Eskozia. I-18: Independentziari buruzko erreferenduma

Gordon Brown: «Londresek bete egingo du Eskoziari emandako hitza»

Londresko hiru alderdi nagusiek bihar aurkeztu asmo dute lege proposamen bat Komunen Ganberan.

Urtarrilerako prest eduki nahi dute Eskoziaren eskumenak zehazten dituen legea

Samara Velte - Berriemaile berezia

2014ko irailak 21
Erresuma Batuko alderdi nagusietako buruek aurki hasiko dituzte Eskoziari eskumen gehiago emateko prozedurak. Hala jakinarazi du Gordon Brown lehen ministro ohi laboristak Eskozia ekialdera egin duen bisitan: David Cameron lehen ministroak, Ed Milliband oposizioko buruak eta Nick Clegg liberal-demokratak ebazpen bat sinatu dute, Scotland Act, Eskoziaren eskumenak zehazten dituen legea, urtarrilerako berritzeko. Agiriak, oraingoz, epemugak zehazteko eskatzen du.

Brownen arabera, bihar bertan eramango dute proposamena Komunen Ganberara. Funtzionarioak lanean ari dira epemuga horiek zehazteko, eta urriaren erdialdean emango dute xehetasunen berri. «Orain arte, mundua guri begira egon da, baina orain Erresuma Batuko alderdi nagusietako buruzagietan dago arreta», azaldu du Brownek.

Lehen ministro ohia Eskoziaren independentziaren aurkako Better Together kanpainaren aurpegi ezagunenetako bat izan da azken hilabeteotan. Osteguneko erreferendumean, Erresuma Batuan jarraitzearen aldeko aukera nagusitu zen, botoen %55 lortuta, eta Londresko alderdiek kanpainan emandako hitza beteko dutela iragarri zuten.

«Ziurtatzen dizuet joan den astean egindako promesak beteko direla», esan du Brownek. «Hitza jaten ez duten gizonak dira hauek, eta ni arduratuko naiz hura bete dezaten». Urriaren 30erako aurkeztu nahi dituzte parlamentuan hiru alderdien proposamenak, gero «Eskoziako herritarrekin eta parlamentuarekin kontsultatzeko» asmoz. Akordio nagusiak azarorako lortu nahi dituzte, eta Scotland Act berria urte hasierarako prest eduki.

Cameronek nahiago luke Eskoziarentzako eskumenak Erresuma Batuko gainerako herrialdeentzako botereekin batera sartuko balira indarrean. Asmo hori adierazi zuen ostiralean, erreferendumaren emaitza jakin bezain pronto. Alderdi Laboristak, baina, aditzera eman du ez duela onartuko halakorik proposatzen duen legerik; Millibanden ustez, banatu egin behar lirateke Eskoziaren devolution sistema eta Ingalaterrarena. Eskoziako erreferendumak Erresuma Batuko sistema parlamentarioari buruzko galdera ugari piztu ditu; besteak beste, nola saihestu daitekeen ingelesak ez diren diputatuek Ingalaterrari bakarrik eragiten dioten gaiei buruz erabakitzea. Hori, nolanahi ere, laboristen interesen aurkakoa da, tory-ek baino askoz eragin gutxiago baitaukate Ingalaterran.

Alderdiak, toki berri bila

Arreta gunea Londresera igaro da egun gutxitan, baina Eskozian ere erreferendum osteko egoerarekin borrokan dabiltza alderdiak. Alex Salmondek lehen ministro kargua eta alderdiko buruzagitza uztea erabaki duenetik, haren lekua betetzeko hautagai bila dabil SNP Eskoziako Alderdi Nazionala. Oraingoz, Nicola Sturgeon lehen ministrordeak du horretarako aukera gehien. Atzo Interneteko sare sozialetan jakinarazi zuenez, azken orduotan 4.000 lagun baino gehiago sartu dira alderdian: «Asko, laboristak izandakoak; eta beste asko, sekula politikan ibili gabeak».

Erreferenduma galtzeak ez ditu, antza, alderdi independentistak ahuldu. Berdeek ere xurgatu dituzte erreferendumean Yes Scotland-ekin bat egin duten ekintzaileetako zenbait; erreferendumaren emaitza jakinarazi zutenetik, 1.200 kide berri lortu ditu alderdiak.

Ezkerreko herri mugimenduetatik gertuago dagoen RIC Independentzia Erradikalaren Aldeko Kanpainak ere abiatu du bere egitasmoa hemendik aurrerako. Asko The 45% (%45ak) izena erabiltzen hasi dira erreferendumerako elkartutako taldeei buruz hitz egiteko. RICek konferentzia nazionalera deitu du azaro amaierarako; ordu gutxian, 4.000 lagunek baino gehiagok adierazi dute biltzar horretan parte hartzeko asmoa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna