Sustraietarainoko sinfoniak

'Symphonic Bilbon' diskoa kaleratu dute Korrontzi folk taldeak eta BOSek elkarlanean
Ibon Aranbarri (BOS), Agur Barandiaran (Korrontzi) eta Xabier Zabala (Musika zuzendaria).
Ibon Aranbarri (BOS), Agur Barandiaran (Korrontzi) eta Xabier Zabala (Musika zuzendaria). L. AUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

Saioa Alkaiza Guallar -

2014ko abenduak 4
«Zer da tradizioa? Non dago muga tradizionalaren eta modernoaren artean? Noiz du nire trikitiak sustrai doinua eta noiz garaikidea?». Galderak airera bota ditu Korrontzi taldeko trikitilari eta ahots Agus Barandiaranek, Symphonic Bilbon diskoaren aurkezpenean. Erantzunik ez du aurkitu, ezta bilatu ere. Izan ere, zalantzarekin, anbiguotasunarekin eta mestizajearekin jolasean ibili da taldea bosgarren lanean. Hausturarako apustua egin du, berrikuntzarakoa. Horregatik, Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin batera grabatu ditu lana osatzen duten hamalau abestiak. Baga Biga diskoetxeak kaleratu du obra.

Aurtengo abuztuaren 20an hasi zen dena. Bilboko Udalak kontzertua emateko proposatu zien Korrontzikoei, baina ez zien ohiko espektakulua eskatu, «zerbait berezia» nahi zuen. Aste Nagusia zen, eta Abandoibarra betetzeko asmoa azaldu zuten musikariek. Zer otuko, eta BOSek haien kantak jotzea proposatu zieten udal teknikariek. Esan eta egin. Orduan hasi ziren entseguak, hari baten bi muturrak lotzeko saiakerak. Eta ez nolanahikoak. «Bi mundu» dira musika sinfonikoa eta folka, Barandiaranen irudiko. Asmatu dute, haatik, batuketan. «Kristoren emaitza» izan dutela dio abeslariak.

Kontzertu horretan zuzenean grabatutako abestiek osatzen dute diskoa. Lanak badu sorpresa bat ere: DVDa. Emanaldiko irudiak bildu eta muntatu dituzte, eta hori ere sartu dute obran. Zaleek badute zer aditu eta ikusi.

Egileak amaierako produktuarekin gustura geratu badira ere, dena ez zen erraza izan hasieran. Ez zekiten esperimentutik zer aterako zen. Baina nahasketari ekin zioten, beldurrik gabe; baldintza bakarra jarri zuten taldekideek: Korrontziren musikak «dantzatzekoa» izan behar zuen, ez «serioa». Horixe premisa. Eta Xabier Zabala musika zuzendariak aintzat hartu zuen eskakizuna. Haren ardura izan zen uztarketa. Barandiaranek uste du «esentzia» mantendu duela taldeak, eta hori zen, hain justu, bilatzen zutena.

Utzi dizkie, gainera, elkarlanak pasadizo batzuk, eta umorez gogoratzen ditu trikitilariak. Lehen entsegu eguna izan zen akorduan hartzeko une horietako bat. «Euskaldunara heldu ginen, BOSek entseatzen duen gelara, gure traste guztiekin: trikitia, panderoa, gaita... Halako batean, gaita jotzailea jotzen hasi zen, eta BOSeko 90 musikariak, instrumentuak esku artean, isil-isilik geratu ziren. Hor ari zen izugarrizko bolumenarekin gaita jotzailea, eta denak zur eta lur begira... Pentsatu genuen atzeko atetik aterako ginela handik». Ez zen horrela izan, ordea. Hamaika entsegu helduko zitzaizkien gero, eta hor hasi ziren, bi talderen gisan baino, bakarra bezala jarduten.

Elkar elikatu zuten. Hala uste du Barandiaranek. Horren isla izan zen zuzeneko kontzertua. Jendez mukuru zegoen Abando Ibarra. Bertaratutakoak dantzan ari ziren. Orduan hanpatu egin zen bi taldeen gogoa. «Bat-batean, BOSeko perkusionista dantzan hasi zen, jotzen ari zen bitartean, eta hori orkestra sinfoniko batean da... Nik, behintzat, askotan ez dut ikusi!». Momentu horretan, erro beretik aritu ziren biak: batzuk musika tradizionalaren sustraietatik, besteak hots sinfonikoetatik. Baina bat ziren.

Konpainia izan zuten oholtza gainean. Oinkari dantza taldeko Lierni Kamio eta Iker Sanzek gorpuztu zituzten kantak. Interpretatu egin zituzten. Eta hori ere ikusgai dago kaleratu berri duten ikus-entzunezko sorkuntzaren baitan.

Tradizioa ernaltzen

Aurrera begira, kontzertuak eman nahiko lituzkete, eta horretan ahaleginduko dira, egun data zehatzik ez badute ere. «Ez da erraza bi taldeon agendak bateragarri egitea». Dena dela, ziur da Barandiaran lortuko dutela elkarrekin oholtza zapaltzea berriz. 2015ean paratu du mira, dioenez, datorren urtean saiatuko dira ikuskizun bateratu gehiago ematen.

Tradizioa ez da soilik lehengoa. Ohiturak ere asmatu asmatzen dira. Hori uste du musikariak, eta hausnarketa mahai gaineratu du: «Tradizioa gordetzeaz gain, ondo legoke sortzen ahalegintzea, ondare bikaina baitugu eta oinarri sendoak; niri orain dela denbora erakutsitako tradizioa eusteaz gain, harago joatea datorkit burura, erritmo zahar horiek hornitzea doinu berriekin». Pentsamendu kate horren beste begi bat da orain egindakoa. Tradizioa ahantzi gabe, geroa irudikatzeko eginahala.

Barandiaranek azaldu duenez, Korrontzirekin hastearekin batera hartu zuen bide hori. Batzuetan, «gogorra» eta besteetan, «erakargarria» izan da. Eta orain ere, lehengoaren bertsioak egiteko egiten ari den ekinaldia dela eta, «pozik» dagoela aldarrikatzen du. Korrontziren hamargarren urteurrenean, diskoa «urtebetetze oparirik onena» da, haren irudiko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna