Euskal Herriaren lekuko isilak

Patxi Aldunatek 'Pott eta...' erakusketa osatu du, hainbat herritako frontoien argazkiak moldatuta

Patxi Aldunate artista plastikoa, Iruñeko Labrit pilotalekuan jarri duen erakusketaren aurrean. IÑIGO URIZ/ ARGAZKI PRESS.
Iñaki Berastegi.
Iruñea
2017ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Pilotan jokatzeko ez ezik, frontoia beste hainbat ekintza egiteko ere erabiltzen da Euskal Herrian. Giza harremanak sortu eta sendotzeko lekua ere izaten da herrietan bizi diren gazteentzat. Ikuspegi horri jarraikiz osatu du Patxi Aldunate artista plastikoak Pott eta... erakusketa, Iruñeko Labrit pilotalekuan. Pott banda gogora dakar izenburuak, taldeak literaturan egin bezala, frontoiarekiko ikuspegi berritzaile bat urratzeko artistaren nahiagatik edo. Izan ere, kirol arloan eraikin horiek duten garrantzia goraipatzeaz harago joan nahi izan du, eta frontoiak ikuspegi berri batetik aztertu, haiek Euskal Herriari buruz dakitena berreskuratzeko: «Espazio mitiko honek guri eskaini digun arreta itzultzeko modua da erakusketa. Frontoia gure haurtzaroaz mintzatzen zaigu, eta etorkizunera begira jartzen gaituen espazioa da».

Juan Barriolak egindako argazkiak izan dira Aldunateren lehengaiak. Izan ere, Barriolak Euskal Herri osoko frontoi, plazako frontoi eta elizetako atrioetako 450 irudi baino gehiago gorde ditu azken urteetan. Gainera, garai ezberdinetako mota guztietako argazkiak igorri dizkio Aldunateri erakusketa osatzeko. «Iragan hobe baten nostalgiari egiten dio erreferentzia lan honek. Antzinako irudiak berreskuratzen dituen ikerketa proiektua da, herri kultura goraipatuz eta ondarea mantenduz», azaldu du artistak.

Leitzako (Nafarroa) plaza nagusiaren ondoan dagoen etxe batean jaio zen Barriola, eta bizitza osoa eman du pilotari loturik: «Etxetik pilotaren pott hotsa entzuten nuenean, berehala ateratzen nintzen plazara».

Plazara itzul dadin

Pilota plazako frontoiak bazter uzten hasia zela konturatu zenean ekin zion argazkiak erakusteari. Orain, argazkiak egiteaz ez ezik, jendeak bidaltzen dizkionak gordetzeaz ere arduratzen da. Euskal Herri osoan zehar dauden herrietako frontoi eta pilotan jokatzeko txokoetako argazkiak biltzen ditu. «Atzera egin behar dugu. Pilota plazetara itzuli behar da. Kalera eraman behar dugu».

Erakusketako harribitxietako bi dira Madrilgo Beti Jai pilotalekuaren 1894ko argazkia, eta 1915eko Leitzako plazakoarena. Labrit pilotalekuko bigarren solairuko hormetan zintzilikatu dituzte Aldunateren artelanak. Horiekin batera, frontoiaz hitz egiten duten bi testu ere txertatu dituzte, Daniel Garbayo arkitekto eta ikertzailerena, bata, eta Carlos Izkue idazlearena, bestea.

Dagerrotipiaren teknika erabili du Aldunatek argazkiak moldatu eta artelan bihurtzeko: metakrilatozko xafla batean irudi positiboari lurrun bat aplikatuta oso irudi bereziak lortu ditu artistak. Gainera, metakrilatoa erabiltzearen atzean arrazoi zehatz bat ere badago: mota horretako xafla batek islatu egiten du, eta hala, ikusleak frontoiaren irudiaren barnean sartzen den sentsazioa du.

Pilotarekin eta frontoiarekin zerikusia duen erakusketa bat dela kontuan hartuta, Nafarroako hiru pilotari ezagun hurbildu dira aurkezpenera: Fernando Goñi, Abel Barriola eta Juan Martinez de Irujo. Fernando Goñi bat dator Juan Barriolaren iritziarekin, eta plazako frontoiak berreskuratu behar direla uste du: «Plazako frontoiak maite ditut. Plazan jaio eta ibili gara, eta azkenaldian atzera joan garela ikusten dut». Abel Barriolarentzat, frontoia munduko txokorik politena da.

Euskal Herriko frontoi esanguratsuenetako batean hasi du ibilbidea proiektuak. Hain zuzen ere, erakusketa Labriten egitea oroitzapen «ahaztezina» dela adierazi du Aldunatek berak. Handik, baina, Euskal Herriko beste hainbat tokitara eramango dute datozen hilabeteetan: apirilaren 1ean Baionan izango da ikusgai, maiatzaren 5ean Zizur Nagusian (Nafarroa), eta ekainean edo uztailean Donostiara ailegatuko da. Hala ere, beste hainbat herri eta hiritara eraman ahal izatea espero dute: dagoeneko jaso dituzte beste eskaera batzuk.

Plazako pilotalekuak ahanzturatik berreskuratu ditu erakusketak. Euskal Herriaren lekuko isilek gordeta dituzten istorio guztiak askatu nahi dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.