Jalgi eta plazara atera dadin

Kultur transmisioa hobetzeko jaialdia antolatu du Jalgik Aiaraldean maiatzaren 23tik 29rako

Jalgi proiektuaren bultzatzaileak egitasmoa aurkezten, atzo, Bilboko Kafe Antzokian. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2016ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Euskal kulturak dituen komunikazio eta transmisio arazoei aurre egiteko neurriak jartzea. Hori da funtsean Jalgi egitasmoaren helburua, eta bost elkartek egin dute bat horretarako antolakuntza taldean: Ahotsenea sortzaileen plazak, Euskal Herriko Bertsozaleen Elkarteak, Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkarteak, Euskaltzaleen Topaguneak eta Aiaraldea Komunikazio Leihoak. Euskal sortzaileei ikusgarritasuna eskaini eta transmisiorako bideak hobetzeko, lekuan lekura egokitutako kultur jaialdi ibiltari moduko bat antolatu nahi dute urtero, eta adostu dute lehenengoa. Maiatzaren 23tik 29ra egingo dute lehen proba, eta Bizkaia eta Araba hartzen dituen Aiaraldea eskualdean izango da. Bertako kulturgileekin eta eragileekin elkarlanean prestatu dute 65 kultur ekitaldiz osatutako programa, eta programa horren bidez bertako eragile eta kulturgileak sarean ehuntzen laguntzea da asmoa. Apirilean egingo dute egitarau zehatzaren aurkezpena, baina proiektua jenderatu nahi izan dute lehenago, aurten Aiaraldeko bederatzi herrietan egin nahi dutena hurrengo urtean beste herri batera eramatea baita ideia.

Orain urte batzuk hasi zuten proiektua martxan jartzeko gogoeta Jalgiko kideek. Gotzon Barandiaran antolakuntza taldeko kideak kontatu duenez, joaten ziren eztabaida gune batera, joaten ziren bestera, eta ondorioak beti gisakoak izaten zirela ohartu ziren: euskal kulturak gabezia nabarmenak zituela. Barandiaranek egin du arazoen zerrenda: «Sorkuntza sistematizatu beharra dago, eta transmisioa egin behar da hezkuntza sasoitik hasi eta heldu arora arte, etenik gabe. Batetik, hori, eta, bestetik, plaza badago, ze azpiegitura eta dirua badaude, baina ez da plaza hori erabiltzen euskal sorkuntza bultzatzeko eta gehienetan euskarazko ez diren sorkuntzak egoten dira plaza horretan. Eta bi arazo larrienak izan daitezke gure kultura ikusgarri egiteko daukagun ezintasuna eta transmisiorako ez dagoela bermerik». Gabezien inguruan kontsentsua igarri, eta gabezia horiek konpontzeko neurriak asmatzea izan da erronka. Eta horregatik Jalgi.

«Luzera begirako egitasmoa da hau», egin du zehaztapena Barandiaranek. «Hau ez da jaialdi bat edounean uneko kontu bat. Jarraitu egin beharko dugu euskal kulturarentzako plazak bermatzen ez diren bitartean eta gure kultura euskal herritar guztiei helarazi eta transmititzea lortzen ez dugun artean». Bi adar izango ditu proiektuak horregatik: praktikoa bata, eta teorikoagoa bestea. Aiaraldean egingo den astebeteko kultur programarena da proiektuaren alde praktikoa, eta komunikazioa eta transmisioari buruko bi eguneko gogoeta programarena da alde teorikoagoa.

Gogoeta jardunaldiak

Zehazki, maiatzaren 26 eta 27an egingo dira gogoeta jardunaldi horiek Amurrion, eta adostua dute formatua. Euskal kulturaren komunikazioaz arituko dira lehen egunean, eta 11 hizlari gonbidatuko dituzte hamarna minutuko hitzaldi bat ematera. Gero lantaldeak sortuko dituzte ateratako gai horien inguruan aritzeko, eta eztabaidarako tartea ere izango da bazkalostean. Eta berdina izango da eskema transmisioa landuko duen bigarren eguneko jardunaldietan ere.

Baina epe ertain eta luzerakoa da antolatzaileen asmoa hor ere. «Sortzen diren edukiak ez ditugu hor utziko. Bi egun horietatik harago, nahi ditugu mekanismoak jarri neurri horiei buruzko gogoetan jarraitu eta neurri horiek praktikara zelan eraman aztertzeko. Jalgi batetik bestera etengabe gogoetatik praktikara joan ahal izatea da ideia».

Aurreratu dutenez, zabala izango da maiatzaren 23tik 29rako eskaintza: bertsolariak, musikariak, artistak, dantzariak, aktoreak eta idazleak izango dira, tartean. Baina kultur programarekin ere globalki pentsatu eta lokalki ekitea da Jalgikoen asmoa. Izan ere, Euskal Herriko puntako sortzaileekin batera Aiaraldeko sortzaile eta kultur zaleak dira astebeteko programa horretan parte hartuko dutenetariko asko, eta, Barandiaranek azaldu duenez, eskualdeko eskola, euskaltegi, antzerki talde eta kultur elkarteekin elkarlanean egingo dute dena. «Etorriko diren parte hartzaileei ere eskatuko diegu transmisio eta komunikazio ariketak egiteko, eta, hala, adibidez, dantzari talde bat baldin badator saioa eskaintzera, bertako dantza taldeko kideekin edo eskolako ikasleekin jarriko ditugu harremanetan emanaldi aurretik».

Sare bat ehuntzeko akuilu

Nahita bilatu dute hori, eta Barandiaranek azaldu du zergatik, astebeteko kultur programazio horrek etorkizunerako ere arrastoa uztea baita antolatzaileen ideia. «Gure asmoa da proposamen bat egitea Aiaraldeko eragileei elkarrekin lan egin dezaten, baita Jalgiren ostean ere. Euren artean sare bat ehuntzeko akuilu izango da Jalgi». Hala, Jalgi joaten denean, eskualdeko eragileen artean Jalgiz zerbait geratzea da helburuetariko bat. Barandiaran: «Eta hori bereziki euskal kulturarekiko atxikimendu maila baxua duten lekuetan».

Hurrengo aldietarako ere lekuan lekuko elkarte eta eragileekin elkarlanean antolatuko dute urteroko egitaraua, baina sustatzaile taldea handituz joatea da egun antolakuntzan dabiltzan eragileen asmoa. Hori espero du behintzat Barandiaranek, egungo eragileei denborarekin eragile gehiago gehituko zaizkiela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.