Juanba Berasategi hil da

Sasi guztien azpitik, sasi guztien gainetik

Juanba Berasategi zinemagile eta ilustraziogilea hil da, 66 urterekin. Animazio zinemaren aitzindaria eta 'Kalabaza tripontzia' ikonikoaren sortzailea izan zen
Juanba Berasategi, <em>Kalabaza tripontzia</em>-ren kartela atzean duela, 2002an, bere bulegoan.
Juanba Berasategi, Kalabaza tripontzia-ren kartela atzean duela, 2002an, bere bulegoan. IMANOL OTEGI / ARGAZKI PRESS

Gorka Erostarbe -

2017ko apirilak 29
«Hemen, Euskal Herrian, hori ez da posible, nola egingo duzu? Hori Frantzian, Ameriketan.... Baina hemen?!». Halakoak entzun zituen Kalabaza Tripontzia animazioko filmaren egiteko asmoa han eta hemen aurkezten zuenean. Hala kontatzen du Mikel Garcia Idiakez kazetariak Zeluloidezko begiradak liburuan. 1985ekoa da euskarazko animazioko lehen film luzea; garaiko haurren eta ez hain haurren memorian iltzatua geratu den filma. Egilearen beraren hitzetan, «pelikula fundazionala» izan zen, «animazioko filmak egitea posible zela erakutsi zuelako, eta animazioan lan egiteko aukera eta teknikarien sorrera ahalbidetu zituelako».

Film horretan entzungo zuen aurrenekoz askok «sasi guztien azpitik, hodei guztien gainetik» esamoldea ere, Kalabaza planetaren satelitea izatera kondenaturiko narratzailearen ahotan. Halaxe jardun behar izan zuen bere ibilbide osoan zehar zinemaren munduan, aldez edo moldez aurrera egiteko, sasi guztien azpitik zein gainetik, beti borrokan, «beti negarrez eta eskean». Eta, hala ere, filmografia duin eta aberatsa osatu zuen. Umezurtz utzi du Kalabaza planeta; umezurtz euskarazko animazio zinema ere. Atzo hil zen Juanba Berasategi (Pasai Donibane, Gipuzkoa, 1951), 66 urte zituela, minbizi baten ondorioz.

Fenomeno kultural eta soziala izan zen Kalabaza tripontzia. Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten eta ohorezko aipamena jaso zuen. Bost urteko lan izugarriaren ondorioz mamitu ahal izan zuen obra, «autobus txartelaren gastua eta eguneroko bokadiloa beste soldatarik ez zuten 30 lagun inguruen laguntzari esker», berak kontatu izan zuenez. Beste hainbat lanetan bezala, Koldo Izagirre idazlea izan zuen bidaide, harena baitzen gidoia. «Ilusio eta ingenuidadearekin, baina zerbait egiten ari ginen kontzientziarekin egin genuen lan; eta finantzaketa lortzeko Gipuzkoako Diputatu Imanol Muruaren laguntza izan genuen, batez ere», gogoratzen du Izagirrek.

Pasaiakoak ziren biak; Donibanekoa Berasategi, eta Antxokoa Izagirre. Bi urte zaharragoa lehena. Berasategiren hastapenak honela oroitzen ditu Izagirrek: «Marraztea asko gustatzen zitzaion eta kartelgintzan ere aritzen zen, garaiko kartelgintza politikoan, sinadurarik gabeko lanetan... Parisera joan zen denboralditxo batean. Han, zenbait teknika ikasi zituen. Berriro itzultzean, Super-8 batekin hasi zen esperimentatzen».

Esperimentazio horien muinetik animazioko zinema egiteko gogoa loratu zitzaion jarraian. Eta duda gutxi izan zuen, euskaraz egingo zuen zinema: «Kontua da nik ez ditudala inoiz garunak urtu pelikulak euskaraz egin behar ote nituen erabakitzeko. Hala sentitu dut, besterik gabe. Filma irudia eta soinua da, eta euskararekin transmititzen dut erosoen». Izagirrerekin berarekin ondu zituen Ekialdeko izarra (1977) animazioko lehen film laburra (16 milimetrotan filmaturiko aurrena) eta Fernando Amezketarra (1979) ere. «Espioitza lanak egin behar izan zituen 16 milimetrotako kamera bat nola erabiltzen zen ikusi eta ikasteko», dio Izagirrek. Garaitsuan egin zuen Ikuska serieko seigarren lana: Euskara galdutako Nafarroa (1980), eta baita Kukubiltxo (1983) film laburra ere ?Bilboko Dokumental eta Zine Laburraren Nazioarteko XXV. Jardunaldian Euskal Zinearen Lehen Saria lortuz?.

Bereziki bertsozalea ez izanagatik, bere sorkuntza estuki lotua egon zen hainbat bertsolari historikoren biografiari, «bizkorra baitzen aukera zinematografiakoak detektatzen», Izagirrek nabarmendu duenez. Lazkao Txiki (1998-1999) eta Txirrita (1999-2000) animazio seriek ?Izagirre gidoilari izanik? oihartzuna izan zuten ETB 1 telebista katean ematean. Bilintx eta beste zenbaiten bizitza pantailaratzeko asmoa ere bazuen, baina telebista publikoak «kostu txikia eta arrakasta handia» zuen produktua bertan behera uztea erabaki zuen. «Nik uste arrakastari beldur izan ziola ETBk», gogoratzen zuen Berasatagik Zeluloidezko begiradak liburuan.

