin, baina horrela ere ezingo lukete. Izan ere, Cominen eta Puigdemonten botoak kenduta 64 lortuko lituzkete, eta oposizioko alderdien kontrako botoak 65 lirateke. Argi dago zein den Ciutadansen, PSCren eta PPCren jarrera, baina baita Catalunya en Comurena ere, esan izan baitu inoiz ez duela babestukoJxCren presidentegai bat.

Hori guztia kontuan hartuta, JxCk eta ERCk hiru aukera edukiko lituzkete balizko inbestidura saio batean ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidente ohia Generalitateko buru izendatzeko. Batetik, Puigdemontek eta Cominek haien diputatu aktari uko egitea. Bestetik, Auzitegi Konstituzionalak urtarril bukaeran ebatzitakoaren kontrara, haien botoak delegatzea. Eta, azkenik, Parlamentuko Mahaiak boto telematikoa ahalbidetzea, jakinik horrek Espainiako Estatuaren berehalako erreakzio judiziala eragingo lukeela. Joan den ostegunean, «behin-behinean» presidentegai izateari uko egin zionean, Puigdemontek nabarmendu zuen ez diola aukera horri «behin betiko» atea ixten. Ez dirudi, hortaz, parlamentari izateari utziko dionik. Eta Cominek ere ez, Bruselara erbesteratutako Lluis Puigek, Meritxell Serretek eta Clara Ponsatik diputatu aktari uko egin ziotenean ez baitzuen hautu bera egin.

Halere, balizko aritmetika ariketa horiek alboratuta, Auzitegi Gorenak, ziurrenik, ez lioke Sanchezi inbestidura saiora joaten utziko. Urtarrilean ez zion baimenik eman ez parlamentuaren osaketa saiora joateko, eta ezta Puigdemont inbestitzeko behar zuen osoko bilkurara ere. Bien bitartean, eta Espainiako Gobernuak azken egunotan erakutsitako jarrerari jarraiki, Mariano Rajoy presidenteak Sanchezen hautagaitza baztertu zuen atzo, justiziarekin «kontuak konpontzeke» dituela adieraziz.

«Sinbolismoak ez du balio»

Pertsona edo izen kontua ez dela adierazi zuen atzo CUPek, baina Sanchez ez zaie hautagai egokiena iruditzen. Izan ere, Pablo Llarena Goreneko epailearen aurrean deklaratzea tokatu izan zaionean aldebakarreko independentzia aldarrikapenarekin ez duela bat egiten esan izan du Sanchezek. Hain zuzen, «urriaren 1eko agindua» errespetatzea eta «errepublika gauzatzea» dagokiela berretsi du CUPek. Aragones diputatuak atzo adierazitakoaren arabera, antikapitalistek ez dute parte hartuko «Espainiako legediak» markatutako negoziazioetan, eta «perspektiba eta legedi errepublikanoa» eskatu ditu, ulertzera emanez akordioaren oinarria guztiz aldatu beharra dagoela haien oniritzia edukitzeko.

Gainera, JxCk planteatutako Bruselako Eremu Askearen ideia zalantzan jarri zuen. Erbesteko gobernuarentzako azpiegitura horretan Puigdemont izango litzateke buruzagia. Aragonesen hitzetan, «sinbolismoa ez da baliagarria mugimendu errepublikanoarentzat». CUPek ez ditu hauteskundeak baztertzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.