Hamar urteko partaidetza

Ipar Euskal Herriko 35 ekoizpen berri izanen dira eskuragai Durangoko 51. Azokan

Ipar Euskal Herriko hainbat egile eta argitaletxeren lanak izanen dira Durangoko azokan. BOB EDME.
Bidatz Villanueva
Baiona
2016ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Hamar urte dira jada Durangoko Azoka antolatzen duen Gerediaga elkarteak eta EKE Euskal Kultur Erakundeak elkarrekin lan egiten dutela. Ondorioz, Ipar Euskal Herriko ekoizpenek ikusgarritasun handiagoa dute azokan. Abenduaren 2tik 6ra eginen da, eta aurten ere eskaintza zabala izanen da hemengoa, berritasunen artean %10 hemengo ekoizpenak izango baita. Aurten, 35 lan berri aurkeztuko dituzte: hemeretzi liburu, hiru disko-liburu, bederatzi disko, hiru DVD eta egutegi bat. Bederatzi erakusmahai izanen dituzte Ipar Euskal Herriko partaideek, 21. eta 29. zenbakien artekoak. Horrez gain, kontzertuak, aurkezpenak, ikuskizunak, hitzaldiak eta mahai inguruak izanen dira. Argitaletxeen artean, Maiatz, Ikas, Gatuzain, Zortziko eta Elkarrek parte hartuko dute. Agorila, ZTK eta Saroia diskoetxeak ere bertan izanen dira, baita Kanaldude eta Ikastolak ere. «Iparraldeak beti izan du lekua Durangoko Azokan. Gure xedeetako bat da azoka Iparraldean hobe ezagutaraztea», azaldu du Pantxoa Etxegoin EKEko zuzendariak.

Liburuei dagokienez, Elkarrek berriki argitaratutako bi argazki liburu eramanen ditu. Ipar Euskal Herriko bazterrak arakatzen ditu batek, Alain Miranda egilearen Pays Basque Nord-Ipar Euskal Herria-k. Elebiduna da, Kattalin Totorikak itzulitakoa. Severine Debadiek eta Christiane Etxezarretak Euskal Artzainak liburua kaleratu dute. Egungo artzainen lana irudikatu, eta hainbatekin elkarrizketak egin dituzte.

Gexan Alfaro Lantziri-ren autobiografia bat ere eramanen dute azokara, Lantziritik... Etxalaira... izenekoa. Bestalde, Gilles Ribierek idatzitako eta Paxkal Bourgoinek ilustratutako Ina, nere ama afrikarra liburua izanen da eskuragai. Ribierek urteak egin zituen Burkina Fason, eta han sortu zituen familia loturez mintzo da liburuan. Elkarrek, gainera, bi disko-liburu plazaratu ditu: Xalbadorren Odolaren Mintzoa liburuaren berrargitalpena, bertsolariak bere buruari grabatutako 36 bertsoz osaturiko CD batekin; eta Jo Kako!... Jo!!! haurrentzako argitalpena.

Maiatz argitaletxeak hainbat liburu berri eskainiko ditu azokan. Aldizkariaren 62. eta 63. aleez gain, Marikita Tambourinen Agoten In Memorian izanen da, agoteen inguruko historiaren ikerketa. Bestalde, zazpi poesia liburu eramanen ditu: Lucien Etxezaharretaren Xalbador azken bidean; Jos Royren Balea; Amaiur Blascoren Egunsentia; Eric Ditxarriren Errudun; Antton Kazabonen Ilunpetik Argira; Aritz Mutiozabalen Hutsartea; eta Menna Elfynen Murmurioa. Azken lan horren egilea Galesko poeta ezagunenetakoa da. Poesia oraindik emakumeen esparrutik kanpo zegoela hasi zen idazten. Eli Tolaretxipik eta Arantza Fernandezek egin dute itzulpena.

Zortziko argitaletxeak hiru lan berri jarriko ditu eskuragai, bi itzulpen: Manuela Raymonden Bakartasun handien idazlan ttipia, eta Marie Christine Thiry Merloren Aitorren ametsa. Horrez gain, Barnealdeko iraultzen loraldia Amaia Lasaren saiakera izanen da erakusmahaian. Urtetan hainbat hedabidetan idatzitako iritziak eta hausnarketak biltzen ditu liburuak. ZTK argitaletxeak, bestalde, Marcel Prousten obren itzulpen bat proposatuko du, Aro berredirena, Jean Baptiste Orpustanek itzulia.

Diskoen artean, Pantxoa Karrereren lana, Anaitasuna, izanen da azokan, Elkarrekin argitaratutakoa. Peio Ospitalek ere bakarkako lan bat argitaratu du, Arnasa... Hatsa... Bizia..., Agorila diskoetxearekin. Lau urteko lanaren emaitza da, hamalau kantu poetikoz osatua, eta diskoak oinarrian duena «bizi indarra» da.

Agorilak beste hiru disko eramanen ditu azokara. Xabaltx egilearen Loreak askatu da horietako bat, pop, folk eta rock estiloak ukitzen dituena, besteak beste.Hiru DVD ere salgai izanen dira, Ipar Euskal Herrian emandako hiru ikuskizunenak: Makeako Kabalkada, Jean Pitrau pastorala eta Katalina de Erauso pastorala. Seaska Iparraldeko Ikastolen Federazioak egindako 2017ko egutegia ere izanen da salgai.

Ekitaldiak, 40tik gora

Ipar Euskal Herriak bere ordezkaritza propioa izanen du ekitaldiei dagokienez, azokak iraunen duen bost egunetan. 40 hitzordu baino gehiago izanen dira.

Liburuen eta diskoen aurkezpenez gain, kontzertuak emanen dituzte hainbat taldek. Han izanen dira Willis Drummond, Xabaltx, Begiz Begi, Bidaia, Pier Paul Berzaitz, Otxalde eta Arramazka. Ikuskizunak ere izanen dira, hala nola, Francoren bilobari gutuna antzerki emanaldia eta Oa-huetak haurrentzako ikusgarria. Hitzaldi eta mahai inguruak ere ez dira faltako. Ipar Euskal Herriko elkargo berriaz, euskal kulturaz eta telebistaren orainaz eta etorkizunaz mintzatuko dira horietan. Bestalde, Argizaiola omenezko saria ere banatuko dute, Gerediaga Elkarteak 1992tik ematen duena. Aurten, «oinarrizko kultur langileek» jasoko dute, Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakariak azaldu duenez, urtez urte egindako «inurri lana» aitortzeko. Sei omenduetako bat da Pantxika Erramuzpe Angeluko olerkaria. Ipar Euskal Herriko euskal kultur mugimenduan ibili zen 1960ko hamarkadan. Kantari ere bada, eta plazaz plaza ibili zen urte askotan. Ipuin ilustratuen bilduma bat ere kaleratu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.