Dantzak lot ditzakeen bi leku

Japoniako ainu herria eta euskal kultura lotuko ditu 'Hybrid Rhythm & Dance' ikuskizunak

Euskal musika tresnak eta ainu kulturaren doinuak nahastuko dituzte dantza ikuskizunean. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Ander Perez Argote
Donostia
2016ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Hartu mapamundi bat eta lotu lerro batez Japoniako Hokkaido irla eta Euskal Herria, eta aterako dira guztira 10.000 kilometro inguru. Japonia iparraldeko irla horretan bizi dira ainu etniako kide gehienak. Baina marra zuzen batek ez, dantza eta musika obra batek lotu ditu orain euskal kultura eta ainuena. Urriaren 21ean estreinatuko dute Donostian Hybrid, Rhythm & Dance ikuskizuna, joan den martxoan Tokion egin bezala. Motoko Hirayama dantzari eta koreografoaren aginduetara, bat egingo dute Oreka Tx taldeak, Hirayamaren konpainiako dantzariek eta Emi Toko abeslari ainuak. Donostia Kulturak eta Donostia 2016k antolatu dute saioa.

Hokkaidon eta Euskal Herrian, bietan egon zen Motoko Hirayama, bateko eta besteko kultur adierazpideak ezagutzeko, eta otu zitzaion biak obra bakarrean uztartzea. Orain bi urteko uztailaren 6an iritsi zen Iruñera, sanfermin bete-betean, eta han zen Oreka Tx taldearengana jo zuenzuzenean, Harkaitz Martinez de San Vicente kideak atzo gogoratu zuenez. Hamar egun eman zituzten batera hasieran, ikuskizuna prestatzen, eta ordutik aurrerakoa prozesu «zibernetikoa» izan da, Skype bitartezko entseguak barne. Obra «kontzeptu eta forma aldetik gauzatua zegoenean», Japoniara abiatu ziren Oreka Tx-koak, eta hilabete eman zuten han, «ideiak erritmora eta mugimendura eramateko».

Joan den martxoan estreinatu zuten obra Tokioko New National Theatren; «egundoko» antzokia da hori, 50 metroko sakonerako oholtza duena. Horregatik, ikuskizuna espazio mugatuagoetara «berregokitzen» ibili dira ordutik. Donostian Viktoria Eugenian emango dute lana, urriaren 21ean, 22an eta 23an, eta ostean, Bilboko Arriagara —urriak 26—, Iruñeko Gaiarrera —azaroak 1— eta Gasteizko Principalera —azaroak 4— eramango dute.

Emi Toko kantariak ainu hizkuntzan abesten du, baina onartu du, egun, nahiz eta irakatsi, oso gutxi direla hizkuntza horretan mintzo direnak. Halere, ondarearen alde egin du: «Gure kanta eta kulturak mantentzen ditugu». Azaldu duenez, kantatzea «ez da gozatzea bakarrik» ainuentzat; badu alde mistikoa ere: «Jainkoen aurrean agertzeko balio du». Hain justu, ikuspegi ezberdin horrek sortu ditu «zailtasun» handienak Martinez de San Vicenteren ustez, kontzeptualki landu ohi dutelako musika ainuek, sonoritateari begira bainoago. «Emik [Toko] planteatzen zigun abiapuntu bat: 'Basoan galduta dago orein bat, laino artean bere familiaren bila. Abiatu hortik'». Eta erronka izan bada ere, horiek izan dira Oreka Tx-ko kidearentzat «gauzarik erakargarrienak».

Lotura lanak egin ditu Hirayamak, baina ez du lankidetza hutsa egin nahi izan: «Ez nuen kolaborazio bat bakarrik nahi, zerbait berri sortzea baizik». Hibrido bat, beraz. Hortik obraren izena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.