Beti segika dituen munstroak

Zinema industriaren keriak kritikatu ditu Joe Dante zuzendariak Bilbon. Fant jaialdian izan da

Joe Dante zinema zuzendaria, ezagun egin zuen Gremlins filmeko izaki bat ondoan duela, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2018ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
«Parisen izan naiz orain dela gutxi, buruan dudan Roger Croman zinemagileari buruzko filmerako babes bila, eta badugu aurrekontua jadanik, baina benetan inoiz ez dakizu zer gertatuko den, zeren eta, nik neuk ere askotan ikusi ditut nire filmak, finantzaketa lortzeko arazoen ondorioz, azken-azken minutuan erortzen». Aurrez ere egin zituen fantasia generoko film esanguratsu batzuk, baina Gremlins filmarekin ezagutu zuen benetan arrakastaren aparra Joe Dante zinema zuzendariak (Morristown, AEB, 1946). Hiru hamarkada joan dira ordutik, baina orduz geroztik beti izan ditu atzetik segika izaki maitagarri eta aldi berean beldurgarri horiek hitzaldi, elkarrizketa eta aurkezpen guztietan. Baita Bilbora ere. Fant fantasiazko eta beldurrezko zinema jaialdiak emandako Izarra saria jaso zuen atzoko irekiera ekitaldian, eta ezagun egin zuten izakien irudiz inguratuta aritu zen lehenago kazetarien galderak erantzuten. Dantek aitortu zuenez, ordea, Gremlins-en konpainian bidaiatuta ere, oztopoz beteko bidea da zinemagintzarena. «Oso-oso zaila da film independenteak egitea».

Gremlins filmari buruz nekatu ote zen galdetu, eta errealismoa zerion erantzuna eman zuen Dantek atzo. «Zinemagile gehienek ez dute halako zorterik izan, eta haiengatik ez balitz, zail izango nukeen egin dudan bezainbeste zinema sortu ahal izatea». Ezaguna da, ordea, zinema industriari buruz duen jarrera kritikoa.

Zuzendariaren hitzetan, etekin ekonomikoak dira industriaren motor nagusia, eta 2003. urtean zuzendu zuen Looney Tunes: Back in Action filma aipatu zuen horren ilustrazio gisa. Marrazki bizidunak eta benetako aktoreak uztartzen zituen lan hark, baina, atzo aitortu zuenez, hil baino lehentxeago, Chuck Jones marrazkilari lagunak eskatu ziolako bakarrik onartu zuen proposamena, eta ez zen samurra izan. «Inork ez zuen pelikula hori egin nahi. Marketin departamentuak panpinak saldu nahi zituelako egin zen, eta han agertzen ziren pertsonaiak jadanik ez zirelako telebistan agertzen. Gustura egin nuen lan pertsonaia horiekin, baina oso zaila izan zen filma egitea, ez zuelako babesik. Ez zuten ulertzen egiten ari nintzena, eta ez zitzaizkien marrazki bizidunak gustatzen. Oso gogorra izan zen jende haren guztiaren iradokizun ergelak entzutea».

Eta buelta berriz Gremlins filmera. Izango da hirugarren zatirik? Zalantza Dantek: «Badira hamar urte hori aipatzen dabiltzala, baina oraingoz ez dute egin, eta agian ez dute sekula egingo. Gremlins filma ulertzen ez duen jende pilo bat dago proiektu horretan sartuta, eta idazle bat ba omen dabil oraintxe filma aurrera eraman nahian, baina ez dut ustehurrengo hamar urteetan filma egiteko aukera handirik dagoenik».

Gerrak sututa filmatzea

Politika ere izan zuen mintzagai. Aitortu zuenez, behin baino gehiagotan txertatu izan ditu gerraren aurkako mezuak bere lanetan. Halaxe egin zuen The Second Civil War filmean (1997), esaterako, eta berdin Masters of Horror telebista serierako sortutako Homecoming piezan ere, 2005ean. Gerratik etxera zonbi bilakaturik itzultzen ziren soldaduei buruzko beldurrezko kontakizuna da azken hori. «Oso haserre geunden Irakeko gerraren inguruan gertatzen ari zenarekin,AEBetako hedabideek ez zutelako inolako kritikarik egiten. Sutan geunden, eta hala sortu genuen Homecoming. Ez da lan sotila; polemikoa da, garrasi bat, laguntza eskatzeko oihu bat. Benetan sututa geunden, eta telebista serie hark nahi genuena egiteko aukera uzten zigunez, baldin eta merke egiten bagenuen, ba, egin, egin genuen».

Dantek ez du ezer egungo zinemagintzan eta telebistan indarrean dagoen 80ko hamarkadan egindako beldurrezko filmen zaletasunaren aurka. «Beti dago ongi aurreko belaunaldiek zer egin zuten jakitea». 2010ean, esate baterako, hiru dimentsiora egokitu zuten berak 1978an sortutako Piranhas filma, eta kexarik ez berak halakoengatik. «Guk geuk ere 50eko hamarkadari begiratzen genion 80ko hamarkadan filmak egiten genituenean, eta egungo belaunaldiek 80ko hamarkadari begiratzen diote». Hori bai, nahiago luke egungo gazteek omenaldi modura sortutako filmez gainera jatorrizko pelikuletara iristeko aukera ere izango balute.

Bilbon azaldu zuenez, zuzendariak ez du alde handirik ikusten telebista egitearen eta zinema egitearen artean, pantailek eta soinu kalitateak hobera egin dutelako, eta, beraz, igualtsu zaio bata ala beste sorkuntzarako. Ikusle denean, ordea, nahiago du zinema. Publikoagatik. Barregarri diren pasarteak barregarriago egiten zaizkio jendez inguratuta. «Pelikulak publikoarekin ikustearen esperientziaren falta sumatzen dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.