Baztan bukolikorik ez

'Telleria eta gero, zer?' nobela beltza plazaratu du Ernesto Prat Urzainkik. Hirigintza espekulazioa jarri du testuinguru gisa bere hirugarren lanean

Ernesto Prat Urzainki idazlea, bere nobela berria eskuetan duela, atzo, Donostiako Elkar dendan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2017ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Maiz agertu da Baztan literaturan. Lainopeko bazterrak, erreka gardenak, zelai berde-berdeak, euri langarra... Nafarroako eskualde horren irudi bukoliko bat sortu da gehienetan. Baina bestelako Baztan batzuk ere badirela erakutsi nahi izan du Ernesto Prat Urzainki idazleak (Berriozar, Nafarroa, 1978) Telleria eta gero, zer? lan berrian. Nobela beltza izaki, misterio ilun bat argitu beharko du eleberriko protagonistak, baina testuinguru modura ez du larre berderik jarri, hirigintza proiektu erraldoi bat baizik. Elkar argitaletxearekin plazaratu du liburua.

Lurra du izena kontakizuneko protagonistak. «Neska bizizalea da, bere eguneroko bizitzan ganorabako samarra, ganberroa... Ez du ideologia jakinik, baina esan daiteke boterearen kontra sentitzen dela», Xabier Mendiguren editorearen hitzetan. Halako batean, nahi gabe, zurrunbilo baten erdian aurkituko du bere burua. Kontakizunaren inguruko xehetasun askorik ez dute aurreratu ez editoreak, ezta idazleak ere; Lurrak, obra hondakinen artean, giza hezur batzuk eta pakete susmagarri bat topatuko dituela eta misterio hori Baztanen egin nahi duten hirigintza plan handi batekin lotuta dagoela baino ez du iragartzen liburuaren kontrazalak.

Aroztegia gelditu leloko kamiseta soinean aurkeztu du liburua Pratek, eta ez alferrik, Baztanen herritarren artean polemika bizia eragin duen Aroztegiko hirigintza plan erraldoia buruan izan baitu idazleak istorioaren testuingurua sortzean. Izenburua, adibidez, proiektuaren aurkako plataformaren izenetik tiraka asmatu dio —Aroztegia eta gero zer? du izena—. Proiektuaren arabera, Lekarozen familia bakarreko txaletak, 135 logelako hotela eta bederatzi zuloko golf zelaia jarriko lituzkete; herritarrak aurka agertu dira bi herri galdeketatan.

Testuinguru horretan, Baztan bukolikoaren irudia baztertu, eta «herritarren Baztan, pertsona normalena» islatu nahi izan du. «Baztanen euria egiten du, maiz literaturan agertzen den bezala, baina eguzki anitz ere egoten da. Bada jende xumea, baina baita handi-mandiak eta jauntxoak ere. Euskaldunak bizi dira, baina euskararen aurkakoak ere bai. Emakumea errespetatzen duen jendea, eta baztertzen duena ere bai. Natura maite duen jendea, eta zelaiak zementuz bete nahi dituen jendea ere bai. Baztanen ere izaten dira etxe kaleratzeak; azkena, duela bi aste... Baztan anitz badira, baina nik herritarren eguneroko Baztan hori agertu nahi nuen liburuan». Bukolikotik gutxi du, beraz, Baztan horrek, baina Pratek adierazi du hura erakustea ez zela hautu kontziente bat izan, eta istorioa idatzi ostean konturatu zela egindako aukeraz.

Protagonistaren ibilerei segika, herrietako jaiak, parrandak, bertako gazteak ibiltzen diren ostatuak... nolabait, «Baztango gida antituristiko bat» aurkeztuko dio nobelak irakurleari, Mendigurenen hitzetan. Halaber, musikari egindako aipamenak etengabeak direla nabarmendu du editoreak; Pratek ere azaldu du hainbat leku musikaren bidez soilik deskribatu dituela, ostatuak, esaterako.

(H)Ilbeltzako gogoetak

Pratek beste bi lan ditu argitaratuak, Hiru ilargi laurden (2012) eta Orpoz orpo (2014), eta lehen nobela beltza du aurkeztutakoa, kritika sozialerako genero aproposa dena, haren ustez. Idazketa prozesuari dagokionez, hiru une bereizi ditu: ihesean ibili zen garaian hasi zen zirriborroa idazten; gero, espetxean, eta geroago kalean jarraitu zuen hura lantzen; eta Jon Alonsok testuaz eginiko kritikak eman zion azken bultzada.

Liburua osatzean, garrantzi berezia izan zuten (H)Ilbeltza topaketek —aurkezpenean behin baino gehiagotan aipatu ditu—. Horietan Itxaro Bordak eginiko solasaldiaren ondotik erabaki zuen, esaterako, hasieran gizona zen protagonista emakume izatea azkenean. Nobela beltzaren asteetako gogoetek, idazlearen ustez, izan dute eraginik bere lanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.