Su-etenari eutsi diote Ukrainan, liskar gutxi batzuk izan arren

Petro Poroxenkok eta Vladimir Putinek adierazi dute menia «oro har» bete egin dela.

Halere, bi aldeek erasoak egin izana leporatu diote elkarri.

Borroketan gutxienez 15 lagun hil direla salatu dute
Ukrainako soldadu bat, auto bat aztertzen, atzo, Karlovka hirian, Donetsk hiriburutik gertu.
Ukrainako soldadu bat, auto bat aztertzen, atzo, Karlovka hirian, Donetsk hiriburutik gertu. ROMAN PILIPEY / EFE

Adrian Garcia -

2014ko irailak 7
Apenas entzun den leherketarik Ukrainako ekialdean. Aurreko egunekin alderatuta baino askoz ere gutxiago, behintzat. Egoera lasaitu da Donetsk eta Luhansk eskualdeetan, nahiz eta tentsioa guztiz ez baretu. Oro har, Ukrainako armadak eta matxinoek Minsken hitzartutako su-etena errespetatu egin dute. Salbuespenak egon dira, ordea, eta bi aldeek elkarri leporatu diote akordioa hautsi izana. BBC telebistak galdetutako Donetsk hiriko herritarrak mesfidati agertu dira meniaren inguruan. Jakitun dira akordioa oso ahula dela, eta bi aldeen jarrerak bata bestetik oso urrun daudela.

Petro Poroxenko Ukrainako presidentea Vladimir Putin Errusiakoarekin mintzatu da telefonoz. Su-etenaren nondik norakoak izan dituzte hizpide. «Bi estatuburuek egiaztatu dute menia oro har errespetatu egin dela. Su-etena egonkortzeko emateko dauden pausoei buruz hitz egin dute», azaldu du Ukrainako Gobernuak ohar baten bidez. Bi herrialdeek ohartarazi dute ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeak gatazka eremuko egoera ikuskatzeko beharraz. Errusiak beste giza laguntzako konboi bat bidaltzeko asmoa duela berretsi du.

Ia sei hilabete iraun dute borrokek, eta ezerezean gelditu dira lehendik adostutako su-etenak. Baina herenegun Minsken adostutakoak badu besteek ez zuten berezitasun bat: bi aldeek adostu dute, nazioartearen onespenarekin, eta bi aldeetako buruzagi militarrek agindu dute erasoak bertan behera uzteko.

Minsken sinatutako protokoloaren puntu garrantzitsuenetako bat gatibuak trukatzea da. Donetsk eskualdeko matxinoen buru Aleksandr Zakhartxenkoren arabera, errusiazaleek atzo askatu behar zituzten atxikitako soldaduak. Kievek bihar egin beharko luke beste horrenbeste. Halere, Ria Novosti agentziak aipatutako matxinoen gertuko iturri batek dioenez, astebete iraun dezake prozesuak.

Alde bakoitzak dituen gatibuei buruzko datuak nahasiak dira. Izan ere, desagertutako borrokalari asko daude, baina horietako asko hilak egon daitezke. Ukrainako armadaren bozeramaile Andrei Lisenkoren arabera, 200 militar baino gehiago atxiki dituzte matxinoek. Horiek, bestalde, kopuru askoz ere altuagoak darabilte: mila gatibu inguru. Ukrainako beste eskualdeetan atxilotutako errusiazaleak nahi dituzte askatzea.

Hildakoak, bi aldeetan

Herenegun 18:00etan —17:00ak Euskal Herrian— behar zuen indarrean meniak. Haatik, aldeek ez zuten segituan errespetatu, su egiteari uzteko agindua ez baitzen unitate guztietara ailegatu. «Egun, su-etenaren akordioa ez da guztiz errespetatzen. Oso goiz da erasoak eten direla esateko», azaldu du Zakhartxenkok. Kieveko indarrek hainbat hiri bonbardatu dituztela salatu dute matxinoek: Donetskeko aireportua, Mariupol ingurua, Horlivka, Amvrosievka, Makivka eta Jasinuvata, denak Donetsk eskualdean. Kirovskoe herrian tiroketa batzuk izan dira, Donetsk eskualdeko ekialdean. Matxinoen arabera, su-etena hautsi nahi duten saboteatzaile taldeek liskarrak eragin nahi dituzte. Gutxienez lau matxino hil dituzte guztira.

Errusiazaleek ez dute uste gerra amaituko denik. «Itxura ona du su-etenak orain arte, baina badakigu Kievek tropa gehiago ekartzeko erabili nahi duela», azaldu dio Reuters agentziari Donetsk hiriko matxino batek.

Gertakaririk larriena Aidar batailoiko boluntarioek sufritu dute. Ukrainako armadarekin batera ari dira borrokan. Batailoiko agintari batek Interfax agentziari azaldu dionez, matxinoen segada batean erori eta 11 lagun hil dituzte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna