Ganbaran gordetako sekretuak

'Mami Lebrun' antzezlana estreinatuko du Xake Produkzioak konpainiak, Tolosako Topicen, etzi

Kepa Errasti eta Ane Pikaza aktoreak, Mami Lebrun antzezlanean. XAKE PRODUKZIOAK.
Ainhoa Sarasola.
2016ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Amona Kontxa hil da. Egun hori noizbait iritsiko zela jakin bazekien arren, espero ez zituen sentipenak piztu zaizkio Egoitz bilobari barruan. Amonaren ganbaran eguneroko batzuk topatuko ditu, eta, haiek oinarri hartuta, amonari omenaldia prestatzen hasiko da Miren bikotekidearekin. Amonaren istorioa azalduko die omenaldian gainerako senideei, ezagutzen ez zituzten alderdiak barne. «Etxekoek bazekiten amona Parisen neskame ibili zela gaztetan, baina, egunerokoak irakurrita, aldi batez kabaret batean abeslari izan zela deskubritzen dute. Familiak ezagutzen ez zuen istorioa da, eta omenaldian kontatzea erabakitzen dute», azaldu du Kepa Errastik. Hark idatzi du Mami Lebrun obraren gidoia, eta hark jokatzen du Egoitzen rola antzezlanean. Etzi estreinatuko du lana Xake Produkzioak konpainia sortu berriak, Tolosako (Gipuzkoa) Topic zentroan, 20:30ean.

Amonaren omenezko ekitaldi horren entsegu bat da, batik bat, obrak erakusten duena; antzezlan bat, beste antzezlan baten barruan. Ane Pikazak jokatzen du Mirenen rola obran, baita amona Kontxarena ere tarte batzuetan. Errastik, Egoitzenaz gain, amonak bere garaian ezagutu zuen Mitxel gaztearena ere egiten du. Pertsonaiak desberdintzeko baliatu duten «erreminta indartsuena» hizkuntza izan dela azaldu du Errastik, euskalkiekin jokatu baitute horretarako. Donostiako Antzerki Eskolan euskara eskolak ematen ditu aktoreak, eta «euskalkiak antzerkian jolasteko oso erreminta polita» izan daitezkeela jabetu dela dio. «Oso hautu kontzientea izan da. Kasu honetan, antzerkia antzerkiaren barruan denez, polita iruditu zitzaigun pertsonaiak bereizteko euskalkiekin jokatzea». Mitxelen rolean lapurtera batuan egiten du Errastik, eta Egoitzena jokatzean, berriz, bere euskalkian, Debagoien inguruan egiten den bizkaieran. Pikaza ere euskalki horretan mintzatzen da Kontxarena egitean, eta Bizkaiera batuan, berriz, Mirenen rola jokatzean.

II. Mundu Gerrako Parisen

Bada beste pertsonaia bat lanean, Ainara Ortega aktore eta abeslariak jokatzen duena, baina istorioaren muina agerian ez uzteko Errastik gehiegi zehaztu nahi izan ez duena. Interpretatu eta abestu, biak egingo ditu Ortegak. «Parte hartze zuzena izango du, eta batez ere, garai hura musikalki girotuko du». II. Mundu Gerran, Parisko klub batean girotu dute istorioa, eta orduko abestiak hautatu dituzte. Pascal Gaigne lagun izan dute: hainbat pieza sortu ditu antzezlanerako, baita garai hartako beste hainbat kantu moldatu ere.

Istorioaren bidez, zeharka, beste hainbat gogoeta plazaratzen ditu lanak. Horien artean, esaterako, joan den pertsona hori norberarentzat zer izan den, eta, aldi berean, pertsona oso gisa zein istorio duen atzean. «Egoitzentzat Kontxa bere amona zen, baina zirrara sortzen dio bat-batean bere iraganean halako istorio indartsu eta ezezagun bat topatzeak. Kontxa goitik beherako emakume bat zen. Askotan ahaztu egiten zaigu, gure senideekin batez ere, gurekiko rol jakin hori betetzeaz gain, pertsona horiek askoz ere gehiago izan direla». Heriotza, dolua, memoria... zeharka beste zenbait gai ere ukitzen dira antzezlanean.

Orain bi urte hasi zen antzezlana idazten Errasti; bere amonaren heriotzarekin bat etorri zen idazketa, eta, alde horretatik, beretik «zatitxo bat» ere badu istorioak. Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso zuen obra idatzi eta aurrera ateratzeko, eta horrek bultzatuta, aspalditik zuen asmoari heltzeko garaia zela ikusi zuen: Xake Produkzioak konpainia sortu zuen Xabier Ormazabalekin —zuzendari laguntzailea da obran—. Taldea nahiko azkar osatu zutela dio, eta taldean moldatuz joan direla gidoia. Getari Etxegarairi proposamena egin zion, eta hura dabil obra honetan zuzendari lanetan.

Aurrez ere egin dute lanik elkarrekin Xake konpainiakoek, film laburrak tartean, eta aurrera begira elkarrekin gauzak egiten jarraitzeko gogoz dabiltza. Lehenik bidea hasi beharko dute hartarako; etzi egingo dute lehen urratsa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.