Enpresari halabeharrez

Beti ibili baitzen borrokan finantzaketa eta sosak handik edo hemendik lortzeko; borrokan, Eusko Jaurlaritzarekin, ETBrekin edo Madrilgo Gobernuarekin. Horregatik, zenbaitetan bestelako diru iturrietara jo behar izaten zuen. Andaluziako administrazioaren laguntzari esker plazaratu zituen, esaterako, Ahmed, Alhambrako printzea filma (1997), bai eta Alhambrako giltza (2003) bigarren zatia ere. Lan horiek dira, hain zuen ere, gehien zabaldu diren Berasategiren lanak, Amerika, Asia eta Europako herrialde ugaritara ailegatu zirelako. Euskaraz eta gaztelaniaz ekoitzi zituen bi lan horiek.

Azken hamarkada eta erdi pasatxoan ezin izan zion nahi adina denbora eskaini sorkuntza lan propioari. «Egoerak behartuta» enpresari bilakatu zen aspaldi, besteak beste, Lotura Films bere ekoiztetxe propioa sortuz (1992), eta ikus-entzunezko munduarekin lotura duten ezin konta ahala elkartetan parte hartuz; baita haietako zuzendaritzetan arituz ere (Euskal Ekoizleen Elkarte Burujabea, Espainiako Ikus-entzunezko Ekoizleen Elkarte Federazioa, Asifa-Euskadi Animazio Filmen Nazioarteko Elkartea, Egeda Eskubideen Kudeaketarako erakundea, Ibaia Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkartea...). Ibaia Elkartearen sorreran izan zen 1997an, eta zuzendari izan zen Joxe Portelak 2006an ordezkatu zuen arte. Orduz geroztik zuzendariorde kargua izan zuen; duela hilabete eskas pasatu zion lekukoa Marian Fernandezi (Txintxua Films). Duela urtebete inguru egin zuen azken agerraldi publikoa Ibaiako hainbat kiderekin batera, Eusko Jaurlaritzari babesa eskatzeko egindako agerraldian.

«Bere bokazio artistikoa sakrifikatu zuen produkzio lanaren alde», Koldo Izagirreren hitzetan. «Produkzioak ordu, bilera, bidaia asko behar ditu, eta jan egiten du denbora. Borroka handiak egin behar izaten dira, bai ETBn, bai Jaurlaritzan, Madrilen... Horretan asko eman zuen eta bere sormen pertsonala asko sakrifikatu zuen, neurri batean». Hitz gutxitan esateko «profesionala eta eskuzabala» zen Berasategi, Izagirreren irudiko.

Azken lana estreinatzear

Barriola, San Adriango azeria (2008) eta Tormesko itsu mutila (2012) animazio lanak izan dira Berasategik egin eta zabaldu zituen azkenak. Baina bazituen proiektu gehiago ere buruan eta almazenean. Esaterako, estreinatzear da Eneko Olasagastiren gidoiarekin eta Joserra Senperenaren musikarekin ondutako Nur eta herensugearen tenplua 65 minutuko film luzea. Koldo Izagirrerekin berarekin elkarlanean egiteko beste bi proiektu ere bazerabiltzan bueltaka aspaldian. «Elgeta trikitilariaren ingurukoa da bat. Gidoia egina zegoen, baita erregistratuta ere, baina ez genuen finantzaketa lortu. Bestea Victor Hugok Pasai Donibanen egindako sei eguneko egonaldiaren kronika fantastiko libre samar bat... Hainbat ideia bagenituen». Eta horiek nolabait gauzatuko diren galdetuta, Izagirreren erantzuna: «Ikusiko dugu. Agian egin ahal izango ditugu bere omenez».

Ilustrazio lanak eta sariak

Zinemagintzara bideratu zuen, batez ere, bere bizitza Berasategik, baina beti lotu izan zitzaion ilustraziogintzari ere. Hark egindakoak dira, besteak beste, 1979 eta 1983 bitartean argitaratutako Oh! Euzkadi aldizkariko hainbat marrazki eta ilustrazio, Ustela bildumako Koldo Izagirreren Oinaze zaharrera eta Joxe Austin Arrietaren Termitosti liburuetakoak, eta poesia haurrentzat ilustrazio bidez era berritzaile batean aurkezteko asmoarekin ondutako Ilargiak baleki bildumakoak ere ?Koldo Izagirrerekin batera egina hori ere?. Harenak dira, halaber, Izagirreren beraren Andrazko bat eta Rimmel eta Iñigo Aranberriren Apirila liburuetako azalak, eta Munduko Poesia Kaierak bildumaren logotipoa ere.

Anton Abadia saria jaso zuen 2006an, Gipuzkoako Foru Aldundiak emana. Honako hau esan zuen orduan: «Galdera bat sortzen zait berehala: zinema euskaraz sortzeak saria merezi al du? Meritu handia ez da euskaraz lan egitea, baina euskara normalizatua ez dagoenez...». 2013an Zinemira saria eman zioten Donostiako Zinemaldian. Zera esan zuen orduko hartan BERRIAri emandako elkarrizketan: «Bada ahalmen sortzailea, teknikoa, eta apustu politiko bat egitea falta da».

Berasategiren heriotzarengatik atsekabea erakutsi zuten atzo Bingen Zupiria Euskal Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Markel Olano Gipuzkoako Diputatu nagusiak. EITBk ere prentsa oharra zabaldu zuen Berasategik ikus-entzunezkoetan egindako ibilbidea goraipatuz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna