Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Mundua Kalifatoaren bandera Afrikan

Publizitatea

Mundua

Kalifatoaren bandera Afrikan

Libiako Derna hiria kontrolpean daukaten islamistak Estatu Islamikoaren alde agertu dira. AEBen arabera, EIren «200 borrokalari inguru» daude Libian, «entrenamendua eta logistika» jasotzen

2014-12-07 / Mikel Rodriguez

Ekainaz geroztik Siriako eta Irakeko estatuak kolokan paratu ondoren, EI Estatu Islamikoaren itzala Afrikaraino hedatu da. Hala diote AEBek. Pentagonoak aste honetan erran duenez, EIk entrenamendurako esparruak dauzka Libian, «200 borrokalari ingururekin». «Ekialdetik hasi da hedatzen. Gehienbat entrenamendua eta logistika babesa behar duen jendea bildu du», adierazi du David Rodriguez jeneralak. Libiako kaosaren erdian —bertzeak bertze, AEBak ere erantzuletzat dauzkan kaosean—, ekialdeko kostako Derna hirian ezarri du EIk bere basea.

Bengazitik 300 kilometro ekialdera eta Egiptoko mugatik 200 kilometro mendebaldera dago Derna. 2011n Muammar Gaddafiren aurkako gerra hasi aitzinetik, 150.000 biztanle inguru zeuzkan. Libya Herald egunkariak bertatik idatzitako kronika bat argitaratu zuen atzo: Egun-pasa bat Dernan. Kazetariaren arabera —izenik gabe sinatuta dago—, Bengazitik abiatuz gero Libiako armadak hiritik 20 kilometrora dauka azken kontrol postua. Hiria deskribatzerakoan, «Xariaren (lege islamikoaren) Auzitegi Gorena» eta «Zirenaikako (Libia ekialdeko probintzia historikoko) Estatu Islamikoaren zerga bulegoa» daudela aipatu du kazetariak. Bukaeran, ondorio gisa, honako hau dio: «Ez nuen sentitu Libian nengoenik. Siriako edo Afganistango bideoen antza zuen. Ez zegoen gizarte zibilaren erakunderik. Kapela afganiarrak jantzita zeuzkaten gizon armatuek zuzentzen zuten dena. Eta bandera beltzak [EIrenak] nonahi zeuden».

Libian, milizien eta fakzioen arteko borrokaleku bat gehiago da Derna. Urrian, Gazte Islamikoen Xuraren Kontseiluak hartu zuen hiria kontrolpean —tradizio islamikoan, kontsultarako batzar erlijiosoa da xura—. Hil horren 30ean, elkarretaratze handi batean, erakunde horrek adierazi zuen Abu Bakr al-Bagdadi EIko buruzagiari leialtasuna agertuko ziola.

Erresuma Batuko The Guardian egunkariak atzo argitaratutakoaren arabera, Abu al-Baraa el-Azdi erlijioso saudi arabiarra da Dernan EIri batu zaion talde islamista horren buruzagia. The Guardian-ek dioenez, El-Azdi irailean ailegatu zen Libiara. «200 edo 300 borrokalarirekin ailegatu zen, horietako gehienak Sirian esperientzia hartutako libiarrak». Egunkari beraren arabera, AEBek «zaintza areagotu» egin dute Derna inguruan, droneak eta zelatarako hegazkinak erabilita.

Oraingoz, EI Libian dagoela dioten iturriak agerpen batez mintzo dira, ez hedapenaz. Agerpenak, baina, Irakeko eta Siriako patroi bertsua segitu du: estatua desegin edo zeharo ahuldu da lehenik, eta kaosaren erdian agertu da muturreko talde islamista. Libian, 2011n desegin zen Muammar Gaddafik sortutako erregimena. Tunisian eta Egipton hedatutako matxinaden uhina Libia ekialderaino hedatu zen, baina ondoko bi herrialdeetan ez bezala, berehalakoan gerra zibil bilakatu zen. Ondoren etorri zen gertakari erabakigarria: AEBek, Erresuma Batuak eta Frantziak militarki esku hartu zuten Gaddafiren aurka, Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluko ebazpen bat erabilita —Errusiak eta Txinak abstentzioa eman zutelako onartu zen ebazpena—.

Africom, AEBen indarra

Horri esker, matxinoek Tripoli hartu zuten 2011ko abuztuan, eta urte bereko urrian Frantziako hegazkinen laguntzarekin Gaddafi hil zuten. Ordutik, bertze erregimen bat ezartzeko ahalegin guztiak zapuztu dira, eta herrialdea fakzioen, milizien eta estatu berriaren ordezkaritzat aldarrikatutako erakundeen artean banatuta dago, borroka etengabean.

AEBek Afrikarako sortutako Africom dibisio militarrak eman du EIk Libian duen jardunaren berri. 2006an sortu zuen Donald Rumsfeld Defentsa idazkari errepublikanoak, eta ordutik makina bat kritika jaso ditu, AEBek haien interesen alde Afrikako auzietan esku hartzeko tresna bat delakoan.

Horrez gain, EIk Iraketik eta Siriatik ustez egindako zabalkundea ez da argia. Talde eta buruzagi erlijioso batek baino gehiagok agertu dio leialtasuna kalifatoari Indonesiatik hasi eta Aljeriaraino, baina gero adierazpen anitzek ez dute jarraipenik izan edo gezurtatu egin dituzte. Dena den, Libiako egoera nahasiak sortutako testuinguruak erraztasunak sor ditzake antzeko mugimendu bat hedatzeko.

Publizitatea

Sortu kontua
Mikel Rodriguez Mikel Rodriguez

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak