Albistea entzun

Durangoko 52. Azoka. Antzerkia

Teatroaren loraldi hauskorra

Euskal antzerkiaren helduaroa egonkortzeko babes gehiago eskatu du Ehaze elkarteak
Miren Gaztañaga, OIer Guillan eta Jaime Valverde, atzo, Ahotsenean egindako aurkezpenean.
Miren Gaztañaga, OIer Guillan eta Jaime Valverde, atzo, Ahotsenean egindako aurkezpenean. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2017ko abenduak 7 - Durango

«Azken urteetan eztanda egin du euskarazko antzerkigintzak». Lan baldintza eskasen, babes publiko faltaren eta erdararen neurrira sortutako merkatu sistemaren zirrikituan zehar ere, loraldi betean deskribatu du euskal antzerkigintza Ehaze Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak. 82 orri ditu, guztira, teatroaren egungo egoerari eskainitako Argazki hau euskaraz mintzo da txostenak, eta Jaime Valverde ikerlari eta elkarteko kideak azaldu ditu haren ondorio nagusiak, Durangoko Azokako Ahotsenea gunean egindako aurkezpenean: «Euskal antzerkia oso bolada onean dago, baina behar du sostengu bat». Elkarteko kideen hitzetan, orain da euskal antzerkiaren aldeko apustua indartzeko garaia. «Sinetsita gaudelako orain euskarazko teatroaren aldeko apustua eginez gero helduaroa luzerako egonkortuko dela».

Bigarren urtea dute publikazioen alorrean. Iaz abiatu zuen Ehaze elkarteak euskarazko antzezlanak eta antzerkiari buruzko ikerketa lanak argitaratzen, eta bigarren uzta horren parte da antzerkiaren nondik norakoak aztertzen dituen txostena. Manifestu baten tankera du testuak hasieran. «Ez da posible Euskal Herrian euskarazko produkzioak sarritan bazterketa egoeran egotea erakunde publikoen aldetik. Euskal Herriko erakunde publikoek Euskal Herriko errealitatearen neurriko zirkuitu bat osatu beharko lukete arlo eszenikoari begira, eta hor euskara erabakigarria da».

Egungo euskal antzerkigintzari buruzko gogoeta kritikoak abiatzen du liburua, baina baditu beste bi atal ere. 2016. eta 2017. urteetako estreinaldien zerrenda ere badakar liburuak bigarren atalean. 38 antzezlan zerrendatu dituzte, guztira. Eta, hain zuzen ere, estreinaldi segida hori da Ehazekoek aipatzen duten loraldiaren frogetariko bat. Horrez gainera, hiru iritzi artikulu ere baditu liburuak azken atalean. Agus Perez kritikariak, Jaime Valverde kritikari eta ikerlariak eta Arantzazu Fernandez ikerlariak bana idatzi dute libururako.

Elkartea krisian dagoela ere onartu dute Ehazeko kideek, eta krisi hori, nagusiki, ekonomikoa dela ere zehaztu dute. Kideen hitzetan, «hutsaren hurrengoa» da erakunde publikoek gaur egun eskaintzen dieten laguntza, eta babes falta hori da elkartearen krisiaren arrazoi nagusia. Horregatik, elkarteari babes handiagoa eskaintzeko eskaria egin diete erakunde publikoei.

Ehazek Mintzola elkartearekin batera sortutako Euskal Antzerkiaren Dokumentazio Zentroaren proiektua ere aintzat hartzeko eskatu diete Euskal Herriko instituzio publikoei. Elkartekoen hitzetan, «ezinbestekoa» da zentro hori antzerkigintza egonkortzen laguntzeko. «Ezinbestekoa da, adibidez, belaunaldien arteko etenak gainditzeko».

Sormen lanak ere argitaratzea du helburu Ehazeren argitalpen ildoak, eta Miren Gaztañaga antzerkigileak talde lanean sortutako Stereo antzezlanaren liburua bide horretan argitaratutako bigarren liburua da.

Genero zauria

«Neure buruari galdetu nionean zer ote nuen kontatzeko, zauri batekin egin nuen topo, eta zauri horrek zerikusi zuzena zeukan emakume gorputz bat izatearekin». Gaztañagak berak azaldu du lanaren muina aurkezpenean. 2009an estreinatu zuen pieza, eta lan horren lekukotza idatzia da orain argitaratu dutena. Izan ere, bi poemak baino ez dute osatzen piezaren testua, eta 30 minutuko iraupena du lanak, halere. Gaztañagaren lan fisikoa da nagusi antzezlanean, eta testuarekin batera, horregatik, sormen prozesuari buruzko oharrak, argazki sorta bat, eta baita antzezlanari buruzko elkarrizketa eta gogoeta testu batzuk ere biltzen ditu liburuak.

Antzezlana lehenengoz plazaratu zuenean, genero gaiek oraindik ez zuten gaur egun daukaten ikusgarritasunik, Gaztañagak onartu zuenez, baina igartzen zen mugimendua ordurako. «Igartzen zen bazegoela esnatze bat», azaldu du. Eta esnatze horrekin bat egin zuen antzezlanak. «Lan honetan asko islatzen da genero gaien inguruko zauria, horretara hurbildu gara, zauri horri begiratzen diogu, eta plazerez begiratzen diogu, harago joateko nahiarekin».

Arazo izan da liburuaren sinadura. «Esanguratsua» da hori, Oier Guillan antzerkigileak atzoko aurkezpenean azaldutakoaren arabera. Zeren eta, Guillanen ustez, sinadura ezartzeko arazo horrek erakusten baitu Stereo sorkuntza prozesu kolektiboa izan dela. Eta horregatik, beraz, liburuaren azalean tituluaren azpian datorren esaldia: «Miren Gaztañagaren sorkuntza batetik abiatutako talde-lana».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Miren Billelabeitiaren aurkezpena, Elkar liburu dendan. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Gazteen inguruko aurreiritzien aurka

Olatz Silva Rodrigo

Miren Billelabeitiak 'Norberak maite duena' saiakera kaleratu du, Pamiela argitaletxearekin. Urteetan gazte eta ikasleekin liburuen inguruan izandako solasaldietan oinarritu du liburua

Robert Treviñok zuzenduko du orkestra. ©JUAN HERRERO / EFE

EOk 'Lorratz' estreinatuko du, Elkanori buruzko proiektuko azken obra

Mikel Lizarralde

Zuriñe F. Gerenabarrenarena da lana, eta Euskadiko Orkestraren denboraldiko laugarren kontzertu programaren barruan joko dute

Plateruena: berriz zabalduko ditu ateak

Durangoko Plateruena kafe antzokiak berriz irekiko ditu ateak

Iñigo Astiz - Paulo Ostolaza

Udalarena izango da, baina kudeaketa publiko eta komunitarioa izango du; kultur mahai batek gidatuko du. Gune berriak hiru erpin izango dituela azaldu dute: euskara, kultura eta sorkuntza.

Harkaitz Cano idazlea, bere poema liburu berria esku artean duela, Donostian. ©Maialen Andres / Foku

Harkaitz Canok ‘Pozaren erdia’ poema liburua plazaratu du

Ainhoa Sarasola

Susarekin eman du lana argitara. 64 soneto bildu ditu idazleak, eta aitortu du «adiktiboa» egin zaiola hamalaudunaren egituran barneratzea.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...