«Al-Aqsa gurea da»

Haserrea handituz doa Jerusalemgo auzo palestinarretan, Israelek Meskiten Zabalgunera sartzeko murrizketak kendu dituen arren.Palestinarrak prest daude beste errebolta bat hasteko

Abdel Rahman Xaludiren senideak, beren etxeko hondakinen artean. Israelgo armadak etxea bota zien. ATEF SAFADI / EFE.
Ane irazabal
Jerusalem
2014ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Bandera palestinarrak eta pneumatiko erreak nonahi dira Jerusalemgo Jabel Mukaber auzoko kaleetan. Hemen dolu eta protesta eguna da; izan ere, txoko honetakoak ziren Har Nof sinagogari eraso zioten bi palestinarrak. Oday eta Ghassan Abu Jamal, 22 eta 32 urtekoak, lehengusuak ziren, eta haien familiak salatu du Israelek ez dizkiela bi gorpuak bueltatzen. «Lurperatu egin nahi ditugu. Zergatik ezin diegu azken agurra eman?», galdetu du Fatma Abu Jamaalek, Odayren amak.

Jabel Mukaberren inor gutxi animatzen da kazetariekin hitz egitera. Bi gazteek sinagogari eraso eta lau errabino hil zituztenetik biziki konplikatu da auzoko biztanleen bizitza: Poliziaren kontrolguneak, gaueko sarekadak, kolono juduen mehatxuak... «Segurtasun indarrek gure familiako hamalau kide atxilotu eta itaundu dituzte, tartean Odayren emaztea. Ziur egon nahi dute bi lehengusuak bakarrik aritu zirela», adierazi du Mohamedek, bi gazteen osabak.

Baina familientzat amesgaiztoa hasi bestetik ez da egin. Izan ere, Israelgo Gobernuak erabaki du ustezko bi erasotzaileen etxeak botatzea. «Protestak eragoztearren, ez digute esan noiz etorriko diren, baina gu prest gaude haiei aurre egiteko. Oday eta Ghassan tiroz hiltzeaz gain, gure familia ere zigortu egin nahi dute», azaldu du Mohamedek.

Azken asteetan, Jerusalem ekialdeko ehunka pertsona atxilotu ditu Israelek, eta Zisjordanian beste hainbeste egin du Mahmud Abbasen PAN Palestinako Aginte Nazionalak. Gehienak Hamaseko kideak edo jarraitzaileak dira. Tel Avivek kosta ahala kosta geratu nahi du Jerusalemen hasitako indarkeria uholdea, baina palestinarrak beste errebolta bat hasteko prest daude. Mohamedek argi dauka: «Errepresioaren bidetik haserrea handituko dute. Israelek hasi du guztia. Probokazio bat da juduei Meskiten Zabalgunean errezatzen uztea. Al-Aqsa gurea da. Hori ez digute kenduko».

Jabel Mukaber eta halako auzoek Jerusalemgo periferia osatzen dute. Toki ahaztuak dira. Arreta mediatikoa Al-Aqsaren eta Meskiten Zabalgunearen inguruan biltzen da, baina palestinarren haserrea ekialdeko Silwan, Xuafat, Isawiya eta halako auzoetan ari da hezurmamitzen. Bertako bizilagunak bigarren mailako herritarrak direla diote. «Koloniaz inguratu gaituzte, eta ez dugu udal zerbitzurik jasotzen. Guk hemendik alde egitea nahi dute, baina ez dute lortuko», dio Silwan auzoko Musa izeneko gazte batek.

19.000 palestinar eta 600 kolono bizi dira Silwan auzoan, Jerusalemgo harresi zaharraren ondoan. Hala, Jerusalemgo gunerik beroena bilakatu da azkenaldian. Auzo horretako aldapa estuetan familia palestinarrak eta kolono armatuak ikus daitezke, denak batera. Elkarbizitzarik ez dago, ordea: «Kolonizazioa aurrez aurre bizi dugu. Kolonoek gure etxeak hartu dituzte, eta Al-Aqsa suntsituko dutela idazten dute paretetan», azaldu du Musak.

Tentsioa baino gehiago, bi komunitateen arteko gorrotoa nabari da Silwanen. «Suari su ematen ari zaio Netanyahu», nabarmendu du Yaser Xaludi izeneko agure batek. Haren ilobak, Abdel Rahman Xaludik, emakume bat eta haur bat hil zituen bere autoarekin tranbiaren zain zeuden hainbat herritarrei oldartuta. Israelek haren familiaren etxea bota berri du. «Netanyahuk erantzun gogor bat iragarri du, baina halako neurriek ez dituzte geratuko erasoak. Zigor kolektibo bat da», uste du Yaserrek.

Handik metro gutxira, Hijazi familiak etxearen kanpoaldera atera ditu ondasun guztiak. Haien semea, Muataz, tiroz hil zuen Israelgo Muga Poliziak Silwango etxeetako teilatuetan zehar korrika ari zela. Segurtasun indarrek adierazi dute Yehuda Glick errabinoari eraso ziola Muatazek. Orain, etxea botako diotela ohartarazi diote Hijazi familiari. «Israelgo Auzitegi Gorenak ez du gure helegitea onartu. Lehenik semea galdu genuen, eta orain gure etxea», adierazi du Muatazen aitak.

«Daviden gaztelua»

Kalearen beste aldean, kolonoen hamar familia bizi dira. Segurtasun pribatua dute, eta haien etxeak hesiz inguratuta daude. Silwanen bizi diren kolono juduek sionismo erlijiosoa ordezkatzen dute. «Muino honetan daude David erregearen gazteluaren arrastoak; beraz, gure eskubidea da hemen bizitzea», dio Daniel izeneko kolono batek. Auzoaren magalean indusketa arkeologikoak egiten ari dira, denak Elad fundazio juduak finantzaturikoak. Danielek ez ditu ezkutatzen kolonoen asmoak: «Jerusalemgo auzo arabiarrak judutartu nahi ditugu, hiriaren eta Israelen izaera judua indartzeko asmoz».

Israeldar askok Daviden Hiria deitzen diote Silwani, eta auzo horretako kolono juduen artean hezurmamitu da Meskiten Zabalgunean errezatzeko eskubidea aldarrikatzen duen taldea. Kolonoek Deitoreen Harresira prozesioak egiten dituzte, eta, askotan, Meskiten Zabalgunera sartzen saiatu dira. «Hau ez da gerra erlijioso bat, baina Al-Aqsa marra gorri bat da, eta ezin da zeharkatu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.